EH Bilduk ez du babestuko energia berriztagarrien plana bere hartan

Esan du «inkoherentziaz» beteta dagoela, Jaurlaritzak berak egokitasun gutxiko eremutzat jotako tokietan kokatzen dituelako parke eolikoak

Elgea-Urkillako parke eolikoa. DAVID DE LA IGLESIA VILLAR.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Lurralde Plan Sektoriala (LPS) ezagutarazi eta biharamunean erantzun du EH Bilduk. Ez du bere hartan babestuko, «inkoherentziaz, kontraesanez eta arbitrariotasunez» beteta dagoelako, eta «gaur egun dagoen anabasa areagotzeko arriskua» dakarrelako. Puntuz puntu azaldu ditu Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren LPSan desegoki ikusten dituenak.

Batetik, Jaurlaritzaren LPSak proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak tamainaren arabera sailkatzen ditu, baina eskala handikoak bakarrik zehazten ditu, tamaina txikia edo ertaina dutenen garapena beste plan batzuen menpe utzita. Oteroren arabera, horrek dakar egun tramitatzen ari diren hamasei parke eolikoetatik zazpi LPS horretatik kanpo geratzea, «Jaurlaritzak uko egiten diolako lurraldearen antolamenduaren aldetik izan beharko lukeen funtzioa betetzeari».

Bestetik, «ulergaitza» egiten zaio LPSan Jaurlaritzak berak ahalmen edo egokitasun txikikotzat jotzen dituen eremuetan parke eolikoak kokatzea.

Tamainari buruzko sailkapenari dagokionez ere, kontraesanak antzeman ditu. «Hiru megawatteko proiektu fotovoltaiko bat eskala handikoa da Bizkaian eta Gipuzkoan, baina tamaina bera duen beste proiektu bat eskala txikikoa da Araban». Neurketa horren ondorioz, parke fotovoltaiko ia guztiak Araban kokatzen ditu Jaurlaritzak, eta, Oteroren ustez, «desoreka hori ez da bidezkoa».

Oterok egokitzat jo du nekazaritza balio handiko lurretan halako proiektuak ezin egin ahal izatea eta «instalaziorik gabeko eremu» izendatzea, baina hor ere kontraesan bat topatu du LPSan: «Instalaziorik gabeko eremutzat jotzen ditu, baina, aldi berean, Jaurlaritza bera ari da hiru proiektu fotovoltaiko (Vitoria Solar 1 eta 2 eta Ekienea) sustatzen lur horietan».

Horiek horrela, «oso zaila» izango da legealdia amaitu aurretik LPSa onartzea, «gobernua ez delako horretarako beharko liratekeen epeak betetzen ari, eta hori sekulako porrota izango litzateke harentzat».

Jaurlaritzak LPSaren hasierako onarpena eman zuen asteazkenean, eta, beraz, martxan da alegazioak jartzeko epea. 45 egun baliodun dituzte herritarrek eta udalek. Helburua da 2030erako energiaren %21 berriztagarrien bidez lortzea; egun %10 lortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.