Ustelkeria

EH Bilduk ETSren lizitazioetako irregulartasunez galdetuko dio Arriola sailburuari

Koalizioaren arabera, Euskal Trenbide Sareak egindako lehiaketa publiko bateko baldintza agirietan hura irabazi zuen enpresaren izena ageri da. 

Iñaki Arriola, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
2023ko urtarrilaren 4a
13:00
Entzun

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronak Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuari galdetu dio ea nola den posible lehiaketa publikoa irabazi zuen enpresaren izena agertzea ETS Euskal Trenbide Sareko Lebarioko tailerren bikaintasun operatiborako plana kontratatzeko baldintza agirien metadatuetan. Are gehiago, galdetuko dio ea nola litekeen berriz halako zerbait gertatzea legealdi eta sail berean.

Naiz-ek argitaratutakoaren arabera, ETSk 2021eko maiatzean eman zuen Lebarioko tailerren inguruko planaren berri, eta hura gauzatzeko baldintza teknikoen orriak Sisteplant izena du. Hura da gerora kontratu publikoa 31.500 euroren truke eskuratu zuen enpresaren izena.

Ez da EH Bilduk halako zerbait salatzen duen lehen aldia. Iazko uztailean, koalizio subiranistak salatu zuen ETSren beste lizitazio publiko batean ere iruzurra egon zitekeela. Estarronak eta Unai Fernandez de Betoño koaliziokideak azaldu zuten Sener enpresarentzat berariaz diseinatua egon zitekeela ETSk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako trenbide sarearen azterlana idazten laguntzeko enpresa horri iazko maiatzean adjudikatu zion kontratua. Izan ere, lehiaketako metadatuetan, baldintza teknikoen inguruko agiriak Contrato Sener (Sener kontratua) izena zuen; enpresa hark eskuratu zuen kontratua, 1,5 milioi euroko aurrekontukoa. Gainera, dokumentuaren metadatuetan egile gisa agertzen zen pertsonaren inizialak bat zetozen enpresa horretako langile baten izenarekin, EH Bilduren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.