Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldi bat egin zuten atzo ETS Euskal Trenbide Sarearen lizitazio publiko batean ustez gertatutako iruzur bat salatzeko. Azaldu zutenez, ETSk maiatzean Sener enpresari Araba, Bizkai eta Gipuzkoako trenbide sarearen azterlana idazten laguntzeko esleitu zion kontratua enpresa horretarako berariaz diseinatua egon zitekeen.
Otsailaren 2an, Jaurlaritzaren erakunde publikoak lizitazio publikora atera zuen EAEko Trenbide Sarearen Azterlana idazteko laguntza zerbitzuaren kontratazioa, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, BEZa barne. EH Bilduko legebiltzarkideek jakinarazi dute lizitazio horren baldintza teknikoen pleguaren izenburua «Contrato Sener» zela (Sener kontratua), eta baita dokumentuaren metadatuetan egile gisa agertzen zen pertsonaren inizialak enpresa horretako langile baten izenarekin bat zetozela ere. «Zantzu guztien arabera, lizitazioaren baldintza teknikoen plegua ez du Euskal Trenbide Sareak egiten, Sener enpresak baizik», adierazi du Fernandez de Betoñok. BERRIAk egiaztatu du pleguaren metadatuetan Sener enpresaren izena eta «ammayay» ustezko inizialak ageri direla .
EH Bilduko kideek azaldu dute dokumentuaren izenburua eta egiletza horiek notariotza batean akreditatu zituztela, eta ETSk lizitazioa Sener enpresa kontratatzeko ad hoc diseinatua izan zezakeela ohartarazi dute. Hori horrela izanez gero, erakunde publikoarena esleipen irregular bat izango litzateke, eta lehiaketa publiko guztietan bermatu behar diren printzipioak urratuko lituzke: berdintasunaren, gardentasunaren eta lehia askearen printzipioak.
Fernandez de Betoñoren iritziz, «baldintza teknikoen pleguaren PDFaren metadatuen arabera, kontratua Senerrekin aldez aurretik hitzartuta zegoelako susmoa argia da», eta horrek kontratazio prozesuan «lehia oztopatzeko, murrizteko edota faltsutzeko» helburua izango lukeela gaineratu du legebiltzarkideak.
Behin lizitazioa irekita, martxoaren 4an eskaintzak aurkezteko epea amaitu zen, eta sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora; besteak beste, Sener. Eskaintzak aztertu zirenean, irizpide objektiboak kontuan hartuta, lau enpresak Senerrek baino puntuazio hobea lortu zutela jakinarazi du Fernandez de Betoñok, baina irizpide subjektiboak aplikatuta, ETSk 1,2 milioi euroan (BEZ barne) Sener kontratatzea erabaki zuela azaldu du. Bi aldeek ekainaren 18an formalizatu zuten kontratua.
Iruzurra ala akatsa?
Estarrona legebiltzarkideak adierazi du kasua «oso larria» dela, bere ustez «frogatuko lukeelako enpresa batzuek harreman pribilegiatuak dituztela, kasu honetan Jaurlaritzarekin, eta hark horren arabera kontratatzen dituela enpresa batzuk ala besteak». Alde horretatik, lehiaketa publikoak «formalismo eta itxurakeria hutsa» izango liratekeela nabarmendu du.
Horregatik, Estarronak esan du Iñaki Arriola Garraio sailburuak azalpenak eman behar dituela «derrigorrez», eta EH Bilduk, haren agerraldia eskatu, eta galdera sorta bat aurkeztu du dagoeneko, sailburuak «dagozkion argibideak eman ditzan». Gerora, jasotako azalpenen arabera, urrats gehiago egitea beharrezkoa den erabakiko duela azaldu du alderdiak.
EH Bilduk azaleratutako informazioari erantzunez, ETSk adierazi du gertatutakoa «barruko akats propioa» izan dela, baldintza teknikoen agiria idazteko orduan «dokumentu zahar bat» erabili zela argudiatuz. Halaber, gaineratu du dokumentuaren egilearen lekuan ageri diren inizialak ETSko langile batenak direla, eta ez Senerren lan egiten duen norbaitenak. Hala, iruzurraren susmoak «ondorio interesatuak ateratzeko» erabili izana leporatu dio erakunde publikoak EH Bilduri, eta jakinarazi du ETSko Sistemen Zuzendaritza gertatutakoa argituko duen azalpen tekniko bat prestatzen ari dela.
EH Bilduk ETSren lizitazio bateko ustezko iruzurra plazaratu du
Lehiaketa publikoaren pleguetako batek Sener enpresaren izena zeraman, zeinak 1,2 miloi euroan lortu zuen esleipena aurrerago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu