EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak ez dute parte hartuko Espainiako errege-erreginen harreran

Iruñeko Udalak Felipe Borboikoa eta Letizia Ortiz gonbidatu ditu hiriburura, Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren aitzakiarekin

EH Bilduko eta Aranzadiko udal ordezkariak, 2015eko Batasunaren Pribilegioaren desfilean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko irailaren 7a
13:45
Entzun

Ez dute horren parte izan nahi. EH Bildu eta Zurekin Nafarroa koalizioen ordezkaririk ez da izanen bihar, Iruñeko Udalak Espainiako errege-erreginei eginen dien harrera ekitaldian. Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak (UPN) gonbidatu ditu borboiak, Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrenaren aitzakiarekin. EH Bilduk salatu du urteurrenaren egitarau ofiziala «goitik behera desegin duela» alkateak, «Felipe VI.arekin argazki bat ateratzeko». Zurekin Nafarroak argudiatu du ez duela «monarkia legitimatu nahi».

Batasunaren Pribilegioa —Iruñeko hiru burguak elkartu eta hiri bakarra osatu izana ospatzen da— «herritar guztientzako festa» izan behar lukeela nabarmendu du EH Bilduk, eta ez «agintarientzako» ekitaldi bat: «Ospakizun honen protagonismoa iruindarrei dagokie, ez Espainiako errege-erreginei, ezta Ibarrola alkateari ere, erakusten ari baita ez duela hiri osoa ordezkatzen, gutxiengo bat baizik»; hala diote oharrean.

Koalizio independentistak adierazi du monarkia hispanikoak ez dituela ordezkatzen «bere burua errepublikazaletzat eta, neurri handi batean, subiranistatzat jotzen duen Iruñeko herritarren gehiengoa». «Ez gaitu gu ordezkatzen, noski, errepublikanoak ez ezik, independentistak ere bagarelako», gaineratu dute.

Are: Cristina Ibarrolaren jokabidea kritikatu dute, Batasunaren Pribilegioaren egitarauarekin «malabar instituzionalak» egiteagatik, Borboi etxea Iruñera ekarri ahal izateko: «Egitarau ofiziala desegin du, Felipe VI.arekin argazkia atera ahal izateko». Iruñeko Zapia sariaren banaketa, adibidez, larunbatean eginen dute, festaren biharamunean. «Amorragarria da alkateak egitaraua desegin izana, Felipe VI.arekin argazkia egin ahal izateko. Iruñeko Zapia emateko ekitaldia, adibidez, bigarren maila batean utzi dute, hiriaren sustapen eta ordezkaritza lana aitortzen duen saria izan arren».

Hala ere, EH Bilduk argitu du parte hartuko duela arratsaldeko desfilean, Pribilegioaren sinadura ekitaldian eta Iruñeko Erraldoien konpartsak, Duguna dantza taldeak eta La Pamplonesa bandak eskainiko dituzten emanaldietan.

Zurekin: «Erdi Aroko ekitaldi protokolarioa»

Zurekin Nafarroa koalizioak ere uko egin dio Borboi errege-erreginen harreran parte hartzeari. Koalizioko bozeramaile Guzman Garmendiak aukera baliatu du Espainiako III. Errepublika aldarrikatzeko: «Monarkia erakunde antidemokratikoa, anakronikoa eta patriarkala da; eta horren aurrean, Zurekin Nafarroak aldarrikatzen du prozesu konstituziogile bat, gure herria demokratizatzeko». Guzmanek gehitu du koalizioko ordezkariek ez dutela asmorik beren presentziarekin «monarkia legitimatzeko».

Espainiako errege-erreginen bisitaren ondorioz, gainerako ekitaldi guztiak atzeratu edo mugitu izana ere kritikatu du ezkerreko koalizioko bozeramaileak. «Zentzugabekeria guztietan handiena da Felipe [Borboikoa] eta Letizia [Ortiz] Iruñera etortzeagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala bertan behera gelditu izana. Nafarroa akademikoa azpiratu eta baldintzatu dute, Erdi Aroko kutsua duen ekitaldi protokolozko batengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.