Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

EH Bilduk eta ERCk akordioa sinatu dute Genevan

Erredakzioa
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetan elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute EH Bilduk eta ERCk, Genevan (Suitza). Zehazki, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusia bildu dira hitzarmena sinatzeko. Akordioaren berri martxoaren 25ean eman zuten arren, atzo sinatu zuten bi alderdietako kideek, Suitzako hirian. Izan ere, han dago erbesteratuta Rovira, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako auzia dela eta. ERCko bigarrena da Rovira, baina, alderdiko burua, Oriol Junqueras, espetxean da gaur egun.

Hitzarmena sinatzera Genevaraino joan behar izateak frogatzen du «salbuespen egoera» dela hau; hala adierazi du Otegik, eta ohartarazi du «autoritarismoa zabaltzen» ari dela, ez bakarrik Europan, baita Espainian ere.«Guk uste dugu benetan balio duten taulak biderkatzekoak eta gehitzekoak direla, eta ez zatiketenak. Horregatik gai izan gara beharrezko konplizitatea sortzeko, bidean elkarrekin aurrera egiteko».

Bi indarrak elkarlanean arituko dira Espainiako Gorteetan, haien eragina «biderkatzeko» helburuarekin. Haien xede nagusiak dira Euskal Herriarentzako eta Kataluniarentzako autodeterminazio eskubidea onarraraztea, preso politikoak askatzea eta desadostasunak amaitu eta botere ekonomikoaren indarrari galga jarriko dion aldaketa bat bultzatzea.

Hain justu, Otegi eta Roviraz gain, Genevan izan dira EH Bilduko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaiak, Bel Pozueta, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta eta ERCko Marta Vilalta bozeramailea eta Joan Tarda orain arte Kongresuko diputatu lanetan aritu dena.

Orain Errepublikak

Datorren igandeko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara Orain Errepublikak izenaren pean joango dira bi alderdiak, baina, Europako Parlamentuko hauteskundeetarako ere egin dute akordioa. Datorren maiatzaren 26an izango dira bozak —udal eta foru hauteskundeen egun berean—, baina, kasu horretan, ERCrekin eta EH Bildurekin ez ezik, alderdi gehiagorekin ere lortu dute elkarlanerako akordioa. Besteak beste, Galiziako BNGk ere bat egin du Orain Errepublikak proiektu politikoarekin. Oriol Junqueras da hautagaitza horretako zerrendaburu, eta Pernando Barrena bigarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.