Eusko Jaurlaritzako lehendakaria aukeratu aurretik, Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak eta EAJren lehendakarigaiak beren hitzaldiak egin dituzte Eusko Legebiltzarrean. Urkulluk adierazi du gobernu akordio «sendoa» lortu duela PSE-EErekin, eta datozen legealdirako asmo nagusiak azaldu ditu; enplegua eta ekonomia suspertzea, batez ere. Iriartek, berriz, «pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio feminista eta ekologista» aldarrikatu du, eta esan du EH Bilduk politika egiteko beste modu bat erakutsi duela. Bi proiektuen arteko talka agerian geratu da alderdietako ordezkariek ondoren egin dituzten adierazpenetan.
Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du EH Bilduk erabaki duela «oposizio integrala» egitea gobernuari, eta ez «eraikitzailea». Parlamentuan zeuden kazetariei adierazi die Iriartek hauteskunde programa aurkeztu duela goizeko hitzaldian, gobernu programaren beharrean. Lankidetzarako espaziorik ez bilatu izana egotzi dio koalizio independentistari, eta ohartarazi du EH Bilduk inbestidurara bere hautagaia beste babesik gabe aurkeztu izanak «baldintzatu lezakeela» taldea ondoren.
«Kontinuismoa, betikoa, irtenbide zaharrak arazo berriei, lehentasun zaharkituak». Hori ikusi du Urkulluren hitzaldian Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak. EAJ eta PSE-EEri leporatu die «prekarietatea» eragin duen eredu batekin jarraitu nahi dutela, eta jarduneko lehendakariaren lankidetzarako deiari ez du «sinesgarritzat» jo. Kritikatu du Urkulluk «beste guztiak alde batera utzita» gobernatu izan duela, «baita haren gobernukideak ere». Horren aurrean, uste du «bi eredu» daudela «politika egiteko eta herritarren beharrei erantzuteko».
PSE-EEko Eneko Anduezak ere uste du agerian geratu dela bi proiektu daudela aurrez aurre. Bestelako iritzi bat du haien gainean, baina: «Bata proiektu sendo eta sinesgarri bat da, eta bestea, oposizioko buru izan nahi duen hautagai baten proiektua», esan du.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari, ordea, «autokonplazientziazkoa eta kontinuista» iruditu zaio Urkulluren hitzaldia. «Elkarrekin Podemosek ez du hori babesten», adierazi du. Haren alderdia abstenitu egingo da arratsaldeko bozketan. Iriarteri «oso proposamen interesgarriak» entzun dizkion arren, ez du uste aurrera egiterik dutenik. Kanpainako mezua errepikatu du: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk bat egitea.
PP eta Ciudadanosen taldeko bozeramaile Carmelo Barriok gogor kritikatu du Urkulluk esandakoa, ez duelako autokritikarik egin. Aurreko legealdiak «huts egin» duela uste du Barriok, Zaldibarko zabortegiaren auzian, hezkuntzan eta ustelkerian, besteak beste; «baina badirudi diskurtsoak berdin balio diola». Salatu du autogobernua «obsesio bat» dela EAJ eta EH Bildurentzat.