Hautsak harrotu ditu Kataluniako eta Euskal Herriko independentistei egindako espioitzak. Atzo, gertatutakoa argitzeko ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu zuten EAJk, EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, JxCk, PDeCATek, CUPek, Mas Paisek, BNGk eta Compromisek Espainiako Kongresuan, eta gaur jarraipena izan du auziak: Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea Pegasus sistemaren bidez zelatatutako indar politikoekin bildu da, Madrilen: EH Bildurekin, ERCrekin, JxCatekin, PDeCATekin eta CUPekin egin du bilera. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak eta Gorka Elejabarrietak parte hartu dute. Gainera, EAJko Aitor Estebanekin telefonoz hitz egitekoa da Aragones, eta Unidas Podemosekin ere elkartuko da.
Aizpuruak adierazpenak egin ditu bilera amaitutakoan. Ikerketa batzordea sortzea «nahitaezkoa» dela berretsi du, baita «beste neurri batzuk» hartzea ere, «oso larria» baita gertatutakoa. Eta Espainiako Gobernuari zuzendu zaio: «Gobernuak ezin du albo batera begiratu». Halaber, haren erabakiek ondorioak izan ditzaketela ohartarazi dio: «Gobernuak ikusi behar du bere erabakiek eta gertatzen ari dena benetakotzat ez hartzeak ondorioak edukiko dituela. Espero dezagun egun batzuen buruan jarrera aldatzea, hau Europan onartezina delako». Europari ikertzeko borondate handiagoa ikusten dio, Madrili baino: «Europan atzo ikerketa batzorde bat ireki zen, eta ulergaitza da hemen horrelako batzorde bat ez egitea». Aizpuruak orain arte Espainiako Gobernua izaten ari diren jarrera kritikatu du, iruditzen baitzaio gertatutakoa «gutxiesten» ari direla.
Pere Aragonesi, berriz, bestelako joera ikusi dio, «laguntzeko» prest dagoela. Horrenbestez, bilerak emaitzak eman dituela nabarmendu du, «elkartasuna eta batera egiteko asmoa» adostu dutela. Iragarri du batasun horren barruan egitasmoak aurrera aterako dituztela, baina zer egingo duten zehaztu gabe.
Alderdian kasurik izan ez badute ere, Aragonesek eta EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek ere hitz egin dute, telefonoz. Gertatutakoaren karietara, «erabat arduratuta» agertu da Esteban. Zelatatzea edozein kasutan begitantzen zaio larria, baina ordezkari politikoak izaki, are nabarmenagoa dela gobernu sistemaren beraren «kalitate demokratikoaren maila». Haren esanetan, inor ez dago espioitza jasatetik salbu: «Inork ez daki ziur —eta nik ere ez— inteligentzia zerbitzuek ez dutela espiatzen». Horrenbestez, nabarmendu du babestu egingo dituztela gertatutakoa argitzeko egitasmoak nahiz berriro horrelakorik ez gertatzeko arauen hobekuntzak.
Eta auziak gero eta garrantzi handiagoa dauka: atzo Espainiako Kongresuan eskatu zuten ikerketa batzorde bat eratzeko; gaur, Espainiako Senatuan. Hain zuzen, EH Bilduko, ERCko eta JxCateko 21 senatariek ikerketa batzorde bat sortzea galdegin dute, gertatu denaren nondik norakoak argitze aldera. Estatuaren erakundeen parte hartzerik egon den aztertu nahi dute; zehazki, gainbegiratu nahi dute Defentsa, Justizia eta Barne ministerioek eta presidenteordetzak «ardura eta baliabideen erabilera okerra» egin ote duten, Atzerri Ministerioaren «ustezko legez kanpoko» jardueren berri izan, eta Pegasusen edo espioitzarako erabilitako bestelako tresnen kontratuak eskuratu. Senatuaren arauen arabera, gutxienez 25 senatari behar dira gisa horretako batzorde bat sustatzeko.
Koalizio gobernuan eragina
Gaur-gaurkoz, espioitza nork egin duen ez dago argituta, susmoak badauden arren. Izan ere, Pegasus sistemaren bidez espiatu zituzten Kataluniako 63 politikari eta eragile independentista, baita EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu ere. Pegasus estatuetako gobernuek eta segurtasun indarrek soilik eskuratu dezakete. Gainera, ikerketaren egileek ere iradoki dute balitekeela espioitzaren atzean «Espainiako autoritateak» egotea. Azterketaren arabera, espioitzak 2017tik 2020ra gertatu ziren; alegia, baita PSOE eta Unidas Podemos Espainiako Gobernuan zeudela ere.
Koalizioaren barnean kritikak eta azalpen eskeak egiten ari dira. Esaterako, Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatuak «erantzukizunak argitzeko» ikerketa bat eskatu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Espainiako Gobernuak eman duen esplikazioak ez baitzaizkio nahikoa iruditu: «Ikerketa batzorde bat ireki behar da, azkeneraino ikertu dezan zer gertatu den». Eta ikertutakoan ardura politikoak daudela ondorioztatzen bada, nabarmendu du «zalantzarik gabe hain ekintza larriaren ondorio politikoak» ordaindu beharko dituztela. Izan ere, diputatuaren irudiko, horrelakorik ezin da onartu «estatu demokratiko batean»: «Estatu demokratiko batean, ezin da normaltasunez onartu politikariak espiatzea, horiek kolore edo alderdi batekoak edo bestekoak izanda ere».
Lopez de Uraldek espero du gai honek ez eragitea koalizio gobernuari. PSOEk «buelta bat» ematea eta ikertu behar dela onartzea nahi du, «bazkideen arteko normaltasuna berreskura dadin». Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramailea ere koalizio gobernuaren egonkortasunaz aritu da. Eskatu du egonkortasunari dagokionez «arinkeriaz ez jokatzeko»: «Komeni da arinkeriaz ez jokatzea gure estatuaren eta gobernuaren egonkortasunarekin, gure helburua lasaitasuna eta espainiarren bizitzari lasaitasuna ematea baino ez baita». Halaber, erantsi du Espainiako Gobernuak ez daukala zerikusirik espioitzarekin eta ez daukatela ezkutatzeko ezer.