EH Bilduk esan du aurrekontuetan «aro aldaketa» islatu behar dela

Eskatu du inbertsio publikoak luzaz iraun dezala eta sendoa izan dadila, eta adierazi zaintza publiko komunitarioak «jauzi kualitatiboa» behar duela udaletan.

Unai Urruzuno eta Onintze Oleaga agerraldian. EH BILDU
2023ko urriaren 26a
14:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzarako aurrekontu proiektua aurkeztu berri du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, eta gainerako erakundeek ere ariketa hori egin behar duten abagunean EH Bilduk marko bat aurkeztu du aurrekontuen negoziazioetarako. Unai Urruzuno politika instituzionaleko idazkariak eta Onintze Oleaga udal politikako idazkariak eman dituzte azalpenak, Donostian. Urruzunok gogoratu du diru bilketa handitzeak eman duela modua Eusko Jaurlaritzan ezagutzen den aurrekonturik handiena osatzeko. Baina inflazioa ere aipatu beharrekotzat jo zuen. «Salbuespen» egoera hori aprobetxatu beharra dagoela esan zuen. Aro aldaketa bat islatuko duten eta inbertsio publikoa sustatuko duten aurrekontu proiektuak defendatuko dituzte, bultzada politikoz, irautea xede izango dutenak «egoera soziodemografiko berri baterako eta erronka sozial berrietarako trantsizioari ekiteko».

Eusko Jaurlaritzarako, Nafarroa Parlamenturako eta Espainiako Gobernurako aurrekontuak jorratzeko orduan «ongizatea» sustatuko duten inbertsioak lehenetsiko dituzte, osasunean eta hezkuntzan indar eginez. Bizitzaren garestitzearekin lotuta, alokairu babesturako diru sailak sustatuko dituzte, eta udalentzako finantzaketa lerroak ere bai. Lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 eurokoa izatea eta soldatak KPIren arabera eguneratzea ere bultzatuko dute.

Urruzunok kezka agertu du industria pisua galtzen ari delako. «Joera hori iraultzeko politikak behar ditugu». Adierazi du finantzen euskal institutuak ehun industrialari «hemen eusteko azterketa egin eta hemengoa bultzatu» beharko lukeela, eragileekin elkarlanean.

Oleagak gogora ekarri du gero eta udal ordezkaritza zabalagoa duela EH Bilduk. «Udal politika ulertzen dugu jendearen bizitzak hobetzeko eta egungo erronka garaikideei aurre egiteko». Hiru ardatzetan egingo dute indarra: zaintza publiko komunitarioak jauzi kualitatibo bat egin dezan lan egingo dute udaletako aurrekontuen negoziazioetan; berdintasun soziala sustatuko dute, eta klima larrialdiari aurre egiteko aitzindaritza hartuta energia berriztagarriei bultzada emango diete; eta etxebizitzetarako sarbidea errazteko udal politikak garatzeko aurrekontuak jorratuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.