Hauteskundeak

EH Bilduk dio posta bidezko botoak «inoiz baino garrantzitsuagoak» direla

Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburu Iñaki Ruiz de Pinedok esan du «subiranotasunaren aldeko boto guztiak» zenbatu beharko direla. EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Marinel Vaquerok, berriz, agindu du bere alderdiak «herritarren interesak erabakimenez» defendatu dituela.

Ruiz de Pinedo hautagaia, EH Bilduko beste kide batzuekin batera gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko ekainaren 26a
12:45
Entzun

Uztailaren 23ko hauteskundeei begira posta bidezko botoak garrantzi handia izango duela azpimarratu du EH Bilduk. Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburu Iñaki Ruiz de Pinedok gogoratu duenez, «garrantzitsua da boto subiranista eta ezkertiar guztiak hauteskunde gauean zenbatzea», eta, horregatik, azpimarratu du ezin dela bidean geratu «boto bakar bat ere».

Ruiz de Pinedok helarazi du, hain zuzen, maiatzaren 28an EH Bilduk «aurrerapauso handia» eman zuela herritarrek ezkerreko koalizio subiranistan jarritako «konfiantzari esker», eta uztailaren 23an «beste jauzi bat emateko aukera» duela EH Bilduk, «udal eta foru hauteskundeetan hasitako ziklo politikoaren aldaketa sendotzeko».

Hala, Ruiz de Pinedok adierazi du koalizio subiranista «zenbat eta indartsuagoa izan» Madrilen, «orduan eta sakonagoak» izango direla euskal gizarteak behar dituen aldaketak. Erantsi du azken lau urteetan EH Bildu Madrilen egoteak «eskubide sozialetan aurrera egitea» ahalbidetu duela. Uztaileko hauteskundeei begira, EH Bilduk informazioguneak jarri ditu bere egoitzetan, eta lau telefono ere jarri ditu posta bidezko botoaren inguruko zalantzak argitzeko.

EAJren «marra gorria»

EAJko Gipuzkoako zerrendaburu Marinel Vaquerok, berriz, gaur esan du EAJk «Euskadi Madrilen kokatu» duela eta kongresukide jeltzaleek euskal herritarren interesak erabakimenez» defendatu dituztela, «ahots propioarekin, menpekotasunik gabe eta motxilarik gabe».

Vaquerok nabarmendu du uztailaren 23ko bozak «ezberdinak» izango direla, eta, alde horretatik, hau gaineratu du: «hiritarrek jakin behar dute» hauteskunde horiak ez direla presidentetza hauteskundeak izango, «baizik eta beren ahotsa Madrilera eramango dutenak aukeratzeko». Aurreratu du aldagai hori behin eta berriro azpimarratu duela EAJk bere kanpainan, «berriz ere herritarren konfiantza irabaztera begira».

Horrez gain, Vaquerok oso argi esan du bere alderdiak «marra gorri bat» duela: «Vox». «Ez dugu inboluzio demokratikorik onartuko», azaldu du: «Gure DNAn daramagun zerbait da hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.