EH Bilduk dio Madrilek espioitzarekin duen jarrerak eragina izango duela

Kataluniako Generalitateko presidentea espiatu dituzten indar politikoetako ordezkariekin elkartu da, eta EAJrekin hitz egin du telefonoz. Gertatutakoa ikertu beharra dagoela nabarmendu dute

Pere Aragones eta espioitza jasan duten indar politikoetako ordezkariak bilduta, atzo, Madrilen. J.J.GUILLEN / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Kataluniako eta Euskal Herriko independentistei egindako espioitzak. Atzo, mahai bueltan bildu ziren Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta Pegasus sistemaren bidez zelatatutako indar politikoetako ordezkariak: EH Bildukoak, ERCkoak, JxCkoak, PDeCATekoak eta CUPekoak. Gainera, EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanekin ere hitz egin zuen Aragonesek, telefonoz, baita Unidas Podemosekin ere. EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpurua Espainiako Gobernuari zuzendu zitzaion. Albo batera ez begiratzeko eskatzearekin batera, ohartarazi zion haren ekintzek ondorioak izango dituztela: «Gobernuak ikusi behar du bere erabakiek eta gertatzen ari dena —oso larria baita— benetakotzat hartu nahi ez izateak ondorioak edukiko dituela. Espero dezagun egun batzuen buruan jarrera aldatzea, hau Europan onartezina delako».

Astelehenean publiko egindako espioitza kasuak sona izaten ari dira aste osoan. Herenegun, EAJk, EH Bilduk, Unidas Podemosek, ERCk, JxCk, PDeCATek, CUPek, Mas Paisek, BNGk eta Compromisek gertatutakoa argitzeko ikerketa batzorde bat sor dadila eskatu zuten Espainiako Kongresuan, eta eskaera horren ostean etorri dira elkarrizketak. Aizpuruak berretsi du ikerketa batzordea sortzea «nahitaezkoa» dela. Europari ikertzeko borondate gehiago ikusten dio Madrili baino: «Europan ikerketa batzordea ireki zen, eta ulergaitza da hemen horrelako batzorde bat ez egitea».

Aragones, berriz, laguntzeko prest ikusten du. Hori horrela, nabarmendu du bilerak fruituak eman dituela, «elkartasuna eta batera egiteko asmoa» adostu dutela. Iragarri du batasun horren barruan egitasmoak aurrera aterako dituztela, baina zer egingo duten zehaztu gabe.

Alderdian kasurik izan ez badute ere, Aragonesek eta Estebanek ere hitz egin dute. Gertatutakoaren karietara, «erabat arduratuta» agertu da Esteban. Zelatatzea edozein kasutan begitantzen zaio larria, baina, ordezkari politikoak izaki, esan du are nabarmenagoa dela gobernu sistemaren beraren «kalitate demokratikoaren maila». Ziurtatu du babestu egingo dituztela gertatutakoa argitzeko egitasmoak eta berriro horrelakorik ez gertatzeko arauen hobekuntzak.

Euskal Herriko eledunen ildo bertsutik jo dute Kataluniakoek. Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzarrak ERCren, JxCren, CUPen eta En Comu Podemen adierazpen bat onartu du, espioitza salatuz eta Madrili ikertzeko eta «ardurak bere gain hartzeko» eskatuz. Aragonesek ere esan du Madrilekiko konfiantza «hutsaren hurrengoa» dela.

Eta auzia gero eta sona handiagoa edukitzen ari da: Espainiako Senatuan ere ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu zuten EH Bilduko, ERCko eta JxCko 21 senatariek, gertatutakoa argitze aldera. Gutxienez 25 senatari behar dira gisa horretako batzorde bat sustatu ahal izateko.

Europako Parlamentuak, bestalde, atzo iragarri zuen zerbitzu bat jarriko duela europarlamentarien esku sakelako telefonoetan Pegasus spywarea sartuta ote duten egiazta dezaten. Roberta Metsola Parlamentuko presidenteak eta Klaus Welle idazkari nagusiak eskatuta jarriko dute martxan zerbitzua. Bruselako eta Estrasburgoko egoitzetan eta eurodiputatu bakoitzaren bulegoetan erabili ahal izango da tresna hori.

Koalizio gobernuan eragina

Espioitza nork egin duen ez dago argituta, susmoak badauden arren. Izan ere, Pegasus sistemaren bidez espiatu zituzten Kataluniako 63 politikari eta eragile independentista, baita EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioko diputatu Jon Iñarritu ere. Pegasus estatuetako gobernuek eta segurtasun indarrek soilik eskura dezakete. Gainera, ikerketaren egileek ere iradoki dute balitekeela espioitzaren atzean «Espainiako autoritateak» egotea. Azterketaren arabera, espioitzak 2017tik 2020ra egin zituzten: alegia, baita PSOE eta Unidas Podemos Espainiako Gobernuan zeudela ere.

Hori horrela, koalizioaren barnean kritikak eta azalpen eskeak egiten ari dira. Esaterako, Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatuak «erantzukizunak argitzeko» ikerketa bat eskatu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan, gobernuaren esplikazioak ez baitzaizkio nahikoa iruditu. Eta, erantzukizunak daudela ondorioztatzen bada, nabarmendu du «zalantzarik gabe hain ekintza larriaren ondorio politikoak» ordaindu beharko dituztela. Izan ere, diputatuaren irudiko, ezin da horrelakorik onartu: «Estatu demokratiko batean, ezin da normaltasunez onartu politikariak espiatzea, horiek kolore edo alderdi batekoak edo bestekoak izanda ere».

Lopez de Uraldek espero du gai honek ez eragitea koalizio gobernuari. PSOEk «buelta bat» ematea eta ikertu behar dela onartzea nahi du, «bazkideen arteko normaltasuna berreskura dadin». Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramailea ere koalizio gobernuaren egonkortasunaz aritu da. Galdegin du «arinkeriaz ez jokatzeko», eta erantsi du Espainiako Gobernuak ez daukala zerikusirik espioitzarekin eta ez daukatela ezkutatzeko ezer.

PSOEk Kongresuan duen bozeramaile Hector Gomezek esan du egintza bereizietarako batzordea —oraindik sortu gabe dago— izan litekeela espioitza kasuok ikertzeko lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.