Bermeoko (Bizkaia) Guzan plataformako kide Xabier Ortuzarrek hartu du Bermeoko aginte makila behin-behinean, EH Bilduko alkate ohi Asier Larraurik dimisioa eman eta gero, auto istripuaren afera dela eta. Guzanek EH Bildu babestu zuen aurreko larunbateko udal osaketan, eta EAJren alkategaiaren garaipena baliogabetu zuen akordio horrek. Handik ordu batzuetara, ordea, Asier Laurrauriren dimisioa iritsi zen, eta, orain, Guzanen eskuetara igaro da aginte makila, beste inbestidura saio bat egiten den arte.
Bermeoko udal gobernuaren lehenengo lan eguna izan da gaur, eta udalaren funtzionamendurako «beharrezko pausoak» ematen hasi dira, EH Bilduk jakinarazi duenez. Koalizio abertzaleko kideek Nadia Nemeh Shomaly aukeratu dute alkategai, zerrendako bigarrena. Halaber, EH Bilduk gogorarazi du nola den bi alderdien arteko akordioa: «Herri honek behar duen aldaketari aurre egiteko proiektu bateratuen beharrizanagatik sortu zen», esan du, ohar baten bidez. Koalizioak esan du «osaketari buruz hitz egitean eta alkatetzaren alderdi ordezkatzailea nor izango den adieraztean» Guzan plataformak «baiezkoa eta babes guztia» eman ziola EH Bilduri.
Horregatik, Bermeoko EH Bilduk «irmoki» adierazi du«bi alderdiek sinatutako akordioak adierazten duena» defendatuko duela: «EH Bilduko hautagai batek izatea Bermeoko alkatetza». Koalizioko kideek uste dute «sinatutako akordioa bete» behar dela Larrauriren dimisioak eragin duen egoeraren aurrean: «Hasieratik gure konpromiso guztia adierazi izan dugulako gure herriarekiko». Halaber, eskerrak eman dizkio Asier Larrauriri «urte hauetan Bermeogatik eta ezker subiranistaren alde» egindako lanagatik.
Guzan plataformak, ordea, ez du bermatu EH Bilduko alkategai berria babestuko duela. Bermeoko «egonkortasuna eta gobernabidea bermatzeko hartu behar diren erabakiak» hartuko dituela helarazi du plataformak, baina EH Bilduko alkatearen dimisioaren ostean, aginte makila beren zerrendako kide bati dagokiola aditzera eman du asteon, eta kide hori egungo behin-behineko alkatea litzateke: Xabier Ortuzar.