Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuen negoziazioaren abiapuntuak zehaztu dituzte Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiak, EAJ gobernuko kide nagusiak eta EH Bildu oposizio nagusiak. Koalizio abertzaleak argi utzi du ez dituela Jaurlaritzaren kontuak babestuko bere horretan, «kontserbadoreak eta kontinuistak» direlako, besteak beste.
Leire Pinedo legebiltzarkideak azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak «betiko eskemari jarraitu» diola, «anbizio eta ausardiarik gabe, etorkizuna prestatzeko inolako planteamendurik gabe». Pinedok esplikatu du «aro aldaketa» batean murgilduta dagoela euskal gizartea, eta «honaino ekarri gaituzten politiketan norabide aldaketa behar dela kontuan hartu gabe» diseinatu dituela gobernuak datorren urterako aurrekontuak. EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du «etorkizuna baldintzatzeko erabakiak orain» hartu behar direla, eta «etorkizuna prestatzeko aukera hori baliatzeari uko egitea» egotzi dio Jaurlaritzari: «Ematen du gobernuari berdin diola zer gertatzen den; dela pandemia bat, dela inflazioaren igoera, aurrekontuek beti eskema bera dute».
EAJren ikuspegia
Oso bestela ikusten ditu EAJk Jaurlaritzak plazaratu dituen aurrekontuak. «Aurrekontu on batzuen aurrean gaude, unean uneko larrialdiei eta herri gisa datozen urteetan izango ditugun erronkei erantzuten dietenak». Diseinu horretan, ibilbide orri argi bat dagoela esan du Itxaso Berrojalbiz legebiltzarkideak: «Zerbitzu publikoak indartzea, jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta enplegurako aukera berriak sortzea».
Gaur, bihar eta etzi, Jaurlaritzako sailburuek agerraldia egingo dute Eusko Legebiltzarrean, datorren urterako sailen kontuak aletzeko, eta krisi aro baterako aurrekontuak negoziatzeko esparrua ireki da jadanik. Alderdi jeltzalearen ustez, aurrekontu horiek «palankarik onena dira krisi ekonomiko eta finantzarioak uzten dizkigun larrialdiei erantzuteko».
Hala, aurrekontuak babesteko «sobera daude arrazoiak», EAJren ustez, eta oposizioko taldeei dei egin die «errealismoko ariketa politiko bat egiteko». Gobernua osatzen duen alderdi nagusiak «lankidetza eta akordiorako espirituarekin» ekingo dio aurrekontuen negoziazioari, «apriorismorik gabe». «Gizarteak akordioak eskatzen dizkigu, eta gure taldea ez da a priorismoarekin abiatzen. Taldeen borondatean egongo da aukera hori aprobetxatzen jakitea eta beren ekimenak ere gauzatzen saiatzea. Modu konstruktiboan jokatzeko eskatzen dizuet, guk ahalegin guztiak egingo baititugu aurrekontu honek dagoeneko dituenak baino babes gehiago lortzeko», adierazi du Berrojalbiz legebiltzarkideak.
Azken abisu bat ere eman du jeltzaleak, gogorarazi baitu Jaurlaritzaren gehiengo osoak ziurtatzen duela proiektua izapidetzea eta, ondoren, behin betiko onartzea, abenduaren 23an.