Euskal Herriko «ziklo politikoaren aldaketa geldiezina» dela uste du EH Bilduk, eta, aurrerantzean ere hala izateko, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan indar subiranistari botoa ematera deitu du: «Ezinbestekoa da ezkerreko boto subiranista bakar bat ere ez geratzea etxean uztailaren 23an», esan du Rocio Vitero Gasteizko zerrendaburu eta Espainiako Kongresurako hautagaiak: «Herritarrei esan nahi diegu beste behin ere azala urratu arte egingo dugula beren eskubideen alde».
Joseba Asiron, Rocio Vitero eta Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak Gasteizen elkartu ziren atzo, duela hilabete EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen plaza nagusietako batean, Espainiako Gorteetako hauteskundeei begira indar subiranistaren aldeko botoa eskatzeko. Izan ere, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan udaletako lehen indarra izan zela gogoratu zuten, eta orduko emaitzak hilaren 23ko bozetara begira jarri zituzten: «Herri hau bizirik dagoela, bere herrialdean sinesten duela eta pertsonen ongizatea lehenesten duela erakusteko garaia da», nabarmendu zuen Asironek.
Iriartek jaso zuen boto gehien Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetan, baina joan den asteko inbestidura saioan Eider Mendoza izendatu zuten ahaldun nagusi. Atzo Iriartek azaldu zuenez, herritarrek bozetan adierazi zuten Gipuzkoak «lidergo berri bat» behar duela. Uste du EAJk eta PSE-EEk «herritarren ahotsari entzungor» egin diotela. Hortaz, «akats larritzat» jo du «Voxen aliatu den» PPri «gobernabidearen giltza» eman izana: «Behin ez badute entzun herritarren ahotsa, berriz eta behar den guztietan errepikatuko diegu EAJ eta PSEren eredua agortu dela».
Asironek Iruñeko alkatearen aukeraketa ekarri du gogora; beste inork gehiengo absoluturik lortu ez, eta Cristina Ibarrola UPNko hautagaia hautatu zuten alkate. Horren harira, Asironen ustez,udalean aldaketa finkatzeko, «zenbait alderdiren ausardia faltak» ezin du «errealitatea lausotu»: Iruñea «aldatzen» ari dela eta «EH Bildu buru duen mugimendu hori geldiezina» dela. «Horregatik daude hain urduri, badakitelako beste gobernatzeko modu bat posible dela bermatzen dugula, kudeaketa pertsonen bizitza hobetzeko tresna dela, ez norberaren kutxak aberasteko, eta badakitelako iristen garenean geratu egingo garela».
Uztailaren 23ko hauteskundeei begira, berriz, Asironek argudiatu du EH Bilduk «are erabakigarriagoa» izan behar duela Espainiako Estatuko erakundeetan: «Aukera dute itxaropenaren atea ixten saiatu direnei beren botoarekin esateko horrelakorik ez dutela onartzen, zuzendu egin beharko dutela eta aurrerabidearen edo erregresioaren artean aukeratu beharko dutela».
EH Bilduk dei egin du bozetan «geldiezin» egiteko «ziklo aldaketa»
Koalizioak «akats larritzat» jo du «gobernabidearen giltza» PPri ematea. EH Bildu «are erabakigarriagoa» izatea nahi du Asironek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu