EH Bilduk bide emanda, aurrekontuak aurrera atera dira Nafarroan

PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu dute, eta Navarra Sumak, kontra. Aurten baino 410 milioi euro gehiago izango ditu, eta horietatik 279 milioi Europako funtsak dira

PSNko Ramon Alzorriz eta EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, atzo. J. DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Laugarren aldiz, aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dute Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek eta Ezkerrak. Laugarren aldiz, Navarra Suma bakarrik geratu da, ezezkoan. Laugarren aldiz, EH Bilduren abstentzioak ahalbidetu du 2023ko aurrekontuak onartzea. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak alde bozkatu zuten atzo, urteko azken osoko bilkuran. Navarra Sumak, berriz, kontra bozkatu zuen, eta sozialistei iragarri zien EH Bildurekin akordioa egiteagatik hauteskundeetan zigortuak izango direla. PSNko Ramon Alzorrizek erantzun zien UPNk atzean utzi behar lukeela haiei esker agintzen zuten garaietako nostalgia, «PSNk egungo posizioari eusteko asmoa baitu».

Hilabete eta erdiko bidea egin du lege proiektuak parlamentuan. Azaroaren 4ko akordioan, EH Bilduk 15 milioi euroren balioa duten ekarpenak egin zituen, eta zehazki 10 milioi handitu zuen aurrekontuko zifra orokorra. Iragan astean, Ekonomia eta Ogasun batzordeko eztabaidan, 347 zuzenketa partzial onartu zituzten Navarra Sumak ez beste taldeek, eta beste 16 milioi gehitu zizkioten proiektuari.

Behin tramitazioa burututa, 2023ko aurrekontua 5.748,9 milioi eurokoa izango da. 510 milioi jarriko dira zorra amortizatzeko eta interes tasak ordaintzeko. Finantza gastuak kenduta, gobernuak 5.238,7 milioi izango ditu gastu eta inbertsio publikorako; hau da, aurten baino %9,3 gehiago —zehazki, 471 milioi euro gehiago—. Igoera horretan, baina, Europako funtsen lorratza handia da, 249 milioi jasoko baititu.

Eztabaida politikoa

Atzoko osoko bilkuran ez zen ustekaberik izan, eta nabaritu zen bost hilabete geratzen direla hauteskundeetarako. Navarra Sumako Maria Jesus Valdemororen ustez, diru eta zerga politiketan aldeko haize sendoa etorri zaio Europatik egungo gobernuari. Horri gaineratu dio «loteria txartel irabazlea» atera zaiola inflazioari esker zerga bilketa handitu delako. Alta, haren ustez, gobernuak «kudeaketa txarra» egin du. Haren irudiko, PSNk uko egin dio Navarra Sumak luzatutako eskuari, eta Maria Txibite«EH Bilduri eta Ferrazi lotuta» egon da: «Hasieratik izan da horrela, itxura gordetzen ahalegindu bazara ere. Urratsez urrats ibili zaretela irudikatu nahi izan duzue, baina legealdiko akordioa egin duzue».

PSNko Alzorrizen arabera, sozialistek herritarren arazoei konponbidea emateko «politika erabilgarria» egiten duten bitartean, eskuina «politika higatzeko eta suntsitzeko» dago. «Konponbideei uko egiten diete, egoerak manipulatzen dituzte, errealitateaz gezurra esaten dute, eta, okerrena, demokrazia gutxiesten dute». Ez du uste sinesgarritasuna dutenik, Navarra Sumaren harmailetan UPNren azken agintaldiko murrizketen erantzule ugari daudelako. «Boto emaile sozialistek ez diete jaramonik egingo zuen gezurrei eta irainei. EH Bildurekin gobernua hitzartu dugun leloa errepikatuz gutxiesten gaituzue, eta iraindu».

Geroa Baiko Mikel Asiainen arabera, aurreko legealdia aintzat hartuta, «zortzigarren aldiz» jarraian onartu dira aurrekontuak, eta «pozik» dago horregatik. Dena den, «orban bat» kritikatu du: Kattalingune zerbitzuan murrizketak egon direla, eta espero du Berdintasun Departamentuaren menpeko INAI berdintasunerako institutuak egoera hori berriz bideratzea. Geroa Baik kudeatutako departamentuek 411 milioi euro izango dituztela esan du, eta tartean nabarmendu du ados jarri beharko luketela Energiaren Agentzia sortzeko, administrazio publikoaren energia beharrak asetzeko.

EH Bilduko Laura Aznalek esan du horiek ez liratekeela euren aurrekontuak, baina akordioaren garrantzia nabarmendu du. «Gorabeheren, kontraesanen eta desadostasunen gainetik, balioa eman behar zaio akordioari». Aznalek nabarmendu du gogoeta sakon baten emaitza izan dela: «Gai izan gara akordiora iristeko eta eskuinaren alternatiba izango diren gehiengoak osatzeko». Dena den, gaineratu du egiturazko aldaketak egiteko aukera ez dela baliatu.

Ahal Dugu-ko Mikel Builen ustez, «neurriak ez dira nahikoa, baina bidea egiten jarraitzeko aukera ematen dute». Aurrekontu onak direla aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.