EH Bilduk bidaideak nahi ditu, prozesu konstituziogilea xede

Arraizek dioenez, EAJrekin zein Ahal Dugu-rekin itunak egiteko prest daude.«Gehiengo zabal eta askotarikoa» osa daitekeela uste dute

gotzon hermosilla
2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea gauzatu eta horren ondorioz prozesu konstituziogileari ekiteko prest dago EH Bildu. Baina, horretarako, bidaideak beharko ditu, eta, horren jakitun, ahaleginak egingo ditu akordioak lortzeko gainerako indar politikoekin. Erabakitzeko eskubidea onartzen duten alderdiak dira horretarako hautagaiak: EAJ eta Ahal Dugu. «Bietako bat edo biak», bide hori elkarrekin egiteko prest agertuz gero.

Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkide Hasier Arraizek eman du asmo horien berri Radio Euskadik egin dion elkarrizketan. Arraizek dei egin die EAJri eta Ahal Dugu-ri «Euskal Herrian abian jarri behar den prozesu konstituziogilean parte hartzera», uste baitu «gehiengo oso zabal eta askotarikoa» osa daitekeela helburu hori lortzeko.

Prozesu horri alde bakarretik ekin behar diotela uste du Arraizek. Esan duenez, EH Bildu bat dator Espainiako Estatua demokratizatu nahi duten indar politikoen helburuekin, baina pentsatzen du hori «ia ezinezkoa» dela, «Euskal Herriak Madrilera jo duen bakoitzean ate zartako batekin erantzun diotelako». «Zenbat danbateko jaso behar dituzte Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrek kontura gaitezen atearen beste aldean ez dagoela inor eta ez gaituztela hartuko?», galdetu du Arraizek.

Era berean, Arraizek «dotorezia gutxiko» iritzi die Iñigo Urkullu lehendakariak Arnaldo Otegiren iraganaren inguruan egindako aipamenei. «Ezker abertzaleak autokritika egingo du, baina ez da izango beste alderdiek euren hauteskunde interesen arabera eskatzen diotelako».

Goioaga epaitzeko eskaera

Espainiako Senatuak, berriz, berretsi du EH Bilduko senatari Iñaki Goioaga epaitzeko baimena, Auzitegi Gorenak eskatu bezala. Senatuak aurreko astean eman zion baiezkoa Gorenaren eskaerari, baina osoko bilkurak berretsi behar zuen erabakia; atzo egin zuten urrats hori.

EH Bilduko diputatu Onintza Enbeitak elkartasuna adierazi dio Goioagari, eta esan du senataria «iraganekoa beharko lukeen mendeku politika baten biktima» dela. ERC ere agertu da Goioaga epaitzeko eskaera onartzearen kontra. Haien ustez, Goioagaren jardueran ez dago delitu zantzurik, eta euskal presoekin izan dituen harreman guztiak abokatu gisa egiten duen lan arruntari dagozkio. EH Bildu eta ERCko diputatuek gogoratu dute Goioaga lehenago ere bi urtez egon zela kartzelan, eta absolbitu egin zutela, «Espainiako Estatuak inolako kalte-ordainik eman gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.