EAE-ko HEZKUNTZA LEGEA

EH Bilduk berretsi du ez duela Hezkuntza Legea onartuko egoera «zuzendu» ezean

Ikoitz Arresek nabarmendu du EAJk eta PSE-EEk «azken orduan» sartu dutela hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa, eta, Hezkuntza Sailak kontrakoa esan arren, baduela eragina.

Ikoiz Arrese, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 7a
11:17
Entzun

Hezkuntza akordioaren inguruko batasuna gero eta txikiagoa da. Hauxe erantzulea: Hezkuntza Lege proiektuan ez bezala, EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatu dituzte hari jarritako zuzenketa batean. Horren aurrean, EH Bilduk bi proposamen egin dituela azaldu zuen joan den astean Ikoitz Arrese hezkuntza idazkariak: hizkuntza ereduen zuzenketa ezabatzea nahi dute, edo «ahalik eta zehatzen» azaltzea zuzenketa horren «interpretazio zuzena» zein den testu artikulatuan. Eta nabarmendu zuen erantzunik jaso ezean ez zutela legea onartuko. Handik bi egunera, larunbatean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean esan zuen ez zuela ulertzen koalizio abertzalearen jarrera: «Zaila egiten zaigu adostasun zabal horren haustura ulertzea, zioetan egin den zuzenketa batengatik». Gaur, Arresek EH Bilduren jokaera berretsi du: egoera «zuzendu» ezean, ez dute Hezkuntza Legea babestuko.

Hain zuzen ere, Arrese gaur atera da prentsaren aurrera Bildarratzi erantzutera. Nabarmendu du hizkuntza ereduak ez direla gauza helburuak lortzeko. Gainera, deitoratu du «azken orduan» sartu dutela zuzenketa, eta orain arte ez dutela horrelakorik jaso hezkuntza akordioan eta lege proiektuan.

«Ez da ezer berririk esan, ez da inolako eduki berririk sartu», nabarmendu zuen Bildarratzek larunbatean. Ordea, Arresek kontra egin dio, eta nabarmendu du zuzenketak baduela eragina: «Zertarako sartu dute zuzenketa eraginik ez badu?». Gainera, PSE-EEren jarrera kritikatu du; Arreseren esanetan, PSE-EEk berak ere aitortzen baitu eragina duela, eta zuzenketari buruz eztabaidatzea ukatu baitiete.

Halaber, sailburuak esan zuen funtsezko gauzetan ados zeudela: «Gai nagusietan, helburuetan eta baita hizkuntza helburuetan ere erabat ados gaude». Arresek esan dio hala izango balitz ez luketela izango eragozpenik EH Bilduren proposamena onartzeko: «Baina erantzunik jaso ez duen proposamen bat egin dugu».

Horiek horrela, Arreseren irudiko, koalizio abertzaleak «bere esku egon den guztia» egin du egoera onbideratzeko eta hezkuntza akordioa betetzeko. Beraz, «oraingo egoera zuzendu ezean» ez dute legea babestuko, «hezkuntza itunarekiko konpromisoagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.