EH Bilduk bat egin du biharko Sarek Hego Euskal Herriko hiri eta herrietan deitu dituen mobilizazioekin. Koalizio subiranistak jakinarazi duenez, EH Bilduko kideek herriz herri parte hartuko dute manifestazioetan, eta goizean ere izanen dira Bilbon, Sarek Euskalduna jauregian antolatu duen mahai inguruan.
10:30ean hasiko da alde guzietako biktimek eginen duten mahai ingurua, eta haren aitzinetik adierazpenak eginen dituzte hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bada, EH Bilduk jakinarazi du Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko koalizioko bozeramaileak hartuko duela hitza. Julen Arzuaga legebiltzarkidea eta Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko parlamentaria ere ekitaldian izanen dira.