EH Bilduk II. Kongresuaren itxiera ekitaldia egin du gaur Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Militanteek Mahai Politikoak proposatutako Hegoaldeko Zuzendaritzarako zerrenda babestu zuten atzo, eta zuzendaritza hori osatzen duten pertsonak aurkeztu dituzte gaur.
EH Bilduk urtarrilean abiatu zuen bigarren kongresua. 5.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta gaur amaitu da, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzaldi batekin. «Komunitate militante bat osatzen dugu», esan du. «Ez gara ez kasta, ez klase politikoa».
EH Bilduren hamar urteen balorazio bat egiteko, Otegik esan du zenbait «haustura» eragin dituela. «Inertziak, mitoak eta aurreiritziak» hautsi dituzte, haren ustez, eta erakutsi dute «ezkerreko askotariko sentsibilitateak batzeko espazio bat» sor daitekeela.
Nabarmendu du proiektu nazional bat dutela, eta «gobernu eta estatu bokazioa» dutela. Egungo eredua «grisa, agortua eta tristea» iruditzen zaio, eta esan du koalizio subiranistak «bizitasuna, konfiantza eta optimismoa» ematen dituela.
Bestalde, salatu du «kontserbadoreek eta erreakzionarioek» askatasuna aldarrikatzen dutela, indibidualismoari lotuta egiten dutelako hori, eta «milaka langilek bizia eman zutelako» askatasunaren alde, alderdiak, sindikatuak eta antolakuntzak sortu ahal izateko.
Guk Euskal Herria ez badugu askatzen, ez badiogu ikuspegi nazionala ematen, langileei alternatibak ez badizkiegu eskaintzen...
— EH Bildu (@ehbildu) May 9, 2021
Hori egingo duenik ez dago.
Gora Euskal Herria ASKATUTA! âÂÂÂœŠ @ArnaldoOtegi | #10UrteBainoEzpic.twitter.com/LB4KY1HKDn
Gonbidatuen artean izan dira, besteak beste, LAB, ELA, CCOO, UGT, STEILAS eta Ikasle Sindikatuko ordezkariak, baita Ikastolen Elkarteko, Kontseiluko, Gure Eskuko, Udalbiltzako eta Bilgune Feministako kideak ere.
Gainera, nazioartetik hainbat agur jaso dituzte. Besteak beste, ERCko Oriol Junqueras eta Marta Rovirarena, CUPeko Albert Botranena, BNGko Ruben Celarena, Sinn Feingo Declan Kearneyrena, eta Kurdistango, Palestinako, Saharako eta Korsikako hainbat erakundetako kideena.