Jaurlaritza lurralde antolamenduaren eta udal autonomiaren aurkako «aurrekaririk gabeko eraso bat» egiteko asmotan dabilela salatu dute gaur Mikel Otero eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideek. Azaldu dutenez, eraso hori Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen bidez egin nahi dute, arlo horretan orain udalenak diren eskumenak Jaurlaritzarenak izan daitezen nahi baitute lege berriaren bidez, «hainbat proiektu udalei inposatu ahal izateko».
Arrazoi horiek direla medio, erabaki dute Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen inguruan martxan zegoen negoziazioa bukatutzat ematea. «Ez dugu tamaina horretako eraso bat babestuko lurralde planifikazioaren eta udal autonomiaren aurka, euren eremuan desegokitzat jotzen dituzten proiektuei mugak jartzeko aukera eta eskubidea ukatzen dielako udalei», azaldu dute.
Besteak beste, EAJk eta PSEk legeari egin nahi dioten 61. zuzenketa bat nabarmendu du Oterok. Horren bitartez, EAJk eta PSEk Lurralde Antolamenduren Legea aldatu nahi dute, figura berri bat sortzeko: Interes Publiko Goreneko Proiektuak. Azaldu dutenez, figura berri horren bidez Jaurlaritzak parte hartze publikoa duen eta, bere iritziz, ingurumen arloan hobekuntzak dakartzan edozein azpiegitura interes publiko goreneko proiektua dela deklaratu ahal izango du, eta hori nahikoa izango da azpiegitura horri bide emateko, lurralde eta hirigintza arloko plangintzaren aurkakoa izanda ere.
EH Bilduk adierazi du zuzenketa hori «onartezina» dela, eta EAJk eta PSEk zehaztapen hori «erretiratu edo guztiz aldatu gabe» ez dagoela «inongo aukerarik» akordio batera iristeko.
Oniritzia hainbat proiekturi
Fernandez de Betoñok zehaztu du zein izan daitezkeen Jaurlaritzak interes publiko gorenekotzat jo ahalko dituen proiektuak: «Azpiegitura handiak, hala nola parke eolikoak, eguzki parkeak eta zabortegiak, baina ekipamendu handiak ere bai, ia edozer ingurumen ikuspegi batetik nolabaiteko justifikazio bat baldin badu, nahiz eta tokiko administrazioen irizpideen aurkakoa izan».
Esaterako, bere garaian Jaurlaritzak nahikoa izango zuen SHESAren Armentia putzua interes gorenekotzat jotzea Gasteizen gas-proiektu hori aurrera eraman ahal izateko, udal planifikazioa urratu arren. Bergaran zabaltzeko asmoa daukaten hondakinen kudeaketarako lantegiari ere baimena emateko moduan izango litzateke Jaurlaritza zuzenketa hori aplikatuz gero.
EAJ eta Elkarrekin Podemos, haserre
EAJk, ordea, adierazi du legeak «ingurumenaren babes-maila handia bermatuko duen esparru juridiko berri bat » ezartzen duela, eta herritarrek erabakiak hartzeko orduan duten zeregina «indartu». Bide beretik, Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkideak salatu du EH Bilduk ez duela ingurumenaren aldeko «benetako konpromisorik» hartu nahi: «Bildu jasangarritasunaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren aitzindari gisa aurkezten da, eta gure ingurunearen babes eraginkorra bermatzen duen lege baten adostasuna errefusatzen du».
Horrez gain, Arrizabalagak gogor gaitzetsi du EH Bilduko Legebiltzarkideek bilera bertan behera utzi izana. «Presa handia zuen aretoa uzteko eta komunikabideak berehala deitzeko. Jarrera horiek ez dira modurik onena jarrerak hurbiltzeko eta gutxieneko izendatzaile komun bat bilatzeko, ingurumenari buruz hain garrantzitsua den gai batean».
Elkarrekin Podemosek ere «harriduraz» hartu du EH Bilduren erabakia: «Kosta egiten zaigu erabakia ulertzea. Gaur mahaitik altxatu dira, baina duela aste batzuk gobernuarekin eta Alderdi Popularrarekin batera sinatu zuten Ondare Naturalaren legea. Lege hori ere gaur eztabaidatu den legearen bide beretik doa: babestutako inguruneak ekonomikoki ustiatzea baimentzen du».
Gaineratu dute «ezkerreko alderdi berdeetatik» ezin direla horrelako legeak legitimatu, «atzerapauso bat» direlako Espainiako Estatuan eta Europan egiten ari diren «aurrerapenekiko».