Udal eta foru hauteskundeak. Araba. Kike Fernandez de Pinedo. EH Bilduko Arabako ahaldungai nagusia

«EH Bilduk aldaketa gidatuko du Araban»

PPren eta EAJren «betiko eredua» errotik aldatu nahi du Arabako zerrendaburuak, «gauzak beste modu batez egiteko». PP Aldunditik botatzeko akordioak lortzeko prest dago, «programa» oinarri hartuta.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Udaletik aldundirako jauzia emango du Kike Fernandez de Pinedok (Gasteiz, 1961). Gasteizko EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaileak uste du udaleko eskarmentuak balio izango diola erronka berriari heltzeko. «Desberdina izanda ere, erakargarria ere bada».

Zer eskaini diezaiekezu arabarrei ahaldun nagusi gisa?

Azken urteotan Araban ematen ari den aldaketa errealitate bilakatzea da gure helburua. Zintzotasuna, gardentasuna eta parte hartzea eskaintzen ditugu. Herrialdeak dituen lehentasunei helduko diegu: langabeziaren arazoari, zerga politikari eta politika sozialei.Alor horietan, oso argi dugu gaizkien pasatzen ari direnekin egon behar dugula, politika sozialek azken urteotan izan duten atzerakadari buelta emanez. Halaber, enplegu publikoaren aldeko apustua egin behar dugu, eta zerga politika justuagoa eta progresiboagoa martxan jarri.

Zeintzuk dira zure lehentasunak Arabarentzat?

Hiru dira. Batetik, politika sozialetan orain dagoen eredua goitik behera aldatzea eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzea. Sozioekonomian, enpleguak sortzeko lan egingo dugu, eta, horretarako, bi zerga ezarriko ditugu: aberastasun handien gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga. Eta azkenik, ahaldun nagusiaren kabinetean sei departamendu berri sortu nahi ditugu, zeharkako lana egiteko: euskara, berdintasuna, migrazioa eta aniztasuna, giza eskubideak eta memoria historikoa, parte hartzea eta Trebiñu.

PP aldunditik botako duzuela esaten ari zarete kanpainan. Erronka ez da erraza, ordea.

Kalean entzuten eta ikusten duguna da aldaketa beharrezkoa dela. Jendea aldaketa hori exijitzen ari da bai Araban, bai Gasteizen. Gure lehentasuna da PP agintetik kentzea, eta uste dugu lortu dezakegula. EH Bilduk gidatuko du aldaketa hori. Baikorrak gara, eta uste dugu lehen indarraizan gaitezkeela.

Inkestek EAJ, PP eta EH Bilduren arteko lehia oso estua iragarri dute. Zein da zuen aurkari zuzena?

Aurkari bikoitza dela esan dezakegu. PPren eta EAJren betiko eredua edo establishment-a errotik aldatu nahi dugu, eta gauzak beste modu batez egin. Garbi daukagu denontzat gobernatu behar dela, gizartea plurala delako. Prest gaude ezberdinak direnekin akordioak lortzeko.

EH Bildu eta PPren artekodesberdintasunak agerikoak dira, baina zein alde daudekoalizioaren eta EAJren artean?

EAJren apustua betiko formulekin jarraitzea da. Guk, ordeagauzak beste modu batez egin nahi ditugu. Fracking-aren kasuan oso agerikoa da bion arteko aldea; EAJ interes gutxi batzuen defentsa egiten ari da, gehiengoaren kontra. Ahots txikiarekin esaten du haustura hidraulikoaren kontra dagoela, baina SHESA Eusko Jaurlaritzaren enpresa publikoa ari da fracking-aren putzuak sustatzen. Bestetik, EAJk hazkundearen aldeko apustu garbia egiten du. Ez dugu ezer ikasi, ala? Guk esaten duguna da: garapena bai, baina zentzuz. Aprobetxa dezagun eraikita dagoena eta porlana jartzeari utz diezaiogun, Araban 2,4 milioi metro koadro industrialde hutsik ditugu eta. Gauza horiek denak beste modu batez egin behar direla uste dugu.

PP kanporatzeko akordioak egingo ditu EH Bilduk?

Gure helburua da aldaketa gidatzea, baina, akordioak egiteko orduan, programan oinarrituta erabakiko dugu. Garbi esan dugu prest gaudela PP erakundeetatik botatzeko. Nik argitasun bera eskatuko nieke gainerako alderdiei, sumatzen dugulako betikoen arteko akordioa nahi dutela boterean jarraitzeko.

Alderdi berriek eserlekuen banaketa baldintzatuko dute. Beldur zarete?

Ez, ez gara beldur, baina panorama politikoa gehiago zabalduko da. Araba plurala da, eta normala da alderdi berri horiek agertzea. Hala ere, alderdi berriek eskarmentu eskasa dute, eta oraindik ez dugu ongi ezagutzen zein den haien eredua.

Herritarren ekarpenekin osatuduzue programa. Zein pisu izan dute?

Ezinbestekoak izan dira. Jendearekiko harremanei lehentasuna eman diegu, eta sektore batzuetan ekarpen interesgarriak jaso ditugu. Araba guztira ezin izan gara iritsi, eta saiatuko gara hurrengo lau urteetan herri eta kontzeju guztietara iristen.

Ustelkeriaren aurrean «leihoak irekiko» eta «alfonbrak altxatuko» dituzuela esan duzu. Zer esan nahi duzu zehazki?

Ustelkeria zerbait sistemikoa da, eta errotik aldatu behar da. Tolerantziarik eza eta gardentasun osoa ezarri nahi ditugu. Araban, alderdikeria eta klientelismo gehiegi egon da, eta horrekin guztiz amaitunahi dugu. Denontzat gobernatu nahi dugu, kolore batekoak ala bestekoak izan. Praktika txar asko izan dira, eta ez da sekula erantzukizunik hartzen. Horri amaiera eman behar zaio. Herritarrek kontu guztiak gardentasun osoz ezagutu behar dituzte, lehenengo egunetik.

Herritar guztien eskubide sozial eta kulturalak bermatuko ditu EH Bilduk?

Apustu garbia egingo dugu gizarte kohesionatu, koloretsu eta plural baten alde. Horrelakoa da Araba, eta horrela izaten jarraitubehar du. Aniztasuna ongi kudeatzeko kapaz izan behar dugu.

Trebiñuko aferari zein konponbide eskaintzen diozu?

Ezin dugu Gaztela-Leonen eta Madrilen zain egon, hortik ez delako ezer etorriko. Trebiñu bere gisa egiten ari den bidea babesten dugu. Trebiñu Arabako zortzigarren kuadrillatzat hartuko dugu, baita zerbitzuak eskaintzerakoan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.