EH Bilduk akordio zabala egin du Madrilekin aurrekontuak babesteko

Nafarroak 2023ko apirila baino lehen jasoko du trafikoaren eskumena. Euskararen eta memoriaren alorretan finantzaketa lerroak lotu dituzte

Oskar Matute eta Mertxe Aizpurua diputatuak, Madrilen. MARISCAL / EFE.
xabier martin
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aldagai asko desberdinak dira EH Bilduk Gasteizen eta Madrilen egin dituen aurrekontuen negoziazioak alderatuz gero, baina desberdintasun nagusia da Madrilen beharrezkoak direla haien botoak, eta Gasteizen ez. Negoziazioen emaitza baldintzatu du desberdintasun horrek, eta EH Bilduk akordio zabal eta garrantzitsu bat erakus dezake Espainiako 2023ko aurrekontuei begira; Gasteizen, aldiz, bukatu da saioa: aurten koalizioak ez du babestuko Jaurlaritzaren aurrekontua.

Edonola ere, EH Bilduk oso gustura plazaratu zuen atzo Espainiako Gobernuarekin egin duen akordioa, «euskal errepublika bat eraiki» nahi duen koalizio bat baita, eta ez baitio uko egiten «jendearen gehiengoaren bizitza hobetzeko tresna» izateari. Hala, aurrekontuak babestearen truke autogobernua indartuko du Nafarroan, trafikoaren eskumena lortuta. Horrez gain, memoriari eta euskarari lotutako zenbait finantzaketa lerro lotu ditu, eta alokairuen eguneratzeak %2ra mugatzeko neurria 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzea ere bai.

TRAFIKOAREN ESKUMENA

Nafarroak 2023ko martxoaren 31 baino lehen jasoko du Trafiko eta Bide Segurtasunari dagokion eskumena. Horretarako, abenduaren 31 baino lehen bildu beharko du eskualdatzeez arduratzen den batzordeak.

MEMORIA

600.000 euro bideratuko dira Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko memoria gunea sortzeko, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren eliza birmoldatuz. Halaber, 300.000 euro bideratuko dira Aranguren ibarreko Irulegi mendian (Nafarroa) Aranzadi elkarteak bultzatutako indusketa lanak finantzatzeko.Irulegiko Eskua aurkitu dute han. Era berean, hiru milioi euro jasoko dituzte aurrekontuek Ezkabako Gotorlekua (Irun?ea, Nafarroa) memoria gune bihurtzeko. Egungo azpiegitura militarra 1938ko ihesaldian fusilatu zituzten presoen omenezko memoria gune bilakatuko dute.

ALOKAIRUAK

Etxeen alokairuen eguneraketak %2ra mugatzeko neurriaren indarraldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatuko da, urtebetez alegia. Urtea amaitu aurretik Espainiako Gobernuak onartuko duen Errege Dekretuan txertatuko da neurri hori.

PENTSIOAK

Kotizazio bako pentsioek %15eko igoera mantenduko dute 2023ko abenduaren 31ra arte. Urtebetez luzatuko da neurri hori ere, beraz.

Horrek 450.000 pentsioduni egingo die mesede, batez ere pentsio apalenak kobratzen dituzten emakumeei.

OSASUNA



2023rako aurreikusitako Barruko Mediku Egoiliarren (BAME) kopurua handitzeko, bi milioi euro gehiago bideratuko dituzte. Gobernuak iragarritako mila medikuei 200 mediku egoiliar gehiago gehituko zaizkie akordioari esker. Halaber, hamabi milioi euro gehiago jarriko dira talidomida botikak kalte egin dietenentzat.

EUSKARA

Milioi bat euro bideratuko dute euskarazko irratien digitalizazioa errazteko, eta beste 250.000 euro euskarazko zirkua sustatzeko. Euskarazko irratien hedapen gaitasuna areagotuko du laguntza horrek, eta Gure Zirkua ikuskizunak orain arteko ibilbidea berme gehiagorekin egin ahal izango du.

ZERGAK

Banku eta argindar enpresen ezohiko irabazien gaineko zergak euskal ogasunen esku geratuko dira, koalizioak aurreko astean iragarri zuen moduan.

TRANTSIZIO EKOLOGIKOA

1,5 milioi euro bideratuko dira Baliarraingo Ibiurko urtegiaren ingurune naturala berreskuratu eta egokitzeko; 700.000 euro inbertituko dira Asparrenan (Araba) Biohondakinen Tratamendurako Planta sortzeko, eta Espainiako Gobernuak autokontsumo energetikoari, soberakinei eta komunitate energetikoei buruzko 2019/944 Europako Zuzentarauaren transposizioa egingo du sei hilabete baino lehen, autokontsumo partekatu elektrikoa bultzatzeko.

EH Bilduren aurretik, EAJk asteon iragarri du Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko dituela. Jeltzaleek «konfiantza giroa» berreskuratu dute gobernuarekin, Idoia Sagastizabal diputatuaren arabera. Kupoa bost urtez berritzeko hitzarmena adostu dute, eta «euskal agenda garatzeko» beste 49 zuzenketa ere txertatu dituzte; denera, 72 milioi euroko balioa duten inbertsioak Hego Euskal Herrirako.

Bestalde, Geroa Baik iragarri du 90 zuzenketa egin dizkiola Nafarroako aurrekontuen proiektuari, 4,3 milioi euroko balioarekin. «Lurraldearen egituraketa egonkortzeko» neurriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.