EH Bilduk bide emango dio Nafarroako hurrengo gobernuari. Herenegun, kontsulta egin zieten militanteei, zer jarrera hartu gaur eta bihar egingo den inbestidura saioan, eta, atzo, Adolfo Araiz parlamentariak emaitzaren berri eman zien komunikabideei. Guztira, 1.909 kidek parte hartu dute galdeketan, eta %75ek, 1.432 kidek, abstentzioaren aldeko hautua egin dute; gainerako %25ek, 477 kidek, ezezkoa nahiago izan dute. Ondorioz, Araizek aurreratu du zer egingo duten: gaur, lehen bozketan, ezezkoa emango diote Maria Txibiteren hautagaitzari; eta bihar, bigarren bozketan, bost abstentziorekin eta bi ezezkorekin, presidente sozialista izendatzea ahalbidetuko dute. Araizen arabera, ezker subiranistak «lasaitasunez eta arduraz» jokatu du inbestidurari buruz erabakitzean.
Ikusmin handia eragin zuen atzoko agerraldiak. Azken batean, jokoan zegoen gobernua osatzerik izango ote zen edo hauteskundeak berriz egiteko arriskua handituko ote zen. Araizek nabarmendu du parte hartze handia izan duela kontsultak. Maiatzaren 26az gero, koalizioko kideek hausnarketa egin dute bozek ekarritako egoera politikoaren eta inbestidura saioari begira izan beharreko jokabidearen inguruan. Batzarrak egin dituzte, eta, horren ondotik, asteburuan, mahai politikoak abstentzioaren aldeko ikuspegia finkatu zuen. Azken egunetan, 900 pertsona gehiagok eman dute izena kontsultan parte hartzeko. Hala, 2.600 inguruko erroldatik %73k parte hartu dute azkenik. «Horrek adierazten du zer-nolako interesa zegoen eta erabakiak zer garrantzi zuen».
Araizek azaldu bezala, hiru laurdenek abstentzioa hobetsi dute, eta beste laurdenek ezezkoaren alde egin dute. Hala ere, Araizek PSNri eta Txibite hautagaiari ohartarazi die ez dezatela balorazio okerrik egin: «Ezezkoaren edo abstentzioaren alde bozkatu duten guztiek bazterketa politika deitoratzen dute, eta irmo adierazten dute hori aldatu egin behar dela».
EH Bilduko parlamentariaren arabera, makina bat militantek helarazi diete erabakia zaila zela. «Balioa eman nahi diogu ezezkoari; pertsona askok esan digute zail egin zaiela ezezkotik abstentziora pasatzea». Izan ere, Araizen arabera, «erabaki konplexua» izan da. Eskuina gobernura iristeari atea ixteko jarrera irmoa izan arren, PSNren politikek «berme gutxi» ematen diete. «Ez zen eztabaidarako abiapuntu onena bazterketan oinarrituta Iruñe, Barañain eta Lizarrako alkatetzak Navarra Sumari oparitu izana, edo eskuin horrekin berarekin hitzartuta Sartagudan eta Uharten EH Bilduri agintea kendu izana».
Araizek nabarmendu du bai ezezkoa eta bai abstentzioa «erabat zilegi» zirela, badaudela nahiko arrazoi bien alde egiteko. Halaber, militantzia haserre dago PSNren jarrerarekin, eta ez du nahi alderdi horri hegalak ematerik. Dena den, mahai politikoak emandako argudioak ulertu dituzte kide askok: «EH Bilduk ez du babesten gobernu akordioa, eta ez du inongo konpromiso politikorik gobernu horrekin. Momentu bakoitzean ikusiko dugu zer gertatzen den».
Batzarre, alde
Ezkerra koalizioko kide gisa, Batzarrek baiezkoa eman dio inbestidurari. Gobernu akordioari buruz galdetuta, 104 ordezkaritik %95ek baiezkoaren alde egin dute.
Hartara, bidea libre du Txibitek presidente hautatua izateko. Gaur, 12:00etan ekingo dio inbestidurari: gobernu programaren nondik norakoak azalduko ditu mugarik gabe. Etenaldia egingo da bazkaltzeko, eta 15:30ean jarraituko du saioak. Navarra Sumatik Ezkerraraino, ordezkaritza handienetik txikieneraino, talde bakoitzeko eledunek agerraldiak egingo dituzte, gehienez ordu erdiko tartearekin. Txibitek askatasuna izango du banaka edo denek amaitutakoan ihardesteko. Alderdiek ere tarte txiki bat izango dute ondoren. Bozketa 20:30erako aurreikusi dute, baina luzatu egin daiteke bilkura. Ordua garrantzitsua izango da, bigarren bozketa erabakigarria 24 ordu geroago egingo baitute.
EH Bilduk ahalbidetu egingo du Txibiteren inbestidura, bost abstentzio emanda
Kontsultan, 1.900 kidek parte hartu dute: %75ek abstentzioaren alde egin dute, eta %25ek, ezezkoaren alde. Bazterketa amaitzeko eskatu dio Araizek PSNri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu