Bidegi auzia

EH Bilduk 'Bidegi auzia' artxibatu izana errekurrituko du

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak joan den astean izandako jarrera salatu du.

Oskar Bordes Bide Azpiegitura Batzordeko bozeramailea gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 13a
14:28
Entzun

Azpeitiko (Gipuzkoa) instrukzioko bigarren epaitegiak Bidegi auziko bigarren kereila behin-behinean artxibatu zuen joan den astean. Gaur, EH Bilduk jakinarazi du erabaki hori errekurrituko duela, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Oskar Bordes EH Bilduko batzarkideak eman du erabakiaren berri, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Uste dugu epaileak uko egin diola hainbat diligentzia praktikatzeari, hirugarren txosten bat egiteari», adierazi du.

Izan ere, epaileak bi txosten kontrajarri aztertu ditu bere erabakia hartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituen biak: lehenbizikoa Bilduren gobernuak eskatuta egin zuen enpresa batek, eta bigarrena EAJ eta PSE-EE diputazioan zirenean aurkeztu zuten. Biak irakurri ostean, bigarrenak sendotasun handiagoa duela ondorioztatu zuen epaileak: «Lekukotzekin eta peritu deklarazioekin egindako dokumentuak agerian utzi du jarduera hauen jatorrizko kereilarekin batera aurkeztutako txostenak inkongruentzia ugari zituela», dio autoak.

Egoera ikusita, Bordesek gogoratu du fiskaltzak 2021eko uztailean eskatu zuela hirugarren txosten inpartzial bat egiteko, «gertakarien muturreko konplexutasuna eta teknikotasuna» kontuan hartuta. Betiere helburua izanda «ordainketa irregularra egin ote zen» argitzea. Hala ere, epaileak erabaki zuen ez egitea, txostenak izanen lukeen «gehiegizko kostua» kontuan hartuta. «Herritarrek eskubide osoa dute diru publikoa nola erabili zen ezagutzeko», dio Bordesek. Hortaz, helegitean bertan hirugarren txostena egiteko eskatuko du EH Bilduk.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak agerraldia egin zuen joan den astean, epaileak bere erabakiaren berri eman bezain laster. Agerraldi hartan EH Bildurekiko izan zuen jarrera salatu du Bordesek: «Irmoa ez den epai baten aurrean gaude eta inpartzialtasuna izan beharko genuke ardatz». Adierazi du «egia ezagutzaren aldekoa» dela EH Bildu, eta nahi dutena dela herritarrek jakitea zer egin zen diru publikoarekin.

EAJk adierazi du EH Bilduk aurkeztutako helegitea «lehiakide politikoa suntsitzeko bere estrategiaren» parte dela: «Ez dabiltza egiaren bila; haien kontaketa inposatzen baizik».

Bi kereila

Bidegi auziko bigarren kereilan –joan den astean behin-behinean artxibatu zutena– bost lagun salatu zituen aldundiak, Eskoriatza eta Arlaban arteko zatian egindako lanengatik: Bidegiko hiru arduradun —tartean erakundeko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti— eta Eurostudios ingeniaritza enpresako buru bat, eta OHL eta Ferrovial enpresa eraikitzaileek lanotarako eratu zuten taldeko beste bat. Aldundiak adierazi zuenez, diru publikoko 17,1 milioi euro oker erabiltzeagatik eta tuneletako lanen ordainketetan dokumentuak faltsutzeagatik izan zen salaketa.

Lehenbiziko kereila, berriz, ebazteko dago oraindik. Hiru lagun salatu zituzten: Agustin Zugasti orduan ere, Eptisa-Cinsa ingeniaritzako langile bat, eta Laurena aldi baterako enpresa elkarteko bertze bat. Arrasate-Eskoriatza zatian egin zituzten lanak. Aldundiak salatu zuen agiriek erakusten zutela Basagoitiko lur biltegia beteta zegoela, baina ez zela hala. Horrez gain, lur mugimenduei buruzko agiriak ere okerrak zirela salatu zuten. 3,4 milioi eurokoa da ustezko iruzurra. Zati horretako tuneletako lanak egin gabe 10,3 milioi ordaindu zituztela salatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.