Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

EH Bildu, udaletan eskuinari bidea itxi eta aldaketari bide emateko prest

Asironek erabat baztertu du Esporrin alkate egiteko aukera: «Navarra Sumaren eta gure artean dago lehia». Santos Cerdanek (PSN) esan du lan egingo dutela «EH Bilduk alkatetzarik har ez dezan»

Iruñeko alkate Joseba Asiron, atzo, EH Bilduko beste hamabi udal hautetsirekin batera koalizioaren proposamena aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako udalak osatzeko bide orria argi du EH Bilduk: ahal den guztietan, bidea eman aldaketari, eta, hori ezinezko denean, bidea itxi eskuin espainiazaleari. Hori lortze aldera, Navarra Suma ez beste indar guztiekin negoziatzeko prest azaldu da koalizio independentista, baina hiru irizpide zehatzen arabera. Bat: aldaketak gehiengoa duen udaletan, aukera hori lehenetsi. Bi: aldaketak gehiengorik ez baina PSNk baino zinegotzi gehiago duen herrietan —Iruñea eta Lizarra, kasurako—, sozialistei babesa eskatu. Eta hiru: lehia Navarra Sumaren eta PSNren artekoa soilik bada, eskuina boterera iristea galarazi.

Joseba Asiron Iruñeko jarduneko alkateak aletu zituen proposamenaren nondik norakoak atzo, beste hamabi alkategairekin batera eginiko agerraldian. Han izan ziren, Iruñeko hautagaiaz gain, Barañain, Burlata, Lizarra, Antsoain, Eguesibar, Zizur Nagusia, Orkoien, Tafalla, Uharte, Atarrabia, Berriozar eta Eloko ordezkariak.

«Nafarroako lehen indar munizipalista gara», azaldu zuen Asironek: «EH Bilduk 320 zinegotzi lortu ditu hauteskunde hauetan; hortaz, ezin da itun aurrerakoirik sinatu indar hori bazterrean utzita». PSNri gogorarazi zion egungo egoera gainditze alderabeharrezkoa izanen dela negoziatzea: «Egoerak premiatzen gaitu elkarrekin hitz egitera, elkar ulertzera eta inor ez baztertzera; inor gutxik uler dezake alderdi batek betoak ezarri edo mantendu nahi izatea».

Nafarroako udal guztietarako estrategia orokorraz ari zen Asiron, baina Iruñeko Udalean hartuko duten bideaz galdetu zioten kazetariek behin eta berriz. Jarduneko alkateak argi utzi zuen irizpidea: «Ez dugu Maite Esporrin alkate eginen. Iruñeko emaitzek argi diote lehia Enrique Maiaren eta gure artekoa dela». Kritikatu egin zuen, gainera, PSNk karguak lortu nahi izatea independentistekin hitz egin gabe: «EH Bilduk 26.600 boto jaso zituen; eta PSNk, berriz, 17.400. Bien artean 10.000 botoren aldea dago, eta hori aintzat hartu behar da. Iruñeko Udalean ezin da akordio aurrerakoirik egin EH Bildu, indar munizipalistarik handiena, bazter utzita. Errespetua merezi dute Nafarroa osoan botoa eman ziguten milaka eta milaka lagunek».

Horregatik, «inbuturik ez» du onartuko Asironek: «Zuk harresi bat altxatzen baduzu zure etxearen eta nirearen artean, harresi bat izanen da biontzako; baina ez esan niretzat harresia dena zuretzat aukeraz beteriko leiho bat denik; hori ez da onargarria».

Udaletako estrategia ontzeko tenorean, EH Bilduk oinarri gisa hartu du hiru bloke nagusien arteko indar korrelazioa. Hala, EH Bilduk aldaketaren alde egingo du aldaketak gehiengoa duen udaletan, nahiz eta lehen indarra beste bat izan. Antsoainen, adibidez, EH Bilduk lortu zituen zinegotzi gehien —PSNrekin berdinduta—, eta agintea bermatua izanen luke Ezkerra-Ahal Dugu koalizioaren nahiz Geroa Bairen sostenguarekin. Zizur Nagusian, berriz, egoera bestelakoa da: Geroa Bai da bigarren indarra Navarra Sumaren atzetik; hortaz, EH Bilduk babesa emanen lioke, alkatetza lortzeko.

Aldaketak gehiengoa ez duen udalerrietan, berriz, bi aukera planteatzen ditu koalizio abertzaleak: batetik, laukoak PSNk baino zinegotzi gehiago balitu, PSNri eskatuko liokete Navarra Sumari bidea itxi eta bigarren indarraren alde egiteko. Azkenik, aginte makila Navarra Sumaren eta PSNren artean badago eta aldaketak aukera matematikorik ez badu, EH Bilduk «eskuinari bidea ixteko konpromisoa» hartu du: «Proposamen argia eta gardena da mahai gainean jarri duguna. Nafarroako Gobernua eta udalak nork gobernatuko dituen ezin da erabaki Genovan, Ferrazen edo multinazional baten bulego batean. Hemen erabaki behar da. Opakutasuna nagusi den garai hauetan, gardentasuna behar dugu», nabarmendu zuen Asironek.

Dena den, Asironek zehaztu zuen irizpide horiek udalen osaketari bakarrik eraginen dietela, ez Nafarroako Gobernuari: «Udalak eta gobernua adosteko negoziazioak bereiziak dira, baina udalen kasuan epemuga ekainaren 15a da, eta horri eman behar diogu lehentasuna orain».

Betoari eutsi dio PSNk

EH Bilduren mezuak, baina, ez du aldarazi PSNren jarrera, eta betoari eutsiko diola esan zuen atzo Santos Cerdanek, Espainiako Kongresuko PSNren diputatu eta PSOEko Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusiak, ETB 2ko En Jake saioan.

Cerdanen irudiko, PSOEk ez du onartuko EH Bildu barruan duen gobernurik; are, koalizio abertzalea aginte posizio guztietatik kentzeko lan eginen dutela aurreratu zuen diputatuak: «Guretzat, aldaketaren gobernua, EH Bildurekin bada, ez da existitzen. Nafarroan lan eginen dugu EH Bilduk alkatetzarik har ez dezan». PSNk jarrera horri eusten badio, Navarra Sumako Enrique Maia izanen da, seguruenik, Iruñeko alkate berria ekainaren 15etik aurrera.

Navarra Sumako lehendakarigai Jose Javier Esparzak ere hitz egin du PSNren eta EH Bilduren arteko akordio posible batez. Haren esanetan, Maria Txibiteren alderdiak bi bideren artean aukeratu beharko du: «Navarra Sumarekin batera gobernu sendo eta egonkor bat osatu, ala EH Bildurekin akordioren bat bilatu; PSNk ez du beste aukera posiblerik».

Esparzak azpimarratu du PSN «beti» lerratu izan dela erregionalistekin, baina oraingo honetan «marra gorria zeharkatzeko arriskua» antzematen du: «Niri pena ematen dit alderdi sozialista EH Bilduren eskuetan ikustea; beti egon dira gure aldean, askatasuna eta demokrazia defendatzen, ETAko hiltzaileei txalo egiten zieten horien aurrean».

Horregatik, Navarra Sumako buruak eskua luzatu dio Maria Txibiteri, «gobernu konstituzionalista» baten alde egin dezan: «Nafarroako gizarteak argi esan du ez duela politika nazionalista eta populistarik nahi, eta oposizioko indarrak indartuta atera gara. Mezua argia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.