Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiak babestu egin du EH Bildu «koalizio soil izateari utzita subjektu politiko bihurtzea», eta uste du «lehenbailehen» egin behar dela hori. Aralarreko kideek batzarra egin dute Altsasun (Nafarroa). EH Bildu osatzen duten lau alderdiek hilaren hasieran hitzartu zuten «helburu transformatzailea izango duen prozesu subiranista bat» bultzatzea, eta horretarako «identitate eta militantzia propiodun subjektu politiko» bihurtzea koalizioa, mugimendu izaera emanez eta, besteak beste, alderdietakoak ez diren pertsonei EH Bilduko kide izateko aukera eskainiz, betiere lau alderdien «identitatea eta autonomia» errespetatuz. Ekainaren 17an amaituko dute EH Bilduren transformazio prozesua.
Hori guztia zehazte aldera, hausnarketa prozesuak abiatu dituzte lau alderdietan ere. Aralar udazkenean da egitekoa bere zazpigarren batzar nazionala. Aurrekoan (2014an) onartutako txostenean, ezker abertzale historikoa osatzen duten eragileek bat egitearen alde bozkatu zuten militante gehienek. Aralarrek helburu hori du sorreratik, bere estatutuetan jasotzen denez. Alderdia 2001ean sortu zuten ETAren jardunarekin kritiko eta Batasuna alderdia sortzeko prozesutik kanpo geratzea erabaki zuten ezker abertzaleko militante batzuek.
Uberaren arabera, «urgentziazkoa» da «ezkerreko alternatiba indartsu bat» bermatzea, bi arrazoirengatik. Batetik, «garai berri bat» hasi delako Euskal Herrian burujabetzarako bide bat abiatzeko, eta, bestetik, «demokraziaren oinarriak» krisian daudelako. «Premiazkoa da herri honetan alternatiba ezkertiar aurrerakoia eraikitzea, gizartearen eboluzio, erritmo eta beharretara egokituko dena, eta bereziki esku artean ditugun erronkei aurrea hartzen lagunduko duena».
Babesa Altsasuko gazteei
Uberak gogoan izan du iazko urrian Altsasuko ostatu batean gazte eta guardia zibil batzuen artean izandako istiluengatik abiatutako auzibidea. «Elkartasuna eta babesa» helarazi die «bidegabekerian eta mendeku politikan oinarrituta» atxilotuak eta espetxeratuak izan diren gazteei eta haien familiei. «Dei egiten dugu berriro ere [Espainiako] Auzitegi Nazionalak ez ditzan epaitu, ez duelako inolako zentzurik terrorismoaren izaeraz epaiketa egiteak. Gazteen askatasuna aldarrikatzen dugu».
EH Bildu subjektu politiko bihurtzeko prozesua azkartu nahi du Aralarrek
Uberak azpimarratu du Euskal Herria garai berri batean dagoela eta horretarako urgentziazkoa dela ezkerreko alternatiba indartsu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu