Gasteizko Udala. EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Gasteizen. Rocio Vitero buru duen hautagaitzak lortu ditu boto gehien, eta lehen indarra da hiriburuan horrenbestez. Zazpi zinegotzi lortu ditu, orain arte baino bat gehiago. Bigarren indarra da PSE-EE, sei zinegotzirekin. PPk ere sei zinegotzi izango ditu, orain arte baino bat gehiago, eta hirugarren indarra izango da. Elkarrekin Podemosek bi ordezkari izango ditu.p>
Ikusi gehiago:Emaitza guztiak ikusi
Aldiz, lehen indarra izateari utzi, eta laugarren indar bihurtu da EAJ. Alkatetzaz gain, zinegotzi bat galdu du alderdi jeltzaleak, eta sei izango ditu aurrerantzean. Inkestek lehia estua iragarri zuten EAJren eta EH Bilduren artean, baina hiru punturen aldea atera dio koalizioak EAJri.
Aldaketak udaletan. Aurreko hauteskundeekin alderatuta, aldaketak izan dira Arabako udalerri batzuetan: EAJk agintea galdu du Laudion, Agurainen, Oionen eta Kuartangon, EH Bilduren mesedetan. Argantzonen, aldiz, EAJk agintea kendu dio EH Bilduri.
Aldaketarik ez. Herri batzuetan, aldiz, orain arteko emaitzak errepikatu dira. EAJ lehen indarra da Amurrion, Arraia-Maeztun, Gaubean edota Erriberagoitian. EH Bilduk, aldiz, honako herri hauetan lortu du nagusitasuna berriro: Aramaion, Barrundian, Legution, Urkabustaizen eta Zuian, besteak beste.
Arabako Errioxan, PP nagusitu da Bastidan eta Guardian. Navaridasen, aldiz, EAJ gailendu da. Sozialistak lehen postuari eutsi diote Iruña Okan.
Agintea itunen esku: Aurreko legealdian bezala, Bastidan PP nagusitu da, baina EAJk eta EH Bilduk ituna egin dezakete ostera agintea eskuratzeko. Gauza bera gerta daiteke Guardian ere. Legution, ostera, EAJren eta PSE-EEren itun posible batek agintea ken diezaioke EH Bilduri.
Batzar Nagusiak. EAJk da lehen indarra Araban, baina behera egin du botoetan eta ordezkari kopuruan: bi eserleku galduta, hamabost ditu guztira orain. Haren bazkide PSE-EEk ere ordezkari bat galdu du, eta bederatzi izango ditu. Bi alderdiek gehiengo osoa galdu dute, eta, horrenbestez, Ramiro Gonzalezek akordioak bilatu beharko ditu hirugarrenez aginte makila eskuratu nahi badu.
Aldiz, Gasteizko olatua hartuta, nabarmen egin du gora EH Bilduk. Bi eserleku irabazita, alderdi jeltzalearekiko aldea txikitu du koalizioak; hamalau ordezkari izango ditu. Laugarren indarra da PP: bederatzi ordezkari ditu, duela lau urte baino bat gehiago. Eserleku bat galdu du Elkarrekin Podemosek, eta hiru izango ditu guztira. Vox alderdi ultraeskuindarrak eserleku bat eskuratu du, eta ordezkaritza izango du Arabako Batzar Nagusietan.
Gakoak. Gasteizen, alderdi guztiek egin dute behera boto kopuruan, EH Bilduk izan ezik. Bereziki deigarria da gobernu bazkideek galdu duten boto kopurua: EAJk 6.787 galdu ditu, eta PSE-EEk 1.615. Arabako Batzar Nagusietan ere, 8.000 boto inguru galdu ditu alderdi jeltzaleak, eta 2.000 inguru galdu dituzte sozialistek.