Urte politikoaren hasiera

EH Bildu gehitze eta biderkatze prozesu batean dagoela azaldu du Otegik

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin du, eta dituen kezkak, erronkak eta konpromisoak jakinarazi

Arnaldo Otegi EH BIlduko koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 30a
13:44
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera izan du gaur, eta udako balantzea egiteaz gain, egungo eta etorkizuneko kezkak, erronkak eta konpromisoak argitu ditu. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak egin du agerraldia, eta azaldu du joera kezkagarriak sumatzen ari direla. Hainbat hausnarketa egin ditu.

Otegiren iritziz, Espainiar Estatuan gatazka nazionalak zentralitate politikoa hartuko du, eta zentzu horretan, “plurinazionalitatea edota erabakitze eskubidea” eztabaida zentroan egongo dira. “Eta Euskal Herriak zer du esateko? Gure ustez, argi eta garbi dago, Hego Euskal Herriak eztabaida horretan parte hartu behar du, eta bere planteamendu propioa egin behar du”. Eta gaineratu du: “Espekulatzeko tarteak bukatu dira. Proposamen zehatzak egin behar zaizkie herritarrei, eta burujabetzarena izan behar da bat”. Otegiren arabera, beste politika publikoak egiteko tresnak behar dira: “Herri honetan, gure identitate nazionala gordetzeko beste tresna politiko batzuk behar ditugu”.

Nola ez, pandemiaren inguruan ere egin du gogoeta. Gogoratu du osasun publiko “larri” baten testuingurua dagoela, oro har. Horren aurrean, EH Bilduk komunitate zientifikoaren irizpideak babesten dituela adierazi du. Eta azpimarratu du osasuna administrazio publikoaren ardura dela. “Txertaketa bermatu behar da mundu osoan, pandemiari modu justu batean eta berdintasunetik begiratutako ikuspegi bat indartu nahi baldin bada”.

Aldaketa klimatikoa ere izan du hizpide. Datu eta txosten larriak daudela esan du, eta uda honetan izandako muturreko beroak gogoratu ditu, besteak beste. “Egungo kontsumo eta produkzio ereduarekin bizitza ez da sostengarria izango. Galdera sinplea da: belaunaldi berriei utziko diegu bizitzeko moduko planeta bat?”. Horretarako, neurriak orain hartu behar direla nabarmendu du.

Susperraldi ekonomikoari dagokionez, galdera bota du Otegik. “Probestuko dugu aldaketa klimatikoari aurre egiteko, berdintasunaren alde egiteko, zaintza eta berdintasuna bermatzeko? Edo, azkenean, baliatuko dugu berriro elite ekonomikoaren interesak defendatzeko?”. Susperraldiak orokorra eta integrala izan behar duela adierazi du, termino guztietan. EH Bilduren arabera, babes soziala sakondu eta bermatu behar da.

Nazio ikuspuntuaren aldetik, udan izandako hainbat kontu azpimarratu ditu. Olinpiar Jokoak eta gizonezkoen Europako futbol Txapelketa jokatu dira aurten, eta Otegik azpimarratu du euskal kirolariek ez dutela askatasunik izan erabakitzeko zer selekzioekin jokatu nahi duten. “Gureak behartuta daude Espainiako edo Frantziako selekzioarekin jokatzera. Berdin da zein den haien iritzia edo borondatea. Gurea, debekatuta dago”.

Azkenik, kezkatuta agertu da euskararen aurkako erasoekin. Baita eraso homofoboekin, eta matxistekin ere. “Kezkaz bizi dugu guzti hori. Horrek autoritarismoari eta faxismoari ateak irekitzen dizkiolako”.

Zentzu horretan, aldarrikapen bat egin du EH Bilduk: “Gure identitate nazionala da arriskuan dagoena. Horren aurkako estrategia garbi bat dago, eta hori mahai gainean jarri behar dugu”.

Otegik azaldu du “gehitze, biderkatze, prozesu batean” daudela. “EH Bildu soberanista, ezkerreko independentista, abertzale guztien esparru amankomun bat da, lanerako”. EH Bilduren bokazioa zein den azaldu du: “Proiektu politiko bat du herri honentzat, ezkerretik eta burujabetzatik. Gehitu, indartu eta biderkatu nahi dugu”. Frontea zabaltzeko nahia azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.