Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatuak ez du zehaztu zer boto emango duten Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiaren inbestidura saioan, baina argitu du ez direla "oztopo" izango, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko negoziazioen emaitza edozein dela ere. "EH Bilduk jakinarazi nahi du, egokientzat jotzen duen formula erabilita, ez dela oztopo izango Sanchezen inbestidurak aurrera egin dezan", esan du Donostian egindako agerraldian: "Ezetz esateko arrazoi nahikoa ditugu, baina uste dugu Sanchezek aurre egin behar diola aurrean duen egoerari".
"Babes aktiborik" ez dutela emango ziurtatu du Aizpuruak, eta euskal herritarren eta kataluniarren erabakitzeko eskubideari "soluzio demokratiko bat" emateko eskatu du. Kazetariek galdetu arren, ez du zehaztu abstentziora joko duten, baina iradoki du beren esku balego ahalbidetu lezaketela inbestidura.
EAJk ere ez du zehaztu oraindik bere jarrera. Gaur jakinarazi du EBBk astelehenean egitekoa duen bileran hartuko dutela erabakia. Asteon, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak Sanchezi eta Pablo Iglesiasi eskatu zien gobernu akordio bat zehazteko, baina ezkor agertu zen aukera horren inguruan: "Giro konplikatua sortu da, eta oso zaila dago berriro bideratzea".
Alderdi katalan subiranistek ere ez dute zehaztu oraindik zer jarrera hartuko duten. Erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatu dio JxCATek Espainiako presidentegaiari. ERCk eta EH Bilduk esana dute jarrera bateratua hartuko dutela.