Alderdiak

EH Bildu «aliantzak zabaltzeko prest» dagoela adierazi du Otegik

Barakaldoko BEC erakustazokan egindako ohiko biltzar nagusian, arlo nazionalean subiranotasunerazko planteamendua laburbildu du koordinatzaile nagusiak, eta iragarri du Aberri Egunean, Iruñean, konkistaren bosgarren mendeurrenean, «nafar burujabetza defenditzen duen mugimendu politiko gisa» agertuko direla.

Arnaldo Otegi, BEC erakustazokan EH Bilduk egin duen Ohiko Biltzar Nagusian. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
2022ko urtarrilaren 8a
13:26
Entzun

Ordu erdiko hitzaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak sendotasun eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan die militanteei. «Ozen aldarrikatu nahi dugu ziklo politiko honetan. Gobernatzeko gertu gaude eta horretarako prestatuta gaude. Gobernatu egin nahi dugu, baina ez interes pertsonal edo politikoak asetzeko, baizik eta herrialdeak behar duelako lidergoa berritzea, arlo estrategiko guztietan proposamenak egitea: hezkuntzan, osasunean, segurtasunean, zaintzan, arlo energetikoan, aldaketa klimatikoan...»,

Horri begira, diskurtsoaren amaieran, Otegik ohartarazi du etor daitekeena «oso larria» dela, balio autoritarioak «gero eta zabalduago» baitaude Europan. Horri aurre egiteko, «inongo beldurrik gabe, eta konfiantza guztiarekin», adierazi du, «politikokerietatik harago eta lehia txikietatik harago, gutxieneko akordioen» defendatzaile dela EH Bildu, bai arlo sozialean bai nazionalean. «Ez inori kalte egiteko, ez inoren aurka, herri hau askatzeko eta berdinago egiteko baizik», gaineratu du.

Ildo beretik, nabarmendu du aliantzak zabaltzeko prest dagoela koalizioa: «Zer esan nahi dugu horrekin? Epe ertain, motz eta luzera, herri honetan EH Bilduk prest egon behar du batzuekin eta besteekin akordioak egiteko». Horrek kontraesanak eragingo dituela argi du Otegik. Haren ustez, arazoa ez da hori, baizik eta «kontraesanak kudeatzen jakitea». «Hori kudeatzen jakin behar da jendearekin hitz egiten, kontrastatzen eta umiltasunez onartuz inork ez duela arrazoi osoa». Haren ustez, erratu egin liteke, baina uste du arriskatuz huts egitea hobe dela, ezkutatzea baino. «Politika likido honetan, errazagoa da ezkutatzea. Lau kontsigna bota, eta kito. Gu ez gara ezkutatzen den ezkerra».

Gobernu bokazioaz

Gobernu eta estatu bokazioa duen mugimendu politiko gisa definitu du EH Bildu. Gobernu bokazioari begira, arlo sozialean eta estrategikoetan alternatibak proposatuko dituztela iragarri du, eta, arlo bakoitzean, eragileekin batera iritziak partekatuz arituko direla zehaztu du. Hezkuntzan jada egin dute proposamena sektoreko ordezkariekin batera. Haren ustez, «herrialdeak lidergo kolektiboak berritu behar ditu», eta horretarako prest ikusten du EH Bildu.

Gaineratu du proposamenak ez direla muturrekoak. « Proposamenak egiten dira, bidaiatzen dugulako eta nazioarteko sare sendoak ditugulako eta ikasten dugulako. Ez gara onenak. Beste herrialde batzuetara joaten gara, eta saiatzen gara han ikasitako hona ekartzen. Gure alternatiba munduari irekia da; ikasi, eta hemengo espazioetan zehazten du. Horregatik dugu gobernu eta estatu bokazioa». Hala, hauek izan dituzte erreferente: hezkuntzan Finlandia, etxebizitzan Irlanda, energia trantsizioan Danimarka eta eredu zirkularrean Estonia.

Burujabetzarantz

Aurten, Amaiurko gudaren 500. urteurrena izango dela gogorarazi du Otegik. Haren irudiko, mendeurrenak gogorarazten du Euskal Herria «bizirik» dela, eta, gertaera haren omenez, erresumako bandera atera du. Haatik, Otegik gogora ekarri du une historiko bakoitzean une horretako erronkei aurre egin behar zaiola, eta argi adierazi du burujabetzaranzkoa dela euren noranzkoa. «Batzuek diote burujabetzaz hitz egitea ez duela zentzurik. Nolatan ez du zentzurik izango pandemian erabakiak hartzerik ez badugu edo lan harremanetan?».

Ideia hori azpimarratu nahirik, aurtengo Aberri Eguna Iruñean egingo dela aurreratu du. «Ikur hau defenditzera joango gara. Han, nafartasuna euskalduntasunaren aurka eraikitzen duten lurralde horretara joango gara batzuk, esatera gu garela nafar burujabetza defenditzen duen mugimendu politikoa».

Burujabetzaren eztabaida hori gerarazi nahi dutenei, berriz, hori ez dutela utziko ohartarazi du. Arlo horretan duten proposamena lau ardatzetan oinarritzen dela azaldu du. «Oso erraz laburbiltzen da: gure nazio izaera aitortzea, gure eskumen panela gero eta gehiago izatea, horiek ukiezinak izateko bermeak izatea eta euskal lurraldeen erabakitzeko ahalmena». Zehaztu duenez, edozein estatus politikok nazio aitortza izan behar du kontuan, arlo nagusietan erabakiak hartzeko erremintak izatea funtsezkotzat jotzen dutelako. Halaber, bermeak nahi dituzte eskumenak inork ez ditzan uki, eta erabaki ahalmena instituzionalizatzea aldarrikatu du.

Osasun egoera
Erakustazoka betea egon bada ere, biltzarra modu telematikoan ikusi eta entzun dute militante askok. Otegiren diskurtsoa irekian eskaini dute, eta, hasieran, osasun egoera ere izan du hizpide. EH Bilduren posizioaren inguruan, hiru ideia nabarmendu ditu. Lehenik, osasun arloko langileen lanak errespetua eta gorazarrea merezi duela. «Haiek daude nekatuta, eta haiei dagokie gure txalo eta onespena jasotzea». Bigarrenik, bereizketa egin du farmazia industriaren interesen eta lorpen zientifikoen artean. Azkenik, adierazi du EH Bildurentzat bizitza «pluralean deskodetzen» dela. «Ardura nagusia administrazio publikoena da, eta ez norbanakoena». Haren esanetan, administrazioek ardura bere gain hartu behar dute, eta ez hartu «neurri kosmetikoak, zerbait egiten dela irudikatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.