EH Baik Etxegarai lehenetsi du Euskal Elkargoko lehendakaritzarako

Elkarrizketak abiatuko dituzte zentro eskuineko hautetsiarekin akordio bat erdiesteko

Jean Rene Etxegarai, Euskal Elkargoko lehendakari izendatu zutenean, 2017ko urtarrilaren 23an. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
EH Baik ez du hautagairik aurkeztuko Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari izateko. Hala erabaki zuten ezkerreko abertzaleek ostegun arratsean Uztaritzen (Lapurdi) egin zuten biltzar nagusian. Akordio bat lortzeko xedez,Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezarekin elkarrizketak abiatzea lehenetsi dute, haren hautagaitza oraindik ofiziala ez bada ere. Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kideak agiri batean erran du onartzen duela biltzar nagusiaren erabakia. Ez du hautagaitzarik aurkeztuko.

«Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontuan harturik, eta Ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EH Baiko militanteek kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko lehendakaritza kargurako», adierazi zuen atzo goizean EH Baik, agiri batean. Biltzar Nagusian egondako barne eztabaidaren «kalitatea» azpimarratu zuen mugimendu politikoak.

Heldu den uztailaren 17an iraganen da Euskal Hirigune Elkargoko lehen biltzarra, Baionan, eta han izendatuko dute ondoko sei urteetan Ipar Euskal Herriko erakundea zuzenduko duen lehendakaria. Oraindik ofizial egin ez badu ere, Etxegarai orain arteko lehendakaria berriz hautagai izanen dela aurreikusten da. Ekainaren 25ean agertu zuen Iriartek Euskal Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko asmoa, «prest» zela eta «gogoetatzen» ari zela erranez. Azken asteetan, eztabaida handia sortu du mugimendu abertzalean, eta hautagaitza horren aldeko eta kontrako iritziak agertu dira han eta hemen. Herriko bozen bigarren itzuliaren biharamunean, ezkertiar eta abertzaleek lortutako «pisu politikoa» ikusita «hautagaitza bat gutxienez» aurkeztu beharko litzatekeela adierazi zuen Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapez berriak.

Uztailaren 2an, haatik, iritzi artikulu bat publikatu zuten mugimendu abertzaleko 24 pertsona ezagunek. Horien artean ziren, besteak beste, Jakes Abeberri, Xabi Larralde, Mixel Berhokoirigoin, Daniel Dergi, eta Mertxe Colina. Bertan adierazi zuten Iriart eta Etxegarairen arteko lehia ez zela «desiragarria», biak ildo berekoak direla argudiatuta. «Ez zaigu iduri bi pertsona horien arteko buruz burukoa eta elkarren arteko kanpaina oso zatitzaile baten arriskuak Euskal Herriaren onerako izan daitezkeenik». Euskal Elkargoko lehendakari izaten segitzeko Etxegaraik duen «zilegitasuna» azpimarratu zuten, eta bien artean hautagaia bera izan beharko litzatekeela ulertzera eman.

Herenegungo biltzar nagusian, ildo beretik jo zuten EH Baiko kideek. «Bultzaturiko hautagaitza abertzalea erabat zilegi litzateke [...]. Baina egungo testuinguru politikoak eta koiunturaren azterketak bultzatu gaituztegure erabakia hartzera», azaldu dute prentsari bidalitako agirian. «Abertzaleak Euskal Elkargoko gobernantza instantzia desberdinetan ordezkatuak izan behar gara. Politika publikoen garapenean aktiboki parte hartzeko engaiamendua hartzen dugu». Helburu hori betetzeko, Euskal Elkargoko batzorde eragilean ordezkaritza zabala izan behar dutela uste dute EH Baiko kideek.

Iriart ez da aurkeztuko

Lehendakaritzarako hautagaitzari buruz abiatutako gogoeta bertan behera utziko duela jakinarazi du Iriartek, agiri batean. «Hartu nuen engaiamenduari segituz, kontuan hartzen dut ene sentsibilitate politikoak ez duela agertu ildo horretatik joateko gehiengorik». Hiriburuko auzapeza «harro» agertu da eztabaida bukaeraraino eramateagatik, baina adierazi du bere «ideia eta konbikzioekin bat» desmartxa urrunago eramateak ez duela «zentzurik». Azken asteetan sentsibilitate guzietako auzapez eta hautetsiekin «solasak» izan dituela erran du. Horietan, elkargoko zerbitzuen «deskontzentratzea» beharrezkoa dela azpimarratu dute haren arabera, hautetsiak eta tokiko lurralde batzordeak zinezko ardurekin instituzioaren muinean kokatzeko. Iriartek espero du hirigune elkargoa «nahikaria handiz» engaiatuko dela bide horretan, «gure politika publikoak erreusitzeko proiektu sendo baten eremaile» izanen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.