EH Baik «alternatiba sinesgarriak» proposatu nahi ditu Parisen

Koalizioak Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak ekainean, Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Hiru hautesbarrutietan aurkeztuko ditu hautagaiak EH Baik. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian eramaten diren «borroka eta alternatiba guziei ahotsa ematea». Hara zer den EH Baik Frantziako Legebiltzarrerako bozetara aurkeztuko dituen hautagaitzen helburua. Gure esku lelopean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituzten hiru hautesbarrutietan izanen dira hautagai ezkertiar eta abertzaleak. Trantsizio ekologikoaren erronka eta lurraren eta etxebizitzaren arazoari konponbideak ematea aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriko gatazkaren konponbidean urratsak egitea eta euskarari lege babesa ematea ere izango dituzte hizpide. Eta, oro har, «gizarte emantzipazioaren aldeko neurriak» defendatuko dituzte: «Gure gain hartzen dugu sinesgarriak diren alternatiba batzuk proposatzea».

Egoitz Urrutikoetxea izanen da 4. hautesbarrutiko hautagaia. Historialaria izateaz gain, Lexantzüko (Zuberoa) eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia da. Terexa Lekunberri antropologoa izanen da haren ordezkoa. 5. hautesbarrutian Mathilde Hary izanen da hautagaia. Gizarte langilea da, eta etxebizitza eskubidearen eta laborantza lurren zaintzaren alde militatu izan du. Sylvain Aime laboraria izanen da haren ordezkoa. Azkenik, Peio Dufau izanen da 6. hautesbarrutiko hautagaia. Trenbideetako langile eta sindikalista da, eta Bake Bidean ere ari da azken urteetan, eta Ziburuko (Lapurdi) herriko etxeko axuanta da 2020ko hauteskundeetatik. Françoise Gallois izanen da haren ordezkoa.

Euskal Herriaren ahotsa

Abstentzioak markatu zituen duela bost urteko bozak: hautesleen erdiak baino gehiago ez ziren bozka bulegoetara agertu. Aurten, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari oposizio indartsu bat eraikitzeko ideiak har lezake gaina. Frantziako ezkerreko indarrek elkarrizketak abiatuak dituzte hautagaitza bateratua aurkezteko. Ikusi beharko da horren aitzinean nola eusten dion EH Baik. Paristik gidatuak diren Frantziako alderdien aitzinean tokikotasun bat agertzeko parioa eginen dutela aurreikusi daiteke, Korsikako eta Bretainiako esperientziak eredu hartuta: «EH Baiko diputatuak lortzea Parisen Ipar Euskal Herriaren ahotsa segurtatzea da. Azken bost urteetan, Korsikako hiru diputatuek zein Paul Molacek erakutsi bezala, garrantzitsua da bertakoen interesak defendituko dituzten diputatuak lortzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.