EH Bai indartzea hobetsi dute ABko eta Batasuneko Biltzar Nagusiek

Batasunak egin bezala, ABko Biltzar Nagusiak abertzaleen indarrak biltzea hobetsi du joan den larunbatean

Peio Etxeberri Aintzart eta Xabi Larralde, EH Bairen agerraldi batean. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian abertzaleen indarrak biltzeko prozesua abian da dagoeneko, azaroaren 3an Batasunak egin bezala, azaroaren 10ean ABko Biltzar Nagusiak abertzaleen arteko indar biltzea hobetsi ondoren. Abertzaleen arteko elkarlana indartzeko asmoz, ezkerreko bi alderdi abertzaleek EH Bai koalizioa egituratzea deliberatu dute. Gaur egun hauteskundeetarako koalizioa den tresna egunerokoan eragiteko lanabes bihurtuko dute alderdi abertzaleek. EAk ez du oraindik ebazpenik hartu, baina haien beha dira AB eta Batasuna, EH Bai egituratzeko eta iraunkortzeko.

«Joan den maiatzean ezkerreko bost alderdi abertzaleek (Batasuna, Abertzaleen Batasuna, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba) akordio estrategikoa izenpetu genuen Fikoban, baina ABk denbora eskatu zuen ildoa aztertu eta urrats hori egiteko Ipar Euskal Herrian; gure erabakia, akordio horren deklinabidea da, ondorioz», jakinarazi du Peio Etxeberri Aintzart ABko bozeramaleak. Urrats horrekin, gainditutzat jotzen dute guztiek 2001ean izandako zatiketa, eta orain abertzaleen eremua berrosatzeari ekinen diote. Biltzar Nagusian ez zuten zalantzan jarri norabide nagusia, baina zuzenketa batzuk aurkeztu zituzten, ABren autonomia maila «babesteko» EH Bairen barruan. Proposamen hori baztertu zuen Biltzar Nagusiak, abantzu ehun kidek egin baitzuten EH Bai berrosatzearen alde, eta zuzenketek hogei pertsonen sostengua baino ez zuten ukan.

Izan ere, abertzaleen elkarlana ez da izan EH Bai koalizioan bakarrik azken urteotan. Hainbat eremutan, abertzaleek bat egin dute. «Abertzaleen arteko elkarlana ez da gauza berria, eta horren froga nabarmena da gure militante eta hautetsiek bat egin dutela hainbat lan ildotan, hala nola Bake Bidea edo Bil Gaiten egitasmoetan eta egituretan. EH Bai indartzeko deliberoa norabide horretan egindako urrats bat gehiago da», azaldu du Etxeberri Aintzartek.

Hauteskunde garaia iragan ondotik, etorkizun hurbilean abertzaleen lana eraginkorragoa bihurtzeko erronka aitzinean dutela gogoratu du Etxeberri Aintzartek: egunerokoan aho batez mintzatzea eta lan egitea,Euskal Herriak pairatzen duen gatazkan aho batez mintzatzea eta nazio eraikuntzan urratsak egitea elkarrekin. Lan horrek ezin du ezabatu aitzinean den egutegia. Izan ere, 2014-2017ko urteotan hauteskunde mota guztiak eginen dira Ipar Euskal Herrian, herrietakoak, lurraldeetakoak, Europakoak... Horiek antolatzen hasi beharra dagoela azpimarratu du, polo indartsua osatuz.

Batasunak, berriz, antzeko gogoeta egin zuen azaroaren 3ko Biltzar Nagusian, Aurore Martin Batasuneko kidea atxilotu eta biharamunean. Errepresioak norabide politikoan eragiteko indarrik ez, eta «2010ean Zutik Euskal Herria txostenean finkatu eta 2011 zehaztu genituen ildo nagusien lanetan jarraituz, EH Bai hauteskunde denboretan tresna izateaz gain, eguneroko jardunean abertzaleen arteko elkarlanerako tresna bihurtzea deliberatu dugu», erran zuen Batasunak.

Esku makila

Azken urteotan ezker abertzaleko hainbat kidek, alderdien egituretatik at eta elkarlanean, gogoeta sakona egin zuten, zatiketa gainditu eta oinarri sozialaren iritzia biltzeko asmoz. Arloz arlo, inkesta bat osatu, eta ezkerreko militante abertzaleen artean banatu zuten. 1.600 erantzun bildu zituzten. Han argiazaltzen zen ezker abertzaleko oinarri sozialak zatiketa gainditzea eskatzen zuela eta etorkizunean abertzaleen lanak bateratu beharra zegoela. Inkesta horren emaitzak, ildo horretan, akuilu izan dira bai ABn zein Batasunak, indarrak biltzerakoan.

Bi Biltzar Nagusiek hartu deliberoen ondotik, EArena falta da. EH Bai egonkortzeko parioa herrietan sustraitu behar dela azaldu zuen inkestan. Zenbakietan ere ondorioztatzen da. 120 bat pertsona inguruk hartu zuen parte ABren Biltzar Nagusian eta gisa bereko kopurua Batasunaren bilkuran. Hainbat arrazoirengatik, Ipar Euskal Herrian nabarmena da independienteen pisua, inkestaren erantzule kopuruan ikus daitekeen bezala.

EH Bai egitura indartzea deliberatu dute alderdiek, baina, orain, urrats hori egiten asmatu beharko dute. Koalizioaren egituran, alderdietako zuzendaritzek hartu izan dituzte erabakiak. Egonkortzeko, eztabaidak eta deliberoak herrietara eraman beharko dituzte, eta EH Baik alderdiei ez ezik, independienteei ere tokia egiteko ibilmoldea atzeman beharko du, abertzaleek gizartean duten eragina etekin politiko bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.