Larunbatean, ezohiko Biltzar Nagusia egin zuen EH Baik, eta, hartan, kide gehienak Frantziako Senaturako hauteskundeetarako ezkerreko aliantza bat osatzearen alde azaldu ziren. Horrekin, hautetsi abertzale bat Senatura bidali eta «proiektu politiko abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista» indartu nahi dute.
Senaturako hauteskundeetan ez dute herritar guztiek botoa ematen, zenbait hautetsik baino ez dutelako botoa emateko eskubidea. EH Baik bozkatzeko sistema hori kritikatu du, iritzita ez dela «demokratikoa», eta uste du ordezkariak hautatzeko eskumena «herritarren esku» utzi beharko litzatekeela sufragio unibertsalaren bidez.
Hala ere, garrantzia eman nahi izan diete hauteskunde horiei: «Gure eguneroko bizitzaren inguruko erabakiak hartzen dituzten instituzioetan Euskal Herria ordezkatzeko bokazioa dugu. Senatua da horren adibide, lege proiektu oro han aztertu eta bertako kolektibitateen eta erreforma instituzionalen arloetan funtzio garrantzitsua duelako».
EH Baik gogora ekarri du 2020az geroztik gora egin duela hauteskunde prozesu guztietan, eta hautetsi kopurua emendatu izana ekarri duela horrek, eta, ondorioz, baita Senaturako botoa eman dezaketen hautetsi abertzaleak gehiago izatea eta «eragiteko gaitasuna» handitzea ere. Gaitasun hori baliatu nahi dute hautetsi abertzale bat egon dadin Senatuan, eta, hortaz, «begi onez» ikusi dute Alderdi Sozialistako kide Frederique Espagnacek egindako proposamena zerrenda bat osatu eta han hautagai abertzale baten parte hartzea bermatzeko.