EH Bai urteko erronkei begira jarri da, iragan abenduan kideekin egindako biltzar nagusian. Egindako ibilbidearen gogoetatik abiatuta, aurtengo eginbeharrak eztabaidatu zituzten orduan, eta horien berri eman dute gaur, Baionan egindako agerraldian. Iragarri dute, besteak beste, ekainean iragatekoak diren Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko direla, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan.
«Hasi berri den urte honetan ere erronkak handiak izanen dira, bai Frantziako Estatuari begira, bai Ipar Euskal Herriari begira», segurtatu du Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak. Gogora ekarri du osasun krisiaren eraginez krisi soziala ere ate joka dagoela: «Krisiaren ondorioak pairatzen ditugu jadanik, eta ez dakigu noiz arte eta zertara eramanen gaituen». Hala, «justizia sozialaren» alde egiteko prest agertu da koalizioa.
Lopepek, bestalde, Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak izan ditu hizpide. EH Baik ez die boza kontsignarik emanen bere kide eta hautetsiei; «ez da gure jarduera politikorako eskala». Haatik, ekainaren 12 eta 19an iragatekoak diren Frantziako legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko da taldea, Ipar Euskal Herriko barruti guztietan. «Dugun egoeraren aurrean, ahalik eta hurbilen erabakitzea funtsezkoa da».
Barne gogoeten aldia
EH Baik hamabost urte beteko ditu aurten. Izandako ibilbideaz hausnarketa prozesua egin dute kideek, eta Lopepek azaldu du barne gogoeta prozesu bat abiatu dutela. «Gauzak biziki fite aldatzen dira; mugimendu abertzale zaharra aldaketa horien guztien diapasoian ezarri behar da». Barne prozesuaz gain, «egunerokoari» erantzuteko ahaleginetan ere arituko direla segurtatu du, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, besteak beste.