Frantziako Senaturako hauteskundeetara aurkezteari uko egin dio EH Baik. Ekainaren 3an egin zuten biltzar nagusian, Frantziako ezkerrarekin aliantza bat egitea hobetsi zuten, eta Frederique Espagnac senatari sozialistak egin zien proposamena lantzea erabaki. EH Baik orduan jakinarazi zuenaren arabera, ezkerreko abertzale bat zerrendan sartzea eskaini zien Espagnacek.
Ohar batean esplikatu dutenez, jakobinoak ez diren ezkerreko beste alderdiekin harremanak abiatu dituzte martxoaz geroztik. Elkarrizketa horietan, «alderdi sozialistaren oniritzia omen zuen aliantza proposamen bat»
egin zion EH Bairi senatari sozialistak: «ezker pluralaren izenpean —ez alderdi sozialistaren izenpean—, bera buru
lukeen zerrendako bigarren lekua auzapez abertzale batek hartzea», ezkerreko abertzaleen hitzetan.
Biltzar nagusian aukera horri heltzea erabaki zuten EH Baiko kideek, eta hala jakinarazi zuten hortik bi egunera. Ezkerreko abertzaleen komunikazioaz «harritua» agertu zen Espagnac zenbait hedabidetan, eta esan zuen ez zirela akordio batera iritsiak.
Aste hasieran beste bilkura bat egin dute EH Baik eta Espagnacek. «Apirileko proposamena baztertu, eta zerrenda bateratu baten egiteko ateak hetsi ditu», dio EH Baik oharrean. «Hala, zerrendako bigarren postua EH Baikoa ez den beste hautetsi bati emateko deliberoa hartu du». Horiek horrela, abiatutako elkarrizketak amaitutzat eman ditu EH Baik.
EH Baik uste du apirilean egin proposamenak ez zuela alderdi sozialistaren sustengurik, senatariak azaldu zuenaren kontra. «Espagnac andrearen eta alderdi sozialistaren seriotasun eskasa» deitoratu du. «Praktika politiko horiek gure mugimendu politikoaren praktiketatik oso urrun daude. Horregatik, uste dugu inportantea dela herritarrak batzuen eta besteen egin moldeen jakinaren gainean izatea».