«Hurbil zaitezte, festa dago eta». Berez atzo ez ziren Hondarribiko (Gipuzkoa) jaiak, baina Butroi pasealekuan musika jartzen ari zen DJak ez zuen arrazoi faltarik: EAJk uda giroko mitina antolatu zuen.
Umeak puzgarrietan saltoka. Paparrean ikurrina zeramaten begiraleak lagun, ikurrina duten txapak egiteko aukera. Ondoan, dozenaka haur eta gazte hondartzan bainu bat hartuz. Toallak bainujantziak eta eguzkitako kremak. Eta hogei bat metro aurrerago, kartoizko Aitor Estebanekin eta Maribel Vaquerorekin selfieak. Mitin baterako ezohiko irudia. Zenbaitzuk zalantzan jarri bazuten ere uda eta hauteskundeak —eta, horrenbestez, kanpaina— uztargarriak ote diren, atzokoan EAJk baietz frogatu zuen. Hala zioen publikoarentzako aulkietan esertzera zihoan batek: «Kontzertu batera etortzea bezala da».
Baina ez zen festa hutsala izan: alderdiaren mezuak han bildu ziren dozenaka herritarrei helarazteko baliatu zuten mitinak iraun zuen ordu erdi inguruan. Maribel Vaquerok, EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak, nabarmendu zuen «alderdi abertzalea» direla eta «politika abertzalea» egiten dutela: «Euskadi bihotzean dugu, eta buruan, Euskadi da gure iparrorratza».
Besteen aurrean, EAJ
Bizkaiko hautagai Aitor Estebanek, berriz, azkenaldiko polemika bati heldu zion, PPk eta EAJk maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean izandako edo izan gabeko harremanei. Argi mintzatu zen: «Egia argia eta irmoa da: EAJk ez dauka inolako akordiorik PPrekin, ezta Voxekin ere». Eta faxismoaren aurkako borrokalaritzat aurkeztu du alderdia: «Faxismoarekin ezer ez. PPk marra onartezin bat igaro du Vox normalizatuz eta instituzio autonomikoetan sarbidea emanez».
Halaber, eskuin muturrari ez ezik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izateko PSOEren hautagaiari ere mintzatu zitzaion. Estebanen esanetan, EAJri botoak eskatzera joan eta presidente izan nahi badu, «herri honi» interesatzen zaionari erantzun beharko dio. Eta EH Bildu aipatu zuen: «Beste batzuek botoa oparitu nahi badute, euren erabakia da. [EH] Bilduk makulu espainiarra izan nahi badu, bere gain har beza».
EH Bildu eta PSOE izan zituen ahotan Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek ere: «Guk euskal boto onuragarria eskatuko dugu. Zein ote da hori? Sozialista bozkatzea, Espainian beherantz doazenean? [EH] Bildu bozkatzea, Sanchezen menpe dagoenean? Ez bata, ezta bestea ere. Hemen, Gipuzkoan, Euskadin, boto baliagarria da PNVren botoa, PNVk argi eta garbi erakutsi duelako euskal interesak eta eskubideak defendatzen dakiela, gure herriak merezi duena lortzeko».
Eta festan hasitakoa festan amaitu behar. Zer esanik ez atzoko gau giroarekin. Eta horretarako, zer hoberik mitina bukatuta furgoneta batetik emandako gazta eta gilda pintxoak jatea eta sagardo freskoa edatea baino?
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina
Eguzkia, Alderdia eta Jaia
Puzgarriak, jana, edana, abestiak... EAJk uda giroko kanpaina ekitaldia egin du Hondarribian. EH Bilduri Pedro Sanchezen menpe egotea leporatu diote, eta ziurtatu dute EAJ dela «euskal boto onuragarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu