Eguzki plaken eta bestelako gailu elektronikoen ekoizleek arduratu beharko dute 2012ko abuztuaren 13tik aurrera saldutako produktuen hondakinak kudeatzeaz. Gaur onartu berri du araudia Europako Batasuneko Kontseiluak, eta herrialdeek hemezortzi hilabete izango dituzte aldaketa berriak beren legedian sartzeko.
EBko Justizia Auzitegiaren 2022ko epai baten harira iritsi da aldaketa. Izan ere, epaileek ebatzi zuten 2018an onartu zen Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinen Araudiak bidegabeki aplikatzen zuela hondakinen gaineko produktoreen atzerako eraginezko erantzukizuna. Hori dela eta, partzialki indargabetu zuten araudi hori, 2012a baino lehenago komertzializatutako hainbat gailuren hondakinak kudeatzera behartuta baitzeuden ekoizleak.
Hala, EBko Kontseilua eta Europako Parlamentua lanean jarri ziren araudia aldatzeko, eta gaur egin dute azken urratsa, EBko Kontseiluak behin betiko onartu baitu araudiaren aldaketa. Hemendik aurrera, 2012ko abuztuaren 13tik aurrera komertzializatutako gailuen ekoizleek produktu horien hondakinak kudeatu beharko dituzte, ez aurrekoak.
Gailu sorta horien barruan sartzen diren deigarrienak plaka fotovoltaikoak dira, baina ordenagailuak, hozkailuak eta bestelakoak ere barne hartzen ditu.