Eguzki parke bat eraikitzeko baimena eskatu du I-Ener energia berriztagarrien ekoizleak Senperen (Lapurdi). Senpereko Zaluaga gunean egingo lukete, hiru hektareako hedadura izango luke, eta arriskurik gabeko hondakinak lurperatzeko instalazio ohiaren gainean eraikiko lukete. Bil Ta Garbi sindikatuaren eskupeko gunea da Zaluaga, eta proiektua begi onez ikusten du, «beste edozertarako erabilgarria ez den lurra» baliatzen baitu.
Parke berri horrek urtean 2,3 GWh ekoitziko ditu, hau da, 500 etxek erabiltzen duten energia. Izan ere, gaur-gaurkoz, Ipar Euskal Herrian kontsumitua den elektrizitatearen %94 ez da bertan ekoizten. I-Ener, Enargia eta Bil Ta Garbiren helburua da «elektrizitate produkzioa birlokalizatzea», «energia berriztagarrien modeloa %100era garatuta». Bide horretan, beste lau baimen eskatuko dituzte aurten, Baionan, Urruñan (Lapurdi), Maulen (Zuberoa) eta Behaskanen (Baxenabarre) eraikitzeko.
Orain arte, eraikin publikoen teilatuetan jarri izan ditu instalazio fotovoltaikoak I-Ener sozietateak. Ipar Euskal Herriko lehen lurreko eguzki parkea izango litzateke. Azpimarratu nahi izan dute Zaluagako lurra ez dela eraikigarria. «Gunearen itxieraren ondotik 30 urtez artifizializatua dela dio legeak, eta Zaluaga biziki aktibo da oraingoz; beraz, ez dugu espero eraikigarria bilakatuko denik luzerako», adierazi zuen Nicolas Seguin Bil Ta Garbiko kideak.
2024 amaieran eraikitzen hastea espero dute. Finantzaketa «oraindik muntatzen» ari direla adierazi zuen Patxi Bergara I-Enerko buruak. Asmoa proiektuaren zati bat herritarren diru emateekin diruztatzea da, baina ez bakarrik, Bil Ta Garbiri ere zuzenean proiektuan ekonomikoki ere parte hartzeko proposamena egingo diote, eta, mailegu baten bidez osatuko dute behar izanez gero.