Egutegiaren zama

Imanol Murua Uria.
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Urriak 31

Urkulluren hitzak


Iñigo Urkulluren elkarrizketak arretaz irakurri beharrekoak izaten dira: ez dirudi ezer bat-batean esaten duenik, erantzuten duen hori oso hausnartua ekarri duela ematen du.

Joan den astean Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin berriro bilera egin ondoren, hainbat elkarrizketa eman ditu aste honetan,igandean BERRIAn bertan argitaratutakotik hasita.

Hara ondorio gutxi batzuk. Rodriguez Zapaterori buruzko konfiantza mezua ematen ari da: euskal auzi politikoa konpondu beharrekoa dela jabetzen omen da gobernuburua. ETAri buruzko mesfidantza mezu erabatekoa, kontrastean: jardun armatua behin betiko uzteko borondaterik ez duela uste du, eta irtenbidea Batasunak ETArekin etetea izan beharko duela, ondorioz ; gainera, Gernikako adierazpenean eskatutakoaren araberako su-etena ematen badu, EAJk iradoki du PSOEk bezala erantzungo duela, nahikoa ez dela esango duela alegia. Nazioarteko eragileen funtzioa auzitan jarri du: ETAren su-etena egiaztatzeko ardura nazioarte eragileek beharrean Eusko Legebiltzarrak izan beharko lukeela esan du, hori nola gauzatu beharko litzatekeen zehaztu ez duen arren, EAEko parlamentuak funtzio hori nola beteko lukeen oso ondo ulertzen ez den arren. Aho txikiarekin Alderdien Legearen aurkako diskurtsoari eusten dio baina, Batasunak legezkoa izateko zer egin behar duen badakiela esaten duenean, hurrengo hauteskundeetan aurkeztu edo ez aurkezteko erantzukizuna ezker abertzalearen gain uzten du, azken batean.

Funtsean, eskarmentuak eskarmentu, inori lurreratze pista errazteko asmorik ez duela EAJk.

Azaroak 2

Zapatero eta presa


Rodriguez Zapaterok esan du berak ez daukala presarik, eta, izatekotan, presa, Batasunak izan dezakeela. Egia izan daiteke, neurri batean: izan ere, Batasunak presa handiagoa izan dezake, mugarrietako bat hurrengo urteko udal eta foru hauteskundeetan baitu, eta Espainiako gobernuburuaren mugarria, aginteari eutsi ahal izateko lehia, ez da 2012 arte iritsiko.

Ezker abertzaleak esana du orain arteko urratsak ez dituela egin hurrengo bozetara aurkeztu ahal izateko bakarrik. Ezagun du hala dela, oso epe luzeko apustua dela. Eta adierazia du abiatutako bidean jarraitzeko baldintza ez dela hurrengo hauteskundeetan aurkeztu ahal izatea. Baina horrek ez du esan nahi, jakina, datorren udaberriko bozetan aurkeztu ahal izateak garrantzirik ez duenik, giltzarria ez denik.

Gerta daiteke, ETAk eta ezker abertzaleak egiten dutena egiten dutela, hala ere alderdi berriari edo herri plataformei ate guztiak ixtea. Azken egunotan horixe iradokitzen ari dira PSOEko ahotsak, besteak beste Ramon Jauregi euskal ministroa. Baina ate horiek irekitzeko aukerarik izatekotan, pauso batzuk lehenbailehen ematea eskatzen duegutegiaren estuak. Eta azken mugimenduen atzean sumatzen den egutegiaren logikan, hurrengo urratsa ETAk Bruselako eta Gernikako adierazpenetan eskatutakoari erantzutea izan beharko lukeela ematen du. Horren zain daude Bruselan eta Gernikan bildu ziren guztiak. Izan ere, horren aurretik ezker abertzaleak nekez emango du alderdi berriko estatutuak aurkezteko pausoa.

Tregoaren tranpa

Laster etor daitekeenari aurrea hartzen hasi zaizkie batzuk, bitartean. Asteartean, La Razón-en azaleko izenburu nagusia: «Tregoa berria udal hauteskundeen ondoren hausteko asmoa du ETAk». Egun berean, El Mundo-ren albiste nagusia: «ETAko sektore bat Gobernuaren eta Batasunaren planaren aurka dago». Hurrengo egunean, La Razón: «ETAk Peru eta Xarla-ri eman die berrantolaketaren ardura». Eta El Mundo, egun berean: «Txosten polizial batek berretsi egiten du ETAk ez duela armak uzteko asmorik». Ezagun du: tregoa tranparen ideia saltzen hasteko garaia dela erabaki dute horretan eskarmentua dutenek.

Azaroak 5

Otegi, ikurra


Zaila dago Arnaldo Otegiren auziari buruz ezer berria argudiatzen. Pentsa: Grande Marlaska epaileak berak ere adierazi zuen Batasuna ez dagoela ETAren aginduetara, gazteen aurkakoazken sarekadako autoan idatzi zuenean Segi dela «ETAren planteamendu erradikalekin bat egiten duen egitura bakarra». Berdin dio: Angela Murillo epaileak ez du ezer behar Otegi ETAren esanetara dagoela baieztatzeko; lasai asko gelditu zen Nelson Mandelak inoiz indarkeriarik ez zuela erabili idatzi zuenean ere.

Hamaika arrazoi daude Otegiren askatasuna eskatzeko, eta hamaika herritarrek bat egin dute horregatik, horretarako. Preso bakar baten aldeko kanpaina da, baina ikur baten aldekoa ere bai; presoa askatzea du xede, baina zuzenbide estatu honen benetako aurpegia munduaren aurrean nabarmen uztea ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.