egunkaria auzia

'Egunkaria'-ren aurkako auzi ekonomikoa Auzitegi Nazionaletik Donostiako epaitegira ekarri dute

Jose Maria Vazquez Honrubia zigor aretoko epaileak gaur esan du itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondoren dagoeneko ez dagoela "delitu terroristaren" zantzurik eta, beraz, ez dela Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskuduntza auzi ekonomikoko ustezko iruzur fiskala epaitzea. Auzitegi Nazionalak apirilaren 12an eman zuen 'Egunkaria'-ren itxiera auziko absoluzio epaia, auzipetuek ETArekin loturarik ez zutela izan ebatzita, eta sententzia atzo irmo bihurtu zen. Zortzi auzipetu daude auzi ekonomikoan, eta 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eta 235 milioi euroko isuna eskatu dituzte haientzat.

2010eko maiatzaren 5a
23:09
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du Egunkaria-ko auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa egingo, Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki baitu, gaur eguerdian auto baten jakinarazi duenez. Donostiako epaitegiak helduko dio, beraz, auzibideari.

Euskarazko kazetaren itxiera kasuko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi du auzian "delitu terroristaren" zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela -'ohiko delitua'-. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza -narkotrafiko eta "terrorismo" gaietarako sortu zuten auzitegi hori-, auzia Gipuzkoara pasatzeko agindua eman du -Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen-. Defentsak horixe eskatu izan du. Dignidad y Justicia herri akusazioak gaur bertan iragarri du helegitea sartuko duela.

"Bere txarrean, albiste ona da gaurkoa, onena auzibidea ixtea litzatekeelako", esan du Joan Mari Torrealdai auzipetuak arratsaldean Euskadi Irratian. "Kasu honetan mafiosoak garela egozten digute, baina frogatuko dugu gezurra dela hori ere".

Egunkaria-ren itxiera auziko epaia joan den apirilaren 12an atera zuen Auzitegi Nazionalak, eta absoluzioa eman zuen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuentzat, ETArekin loturarik ez zutela izan argudiatuta. Defentsak bezala, Miguel Angel Carballo fiskalak absoluzioa eskatu zuen epaiketan. Ez AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten-. AVTk eta Dignidad y Justiciak apirilaren 29an esan zuten absoluzio epaiaren kontra ez dutela helegiterik jarriko Espainiako Auzitegi Gorenean; ondorioz, sententzia irmo eta behin betiko bihurtu da -atzo-.

Auzi ekonomikoko operazioa 2003ko urrian egin zuen Guardia Zibilak, Egunkaria itxi eta zortzi hilabetera. Bietan Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak eman zuen agindua.

Itxiera kasuko sententziaren arabera, bost auzipetuek ez zuten deliturik egin, ez zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen "terrorismoa" goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon -torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten-.

Zortzi auzipetu auzi ekonomikoan

Zortzi auzipetu daude auzi ekonomikoan, eta herri akusazioak 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi die -5.481.832 eurokoa-, eta alor ekonomikoan ETArekin harremana izatea. Kasu honetan Dignidad y Justicia baino ez dago herri akusazio bezala.

Fiskalak ere egiten du akusazioa, baina mugatua. Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten baten bidez argitu izan du zergen kontuan auzipetuek ez zutela iruzurrik egin, eta fiskalak orduan erretiratu egin zuen akusazio hori. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzei buruzko txostena ez du aurkeztu oraindik; ikusi egin beharko da zer jokabide hartzen duen orduan fiskalak.

Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia dute eskatuta haren aurka, eta 32,8 milioi euroko isuna.

Iñaki Uria. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Txema Auzmendi. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Joxe Mari Sors. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Ainhoa Albisu. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.

Mikel Sorozabal. 21 urte eta 9 hilabeteko espetxealdia eta 27,2 milioi euroko isuna.

Begoña Zubelzu. 17 urte eta 2 hilabeteko espetxealdia eta 21,6 milioi euroko isuna.

Fernando Furundarena. 13 urte eta 3 hilabeteko espetxealdia eta 21,2 milioi euroko isuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.