'Egunkaria auzia'

'Egunkaria auzia'-n zortzi lagun auzipetzea erabaki du Del Olmok, 1993an hildako Joxemi Zumalabe barne

Joxemi Zumalabe zena, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Alegria, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Martxelo Otamendi auzipetzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok, 'Egunkaria auzia'-rekin lotuta. Auzi berean inputatuta zeuden Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goia kargu gabe uztea erabaki du, eta, halaber, Martin Ugalde zena auzipetzeko arrazoirik ez dagoela dio. Aipatutako zazpi pertsonak auzipetzeko 'Egunkaria' "ETAren azpiegituraren barneko konplexua" zela argudiatu du, eta, ondorioz, arduradun ohi horiek erakunde armatu horrekin zerikusia zutela.

2004ko azaroaren 4a
17:59
Entzun
Izan ere, lau pertsona horiek 'Egunkaria'-ren proiektuan ez zutela zeresan nabarmenik izan, eta beraz, ez dituzte epaituko.

Euskaldunon Egunkaria "ETAren bitarteko eta azpiegituraren barneko konplexua" zela jaso du Del Olmok gaur plazaratutako prozesamendu autoan, talde armatu horren "mezuak hedatzeko eta estrategiak berrindartzeko".

Hari horri tiraka, Egunkaria -ren arduradun ohi izandako zortzi lagun auzipetzea erabaki du: Zumalabe zena, Torrealdai, Auzmendi, Uria, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria. Halaber, Egunkaria-ren proiektuaren erantzule nagusiak Zumalabe zena, Torrealdai, Auzmendi eta Uria zirela zehaztu du; ETAren eta Egunkaria -ren arteko bitartekaritza lana egotzi dio Alegriari, eta, Otamendiri, berriz, "ETAren ideologiatik hurbileko" pertsona izatea eta erakunde armatuaren ideologia plazaratzen laguntzea.

Aurretik inputatuta zeuden beste hiru lagun, Fermin Lazkano, Inma Gomila eta Luis Goya, ostera, kargu gabe uztea erabaki du, Egunkaria proiektuan zeregin esanguratsurik izan ez zutelako, eta, beraz, ez ditu auzipetu.

Joan den urriaren 4an hli zen Martin Ugalde zenaren diru kontuak blokatzeko ere agindu zuen bere garaian Del Olmok —kulturgile handia hil eta gero utzi zuen bertan behera zigor neurri hori—, baina ez du auzipetu. Horretarako Ugalde ez dela sekula ETAren gutunetan agertu eta ez dagoela Egunkaria -n "funtzio eragingarria" betetzen zuenik frogatuta arrazoitu du.

Zazpi auzipetuei datorren abenduaren 3an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegi Zentralean agertzeko agindua ezarri die, ikertze galdeketa egiteko.

Halaber, 'Euskaldunon Egunkaria' kazetaren eta haren merkantil ziren Egunkaria Sortzen S.L.ren zein Egunkaria S.A.ren itxiera beste lau hilabetez luzatzea erabaki du.

Espainiako Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an itxi zuen 'Egunkaria' Del Olmo epailearen aginduz. Halaber, hamar lagun atxilotu zituen —aurrez aipatutako guztiak Zumalabe eta Ugalde zenak izan ezik—. Atxilotuetako hainbatek torturak salatu zituzten.

Aralarrek elkartasuna adierazi die auzipetuei

Aralarrek erabateko elkartasuna adierazi die auzipetuei, eta, era berean, Del Olmo epaileak hartutako erabakiarekin "guztiz desados" dagoela nabarmendu du. "Beste behin ere epaileek euskal gizarteatik sortutako ekimen zibilen kontra jotzen dutela ikusi ahal izan dugu eta Espainiako botere judizialetik aniztasunaren errespetua zer den ez jakiteaz gain, euskararen zein adierazpen askatasunaren aurka egiteko inolako mugarik ez dutela erakusten du auzipetze horrek", adierazi du prentsa ohar baten bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.