Egungo «turismo eredu eutsiezina» salatu du Jauzi Ekosozialak

Talde ekologistak ohartarazi du bidaiatzeko egungo moldeek «inpaktu itzulezina» eragiten dutela naturan. Hiri nagusietako auzoak «etxe turistikoz josi» izana ere gaitzetsi dute.

Luxuzko gurutzaontzi bat, Donostia parean.
Luxuzko gurutzaontzi bat, Donostia parean. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko irailaren 12a
16:59
Entzun

Udako «turismo eredu neurrigabearen inpaktu kezkagarria» salatze aldera, Jauzi Ekosoziala talde ekologistak protesta ekintza bat egin du gaur, Getxoko Ereaga hondartzan. Turismo eredu honek hiltzen gaitu leloa idatzi du hondartzako harean. «Udara bukatzear da, eta aurten ere gure txokoak turismoaren mesedeetara saldu dira», adierazi du taldeko bozeramaile Nerea Zuluagak.

Ekintzaren berri emateko argitaratu duen oharrean elkarteak gaitzetsi duenez, Euskal Herriko hondartzak eta bestelako inguru batzuk «gutxi batzuen botere gogoa asetzeko tresna» bilakatu dira. «Milaka turista dakartzaten gurutzaontzien portu bihurtu da kostaldea, eta etxe turistikoz josi dira hiri nagusietako auzoak». Ohartarazi dute turismo eredu horrek «inpaktu itzulezina» eragiten duela itsasoan, airean eta lurrean.

Horrez gain, nabarmendu dute egungo turismoak eragin zuzena duela herritarren bizi kalitatean. Halako turismoak, besteak beste, negozio txikien gainbehera bultzatzea dakar; baita etxebizitza eskubidea ukatzea eta osasun arazoak areagotzea ere. «Bidaiatzea aske eta arrakastatsu izatearen ikur gisa saldu digute. Baina noren askatasun? Noren arrakasta?», galdetu du Zuluagak. «Ez nirea, ez zurea».

Jauzi Ekosozialak #KrisiEkosozialaEzDoaOporretan kanpaina abiatu zuen udaren hasieran, eta haren parte izan da gaurko ekintza. Kanpainak segida izango du larunbatean. Taldeak bizikleta martxa bat egingo du Bizkaian. Sondikako aerodromora zutabe bat abiatuko da Getxotik, beste bat Mungiatik eta beste bat Bilbotik, jet pribatuek eragiten dituzten berotegi gasen isurketak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.