Eva Silvan. Save the Children elkarteko kidea

«Egungo sistema juridikoan, haurrak ahaztuta dauzkate»

Eva Silvanek adierazi du «ezinezkoa» dela jakitea zenbat haurrek jasaten dituzten indarkeriaren ondorioak. Uste du «ikerketa sakonak» egin behar liratekeela «arazoaren neurriaz» konturatzeko.

2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian ez dago baliabide nahikorik haurrak genero indarkeriaren zuzeneko biktima gisa artatzeko». Eva Silvan Save the Children elkarteko kidearen hitzak dira (Gasteiz, 1975). Uste du «gakoa» dela ikuspuntu juridikotik umeak zuzeneko biktimatzat hartzea, prozesu hori abian jartzeko eta haurrei behar dituzten baliabideak emateko.

Genero indarkerian ez dago biktima bat soilik txostena aurkeztu berri duzue. Zein ondorio atera dituzue?

Guztiaren gainetik, ikusi dugu Euskal Herrian ez dagoela baliabide nahikorik haurrak genero indarkeriaren zuzeneko biktima gisa artatzeko.

Zer dela eta baliabide falta hori?

Legeak ez ditu haurrak genero indarkeriaren zuzeneko biktima gisa ikusten. Umeak zuzeneko biktimatzat hartzen dira oinaze fisiko larriak pairatzen badituzte soilik; ez dituzte kontuan hartzen umeek izan ditzaketen ondorio psikologikoak. Hortaz, ezinbestekoa da esparru juridikoak haurrei aitortza hori egitea, horrek bide emango duelako haurrak artatzeko sistema espezifiko bat egituratzeko, eta umeek behar dituzten baliabideak emateko. Gaur egungo sistema juridikoan, haurrak ahaztuta dauzkate.

Zein erakundek artatzen ditu genero indarkeriaren ondorioak pairatzen dituzten haurrak?

Euskal Herrian, oso deszentralizatuta daude genero indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten erakundeak. Eraso egin dieten emakumeak artatzeaz diputazioak arduratzen dira; ondorio fisiko zein psikologiko larriak izan dituzten haurrak ere artatzen dituzte. Hain agerikoak ez diren ondorioak dituzten haurrak, berriz, udalen esku geratzen dira. Horrek eragiten du haurrek ez jasotzea behar besteko atentzioa, ez dagoelako sistema jakin bat haur horiek artatzeko.

Ondorio berberak al dituzte indarkeria jasan duten emakumeek eta euren seme-alabek?

Argi dago ezetz. Horregatik eskatzen dugu haurrak zuzeneko biktima gisa onartzea, haiek ere tratamendu jakin bat behar dutelako. Gaur egun, amarekin batera tratatzen dituzte haurrak, zerbitzu sozialetan. Horren eraginez, emakumeek tratamendua etetea erabakitzen dutenean, edo bukatzen dutenean, euren seme-alabek ere bukatu egiten dute, eta tratamendua etenda gelditzen da, osatu gabe. Horrek, zalantzarik gabe, kalteak eragiten dizkio haurrari.

Luze gabe eta luzera begira, zein ondorio eragin ditzake haurrengan genero indarkeria giro batean bizitzeak?

Etxean egunero irainak, oihuak, mespretxuak eta erasoak ikusteak ondorio asko ekar diezazkioke haurrari, luze gabe. Amesgaiztoak direla eta, ezin izaten dute lorik hartu; eskolan ere arazoak izaten dituzte; jarrera erasokorrak izaten dituzte eguneroko harremanetan... Haur hori heldu egiten denean, berriz, ez dakigu zenbateraino eragingo dion haurtzaroak, zenbateraino baldintzatuko dion bizitza. Hori da egiten dugun beste aldarrikapen bat: ikerketa sakonak egitea, ikusteko zein ondorio dituzten garai batean indarkeria giro batean bizi izan ziren haurrek. Gainera, kontuan hartu behar dugu soilik salaketa jartzen duten emakumeen seme-alaben kasuak ezagutzen ditugula. Beste hainbat haur eta emakumek sufritzen dituzte, isilpean, genero indarkeriaren ondorioak.

Zenbat haurrek dute arazo hori hemen? Datu zehatzik ba al duzue?

Argi esango dizut: ez daukagu daturik; ez dakigu zehazki zenbat haurrek pairatzen dituzten indarkeriaren ondorioak. Horregatik aldarrikatzen dugu ikerketak egin behar direla. Nire ustez, genero indarkeria zenbat umek jasaten duten jakiten dugun egunean, orduan jabetuko gara benetan arazo horrek duen neurriaz. Baina, gaur egun, biktimei laguntzeko sistemek duten egiturarekin, ezinezkoa da kopuru zehatzak jakitea. Izan ere, emakume bati, salaketa jartzen duenean, soilik galdetzen diote ea baduen seme-alabarik bere kargu. Besterik ez. Haurren sexua, adina eta beste hainbat datu ez dituzte erregistratzen; horrela, ezinezkoa da haur bakoitzari tratamendu jakin bat ematea. Lan asko geratzen da oraindik egiteko.

Haurrak genero indarkeriaren zuzeneko biktima gisa onartzea hutsetik hasi beharreko bidea da, beraz?

Ez, ez. Egia da gabezia asko daudela, baina zilegi da, baita ere, onartzea aurrerapauso batzuk eman direla, eta instituzioek martxan jarritako tresna batzuek piztu dutela gure itxaropena; esaterako, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak sustatu duen Balora egitasmoak. Tresna berritzailea da, onartzen duelako genero indarkeria giro batean bizi diren haurrek kalte psikologikoak pairatzen dituztela. Zalantzarik gabe, aurrerapauso bat da haurrak zuzeneko biktima gisa onartzeko prozesuan. Horrez gain, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako zuzendari Mariola Serranok esan berri du lantalde bat sortu nahi duela Euskal Herriko Genero Indarkeriaren Behatokiak. Lantalde horrek genero indarkeria jasan duten haurrak ikertuko lituzke. Hori ere berri ezin hobea da, talde horrek ikerketa sakonak egingo lituzkeelako haurren egoeraren inguruan, eta zehaztuko lukeelako zenbat haur bizi diren gaur egun bortizkeria giro batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.