Josune Ibargoien eta Clara Rosas. Magale enpresako kideak

«Egungo jendartea ez da gai mina jasateko»

Etxean erditzeko bidea profesionalki urratzen lehenengotarikoak dira. Haurdunaldi osorako arreta eskaintzen dute, ugalketa askea eta erosoa bermatzeko. Onurak dauzkate ahotan: «Erietxean bezain segurua da».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Osasun sistemak eskaintzen dituen zerbitzuei «alternatiba bat» emateko eta eskaera bati erantzuteko otu zitzaien Josune Ibargoieni (Irun, Gipuzkoa, 1988) eta Clara Rosasi (Moia, Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1988) Magale egitasmoan murgiltzea. Etxean erditzeko laguntza pertsonala eskaintzen dute, eta haurdunaldiaren prozesu osoaz arduratzen dira; zerbitzua «gertukoa eta errespetuzkoa» dela diote. Erditzeetan andreen akuilu eta abaroa izaten hasi, eta ugalketaren aldi osoan «premiazko osasun erreferente» bihurtzen dira. Teknologia berriak eta erditzeak erietxeetan egiteak emaginen jarduna nabarmen aldatu arren, baikor mintzatu dira: «Geroz eta ohikoagoa da etxean erditzea». Uste dute horrek amari eta umeari egiten diela mesede; baita bikotekideari ere, haurdunaldia «modu beteagoan» bizitzeko parada ematen baitio. Argi dute: «Bakoitzak aproposen eta erosoen deritzon eran bizi behar du une magiko hori».

Erietxe publiko edo klinika pribatu batekin alderatuz, zein zerbitzu eskaintzen duzue zehazki?

JOSUNE IBARGOIEN: Osasun sistemak aspalditik mahaigaineratu dituen zerbitzuen alternatiba bat sortzea dugu xede nagusi. Haurdunaldia, erditzea eta ondorena nolakoak izan behar diren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, prozesu guztia era aske eta egoki batean aurrera eramateko, betiere arduraz eta jakituriaz jokaturik. Ezinbestekoa deritzogu amak eta bikotekideak erabakia hitzartzeari eta oso ziur egoteari.

CLARA ROSAS: Funtsean, beste alternatiba bat eskaintzen dugu, erietxera jo nahi ez dutenek etxean erditzeko aukera izan dezaten.

Noiz eta nola ekin zenioten etxeko erditzeen bidea jorratzeari?

J. I.: Erizaintza ikasi ondoren, Ingalaterrara joan nintzen emagintzan sakontzera. Erditzeak etxean egiteko ohitura handia dago han, eta trebatzeko parada izan nuen; asko gustatu zitzaidan. Lan egiteko prozesu desberdinak ez ezik, erditzean sortzen zen goxotasun eta giro intimoekere txunditu ninduten: musika lasaiak, argi baxuak, eta, batik bat, amaren gorputza entzuteak... Harrituta geratu nintzen. Orduan argi ikusi nuen hori zela nire etorkizuna, mundu horren parte izan nahi nuela. Ingalaterratik bueltatzean, uko egin nion ospitalean aritzeari, ez bainator bat erietxeetako lan filosofiarekin. Pixka bat ikertzen hasita, Clararekin egin nuen topo.

C. R.: Segituan ohartu ginen erditzeak ulertzeko antzeko ikuspuntua genuela. Eta primeran moldatzen ginela jabetuta, Magale eratzea otu zitzaigun joan den abenduan. Baina ez soilik gure nahiagatik; gaur egun gizartean dagoen premia baten erantzuna ere bada proiektua. Gipuzkoan, orain, ez dago etxeko erditzeak eskaintzen dituen beste talde profesionalik.

Eskaera baten ondorio dela diozue. Zer-nolakoa izaten ari da, oro har, herritarren erantzuna?

C. R.: Ezin hobea; ezin gara kexatu. Enpresa egitura hartu aurretik ere askok eta askok deitzen ziguten, laguntza eske. Gero eta behar handiagoa dagoela ikusten dugu.

J. I.: Ezbairik gabe, erditzeko lekurik onena emakumea eroso sentitzen den tokia da. Badira ospitalean ederto sentitzen diren andreak. Etxean erditzea nahiago dutenak ere badira, dena den. Gurasoek informazioa jasotzea eta baliabide aski eskuratzea nahitaezkotzat dugu, erabakitzeko ahalmena izan dezaten. Ez dugu aukerarik gutxiesten; guztiak dira zilegi.

C. R.: Ezjakintasun dezente dago, eta horrek beldurra dakar. Hauta dezakeela jakin behar du jendeak.

Zer eskertzen dute gehien?

J. I.: Sekulakoak dira norbere etxean erditzearen onurak: berotasuna, goxotasuna, lasaitasuna... Erditzea ongi irten dadin, oxitozina beharrezkoa da. Adrenalina baxuaz eta lasai denean sortzen du gorputzak oxitozina. Erditzeari bere bidea egiten utzi behar zaio.

C. R.: Prozesu fisiologiko bat da; gorputza prest dago horretarako. Etxean erditzeak indar handia du: zure etxea da, zure janaria eta zure dutxa dituzu, zure ohean zaude erditu eta gero, nahierara mugi zaitezke, edonor egon daiteke inguruan... Askatasuna erabatekoa da. Erietxeetan, aldiz, ugariak dira mugak: emagina, adibidez, ez duzu ezagutzen. Etxean erdituz gero, halere, konfiantza arazorik ez dago, hartu-eman estua lortzen baita gurasoekin bizpahiru hilabete pasatuta.

Zer dela-eta uste duzue oraindik emakume gehienek erietxearen aldeko hautua egiten dutela?

J. I.: Ohituragatik, batez ere.

C. R.: Bai, eta herritar askok eta askok ez dakitelako badaudela beste aukera batzuk erditzeko, umea nahi duzun inguruan edukitzeko.

Traumatikoak izan daitezkeen behargabeko medikalizazioak badira. Badago kontzientzia?

J. I.: Emakume gehienek anestesia epiduralarekin erditu nahi dute. Horregatik jotzen dute maiz erietxera. Ez dute minik pairatu nahi.

C. R.: Egungo gizartean, minak ez tokirik; txoko ñimiñorik ere ez. Jendarteak ez daki mina jasaten; ez da gai. Beti adiera bera ematen zaio: gauza txarrekin lotu ohi da. Guk, ordea, modu desberdinean ulertzen dugu mina: zerbait natural da, gorputza prest dago horri aurre egiteko. Ez da sufrimendua.

Handia da sufritzeko beldurra?

C. R.: Erditzean pairatu beharreko mina ez da gaixotasun batek sor dezakeenaren parekoa; ezin daiteke alderatu. Arrazoi jakin bat du atzean: haurra bide bat egiten ari delako sentitzen duzu min hori. Gogorra da, baina eramangarria.

J. I.: Gai soziala da. Ingalaterran, esaterako, ez da hainbestetan jartzen anestesia epidurala, amaren eta umearen arteko lotura galtzea dakarrelako. Etxeko erditzeetan, amek ez dute epidurala hartzen. Nolanahi ere, erietxean baino arinagoa da mina etxean; ospitalean bezain gordin ez dute nabaritzen, behintzat. Baliabide desberdinekin, mina desberdin sentitzen da. Aurreiritziak aurreiritzi, ez dutela hain oker pasatzen esaten digute.

Nolako eragina dauka amaren eta erditzean harekin diren profesionalen arteko harremanak?

J. I.: Erditze prozesuak modu egokian aurrera jarrai dezan, premia handikoa da arreta eta sostengu profesional bat alboan edukitzea. Horrek segurtasuna ematen die, andreek erditzeko duten berezko gaitasunari muzin egin gabe. Zerbitzua familia guztiarentzat da: bikotekide nahiz seme-alaben parte hartzea inportantea da.

Zer esango zeniokete etxean erditzeaz erabat fio ez den bati?

C. R.: Irakur dezala eta ondo informatu dadila ezer erabaki aurretik. Ikerketa ugarik diote etxean erditzea ospitalean erditzea bezain segurua dela arrisku gutxiko erditzeetan; bikiak ez direnean edota haurra buruz behera dagoenean.

Haur franko munduratu dituzue. Etorrera bakoitza berezia al da?

J. I.: Erditze prozesu bakoitzak bere bitxikeriak dauzka. Gure lana berezitasun horiek errespetatzea da, ahalik eta esperientzia pozgarriena eta politena izateko asmoz. Erditze bakoitza lehenengoa balitz bezala sentitzen dugu; hunkitu, eta negar egiten dugu askotan.

C. R.: Mundua aldatzeko erditzeko era aldatu behar dela zioen ginekologo batek. Bat gatoz: umeak hasieratik errespetatu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.