Egungo gazteek ere badituztelako kezkak

Euskal gizarteak gazteen inguruan duen irudia ez dela erreala erakutsi du IPESen 'Eta gazteok zer?' ikerlanak

IPESek urtero eskaintzen duen bekaren barruko ikerlanaren aurkezpena, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Leioa
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«Ekaitz 24 urteko gazte bat da. Iaz unibertsitate ikasketak burutu zituen, eta egun langabezian dago. Gurasoekin bizi da. Eguerdian ohetik jaiki, eta amak prestatutako bazkaria jaten du. Ondoren, ordenagailua piztu, eta orduak ematen ditu Twitter, Facebook eta bestelako sare sozialetan». Horixe da euskal gizarteak gazteen inguruan duen irudia, baina ez dator bat errealitatearekin, Oier Azkarragak eta Koldo Diazek atzo EHUren Leioako campusean (Bizkaia) azaldu zutenez. Eta gazteok zer? izeneko azterlanean parte hartu dute biek, IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak urtero eskaintzen duen Julio Araluze bekaren barruan. Testuak azaleratzen duenez, egun ere badira gizarte mugimenduetan aktiboki parte hartzen duten gazteak.

Euskal Herriko hainbat gazteri eginiko elkarrizketa luzeetan oinarritu dute ikerlana. Ondorio nagusiekin txosten bat osatzeaz gain, bideo bat ere sortu dute; bertan, elkarrizketatutako gazteen testigantzetan islatzen da haiek ere badituztela kezkak. Ikus-entzunezko horretan hitz egin duenetako bat Bilgune Feministako kidea da: «Horrelako proiektu batean parte hartzeko beharrizana nuen, eta horregatik sartu nintzen».

Zenbait herritako gazte asanbladetako kideak ere mintzatu dira bideoan. Euren aburuz, gazte mugimenduetan jende askok parte hartzen badu ere, zerbait egin behar denean ekimena hartzen dutenak «beti pertsona berberak» dira. Beste gazte batek, berriz, mendia atsegin duela eta bere aisialdi denbora Euskal Herriko tontorrak ezagutuz igarotzen duela nabarmendu du: «Basoak askatasuna ematen dit, dauzkadan arazo guztiek, momentu batez bada ere, ihes egiten dute».

Txostenean azaldu dutenez, Euskal Herrian bizi diren gazteen argazkia egiterako orduan kontuan izan behar den lehen zutabea enplegua da. Eta lanari buruz hitz egitean parez pare aurkitzen den elementua, berriz, «prekarietatea». Gazte gehienek hirugarren sektorean lan egiten dute; «baldintzetan gorabehera gehien duenean». Helduen artean gertatzen den bezala, emakume gazteek trebakuntza altuagoa badute ere, lan baldintza «okerragoak» dituzte: kontratu mugatu gehiago eta soldata baxuagoak, besteak beste.

Lana gazteriaren zutabeetako bat bada ere, horri hertsiki lotuta dagoen beste esparru bat hezkuntza dela esan dute ikerketaren egileek. «Emaitzetan ageri den bezala, hamar gaztetik bederatzik bigarren hezkuntzako titulua dute», esan du Diezek. Horrez gain, krisi garai honetan gazte askok euren ikasketak luzatzeko erabakia hartu dutela ere nabari da; batez ere, emakumeen artean.

Era berean, azkenaldian unibertsitate munduan ageri diren aldaketak «hezkuntzaren merkantilizazioaren» isla direla salatu dute. Ikerlanak Bolognako prozesua jarri du horren adibide: «Etorkizuneko langileen kualifikazioa jaitsiko du, eta eskulan merke eta malgua bideratuko».

Emantzipazioa arazo

Euskal Herriko gazteek bizi autonomoa lortzeko dituzten zailtasunak ere jaso dituzte txostenean. Emantzipazioa adinean atzeratuz doala, besteak beste. Datuek argi erakusten dute gaur egungo gazteek duten egoera nolakoa den: 25-29 urte bitarteko gazteen %80 gurasoen etxean bizi dira. Batzuk nahita geratzen dira bertan, baina badira gurasoen etxetik alde egiteko borondatea izan eta ezin duten gazteak ere. Zioa argia da: «Oso zaila» zaie lan eta diru iturri egonkorrak eta etxebizitza lortzea.

Horrez gain, nabarmendu beharreko beste datu bat da euskal gizartean gertatzen ari den «zahartze progresiboa». Ikertzaileek diotenez, populazioak gora egiten badu ere, gero eta gazte gutxiago daude. Izan ere, jaiotza tasak behera jarraitzen du, eta lan eta arrazoi ekonomikoak tarteko, guraso izateko adina ere atzeratu egin da.

Aisialdiak ere garrantzi handia du gazteentzat. «Denbora libreari berebiziko garrantzia ematen diote ikasleek; lanaren eta aisiaren arteko oreka bilatzen ahaleginduko dira». Ikerketan adierazten denez, teknologiak ekarritako berritasunean antolatzen dute gazteek euren denbora librea.

Aisialdi aukeren artean arrakastatsuenak sare sozialak eta telebista dira. Sare sozialen kasuan, norberak bere profila sortzen du, eta «sareko lagunekin» harremanetan jartzen da. Telebistak, berriz, ordenagailuekin ematea zailagoa den bakardadea dakar. Emaitzetan ageri denez, Euskal Herriko etxe guztietan gutxienez telebista bat dago. Halaber, hiru gaztetik bik ordenagailua daukate, askok eramangarria, gainera.

Teknologia berriez gain, gazteek festa lotzen dute aisialdiarekin. Hala ere, txostenean azaldutakoaren arabera, jai giroa hainbat modutan azal daiteke: batzuek dantzalekuetan igarotzen dute gaua; beste batzuek, berriz, Euskal Herrian tradizio handia duen tabernaz tabernako poteoa atsegin dute.

Jaiak aipatzean ezin dira drogak alde batera utzi. Txosteneko datuei erreparatuz gero, gazteen %70ek alkohola hartzen dute. Gehien kontsumitutako gaien artean bigarrena marihuana da, %28k hartzen baitute; ondoren datoz tabakoa (%25), kokaina (%9) eta anfetaminak (%7). Heroina da gazteek gutxien aipatzen duten droga.

Azkarragak eta Diezek ondorioztatu dutenez, kontsumoa normalizazioari eta onarpenari lotuta dago erabat: «Droga zenbat eta normalagoa izan, orduan eta kontsumo handiagoa izango du». Normaltasun hori azaltzeko bi elementu hartu behar direla kontuan erantsi dute ikertzaileek: batetik, droga horien ikusgaitasun handiagoa; bestetik, eskuragarritasun errazagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.