Bonba bat zen, bai, martxoaren 18ko zenbakia. Ez Batasunaren legez kanporatzearen eta Irakeko gerra hotsen berri eman zuelako bakarrik. Azal hartan, bi albiste nagusien azpian, beste bi zetozen: Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi lore sorta banarekin ageri dira argazkian, ongietorria egin baikenien Martin Ugalde Parkean, bezperan atera zirelako kartzelatik. Preso ohien argazkiaren ondoan zetorren artean preso zegoenari buruzko albistea: Pello Zubiria presoa bermepean aske uztea erabaki zuela epaileak, eta libre ateratzekoa zela. Ia hilabete joan zen atxilotu zituztenetik.
Dena ez da azalean kabitzen. Barruko orrialdeetan, egun berean, Martxelo Otamendik eta Pello Zubiriaren emazte Malores Etxeberriak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiari buruzko testua eta hiru argazki zetozen. Lehen argazkian, Egunkaria-ko zuzendaria eserita dago, burua makurtua du eta bi eskuak atzean lotuta bezala jarriak, legebiltzarkideen eta Etxeberriaren begiradapean. Galdeketan guardia zibilek zer jarreratan edukiarazi zuten kontatzen ari da. Bigarren argazkian, zutik dago eta bi besoak gora jasota. Flexioak eginarazi zizkiotela azaltzen ari da. Hirugarrenean, berriro eserita, lehen planoan ageri da Otamendi, bi atzamar erakusleak begien parean dituela. Begiak galtzerdi moduko batekin estali zizkiotela kontatzen ari da, torturatzaileak ikus ez zitzan torturatzen zuten bitartean.
Erosi hemen:'Egunero behar genuen'
Egunero erreferentzia izan zen, ezin zuen bestela izan, Egunkaria-ren itxierari eta itxieraren ondorioei buruzko informazioan. Lehen egunetako zenbakiek gainezka egiten dute: atxiloketak, ebazpen judizialak, erreakzioak, mobilizazioak... Gertatzen ari zena ez zen kabitzen hamasei orrialdetan.
Martxelo Otamendi Eusko Legebiltzarrera eta beste hamaika lekutara nola torturatu zuten kontatzera eraman zuen istorioa Egunero-ren 5. zenbakian hasi zen, otsailaren 26koan. «Torturatu egin dituzte», zioen azalak. Titularrak ez zioen torturak salatu zituztela, tortura salaketen kasuetan Egunkaria-k egin ohi zuen moduan, torturatu egin zituztela baizik. Kazetaria bera baitzen torturatua, iturria bera. Guztiz konfirmatua.
Luze joan zen arratsalde euritsu hura Soto del Real espetxeko atariko aparkalekuan, bermepean aske uztekoak ziren laurak noiz askatuko zain: Martxelo Otamendi, Inma Gomila eta Luis Goya astearte arratsalde hartan kaleratzekoak ziren, bermea ordaindua baitzuten, eta Fermin Lazkano hurrengo goizean, bermea ordaindu ondoren.
Astelehenean goizaldeko hiruretan abiatu ginen bi autobusetan Andoaindik, zuzenean Auzitegi Nazionalera jotzeko, atxilotuak egun hartan baitziren epailearen aurrean deklaratzekoak.
Atxilotuen senide, lagun eta lankideon artean, Egunero-rako kazetari lana egiteko enkarguarekin gindoazen gutxi batzuk. Eta, kazetari lana egin ahal izateko gure egunkaria itxi zuen auzitegi horretan berberean sartu behar genuenez, eta sartzen ere utziko ziguten ez genekienez, badaezpadako mozorroa generaman gutako bik: Deia egunkariaren akreditazioa nik, eta Gara egunkariarena Humberto Unzueta lankideak. Deia-rako testu labur bat ere idatzi eta sinatu behar izan nuen egun hartan, Bilboko egunkaritik hala eskatu zigutelako, akreditazioa egin izanaren truke, epaileak kontuak eskatuz gero haientzat benetan idatzi nuela erakutsi ahal izateko. Hemerotekan egongo da artikulutxo hura ere.
Deia-ren eta Gara-ren karnetak erakutsiz sartu ginen, beraz, Egunero-ko kazetariok Auzitegi Nazionaleko sarrera gelara, kazetari artean inori arretarik deitu gabe atxilotuei buruzko informazioa jasotzeko asmoarekin. Baina gutxi iraun zuen gezurrak, despistatuenak ere segituan igarri baitzigun, EITBko kazetariekin edota abokatuekin geneukan harreman moduarengatik ziurrenik, Egunkaria-tik gentozela, beheko sotoan inkomunikatuta zituztenen lagunak ginela. Baina ez zigun inork lanean jarraitzeko eragozpenik jarri. Eider Goenagak Auzitegi Nazionaleko atariko informazioa biltzeko ardura zuen, Egunkaria-ko agiria besterik ez zuenez Auzitegi Nazionalean nekez sartuko zela uste baikenuen. Baina proba egin zuen azkenean, eta arazorik gabe sartu zen hura ere, atariko poliziei Egunkaria-ko kazetari karneta erakutsita.
Lorea Agirrek azalduak ditu astelehen eta astearte gogoangarri haietako gorabehera sinesten zailak Gezurra ari du (2004) liburuko kontakizun bikainean: nola iritsi zitzaizkigun Pello Zubiriaren egoera larriaren berriak kazetarien filtrazioen bidez, nola egin genuen gaupasa lau kazetarik Auzitegi Nazional barruan atxilotuek noiz deklaratuko zain, nola iritsi zitzaigun fiskalaren eskaeraren filtrazioaren berri batzuk baldintzarik gabe barrura, besteak bermepean kalera, nola irakurri behar izan nien telefonoz espetxeratuko zituztenen eta aske aterako zirenen zerrenda, aurrena kanpoan zeuden senitartekoei, eta, ondoren, Tolosako erredakziokoei.
Soto del Realeko atariko itxaronaldiarena ere jasoa dago Agirreren liburuan. Azkenean, 21:15ak aldera zeharkatu zuten Martxelo, Inma eta Luisek Soto del Realeko atea. Hortxe-hortxe, Egunero-k berria jaso ahal izateko. PDFak errotatibara bidaltzeko epea gainditua jada, minutu gutxi batzuk gehiago hartzeko malgutasuna besterik ez genuen, lehen orriko titulua eguneratu eta barruko orrialdeetan lerro gutxi batzuk berritzeko doi-doi. Martxelorekin hitz egiteko astirik ez zegoen, orrialdeak lehenbailehen itxi behar zirelako, batetik, eta Martxelok telebistako albistegian zuzenean hitz egiteari lehentasuna eman geniolako, bestetik.
Baina Tolosako erredakzioko telebistak piztuta jarraitu zuen. Eta zuzendari kartzelatik irten berria, begiak gorri-gorri, euripean aterki baten babesean, gazteleraz «nos han tratado como ratas» esaten entzun zutenean, «gelditu makinak!» esateko momentua zela erabaki zuten, errotatibaren ordutegia errespetatzeko lege sakratua hausteko salbuespeneko egun horietako bat zela. Irun?eko errotatibara deitu, PDFak zakarrontzira botatzeko eskatu, eta hamar minutu gehiago erregutu zituzten, «Torturatu egin dituzte» izenburuak iragartzen zuen informazioari lerro hauek gehitzeko, barruko orrialdean:
«Eta Otamendik tortura jasan izana salatu zuen, Soto del Realetik irten orduko. Guardia zibilek bera torturatu zutela, eta poltsa bi aldiz egin ziotela esan zuen. Tratu txarrak ohikoak izan zirela. Xabier Alegriari ere poltsa egin ziotela, eta Joan Mari Torrealdai 'asko' jo zutela. Guardia Zibilaren 'erabateko inpunitatea' salatu zuen Martxelo Otamendik. 'Nahi dutena egiten dute, arratoiak bezala tratatu gaituzte'. Martin Ugalde hil zela ere esan zioten Otamendiri guardia zibilek, inkomunikatuta».