'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Murua Uriak

'Euskaldunon Egunkaria' itxi eta hurrengo egunean bertan kazeta hura kalean jartzea lortu zen, eta lau hilabete egin zituen kioskoetan

Martin Ugalde kultur parkean izan zen liburu aurkezpena, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
Andoain
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-n ari zen Imanol Murua Uria 2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak agerkariaren kontrako operazioa egin eta hura itxi zuenean. Liburu bat idatzi du orain Egunero kazetari buruz: Egunero behar genuen. Hain zuzen, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean bertan, kazeta hura kalean jartzea lortu zen: Egunkaria-ko langileek itxierari emandako erantzuna. Murua Uria ere lehen lerroan egon zen egunkari hori sortzeko prozesuan.

Ikusi gehiago:Liburu aurrerapena

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ari da egun Murua Uria, eta justu unibertsitatean bidea hasi zuenean egindako lan akademiko bat da liburuaren sorburua. Kazetaritza lan bat da orain; agerikoa da kazetariaren begirada kontatzeko eran. «Lehen pertsonan» idatzita daude hainbat pasarte. Gainerakoek, baina, Oskar Angulo, Andres Gostin, Joanmari Larrarte, Pilar Mendibil, Mikel Sorozabal, Igor Sota eta Manex Txopeitia lankideei egin zizkien elkarrizketak dituzte oinarri; guztiek ardura postuak zituzten orduan, eta denen ikuskerak josita osatu du Egunero-ri buruzko kontakizuna. Dokumentazio eta hemeroteka lana ere aski fina da liburuan.

«Katea ez etetea»

Aleka liburu bildumaren ale berria da liburua, BERRIAren, Jakin-en eta Elkarren arteko elkarlanaren emaitza. Martin Anso editorea izan zuen ondoan Murua Uriak atzo aurkezpenean; Irune Lasa BERRIAko kazetaria ere mintzatu zen, Egunero egiten jardun zuten lankideetako bat. Martin Ugalde kultur parkean izan zen aurkezpena, Andoainen (Gipuzkoa). Hantxe zuen erredakzioa Egunkaria-k, eta hantxe dago BERRIA ere. Bien tartekoa izan zen Egunero: lau hilabete egin zituen kioskoan.

Ikusi gehiago: Lau dokumental 'Egunkaria'-z

Imanol Murua Uriak gogoratu du «bidegabekeria izugarria» izan zela Egunkaria-ren itxiera. «Alde positibo bat» izan zuela gaineratu du: «Erantzuna». Erantzun horren parte izan zen Egunero: «Katea ez eteteari garrantzia eman genion». Nabarmendu du bidean ezinbestekoa izan zela itxieraren inguruan sortu zen «elkartasuna». Langileen «atxikimendua» ere funtsezkoa izan zen, «ziurgabetasun» egun haietan ere apustua egin baitzuten egitasmoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.