Javier Marco Juana. Familia medikua

«Egunean 7.000 urrats egin behar da gutxienez»

Getxoko osasun zentroetan egitasmo aitzindari bat da abian: botikak emateaz gain, osagileek errezetak ere egiten dizkiete pazienteei kirola egiteko gomendioekin. Ondo doala esan dute .

arantxa iraola
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
OOE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako biltzarra egin da egunotan —ostiralean hasi, atzo amaitu—, Gasteizen. 25. topaketa izan da, beren jarduna euskaraz egin nahi duten osasun arloko profesionalen lan egiteko gogoaren erakusgarri. Osasuna eta kirola goiburuaren inguruan ardaztu dituzte aurten hitzaldi eta aurkezpenak, eta hizlarien artean egon da Javier Marco Juana familia osagilea (Bilbo, 1973), Algortako osasun zentroko unitateburua (Getxo, Bizkaia). Kirol-errezeta Getxon deituriko hitzaldian, aurkeztu du, hain justu, Getxoko osasun zentroetan iaztik pazienteak kirola egitera animatzeko martxan duten proba egitasmoa; botikak erosteko errezetak bakarrik ez, kirola egiteko moduen berri ere ematen diete pazienteei. Osakidetzaren lan ildoen barruko «proiektutxo bat» dela azaldu du, baina etorkizuna goldatzen lagun dezakeela: «Horrelako proiektuak zabaldu egin behar dira, eta orokortu. Hemendik hamar bat urtera, segur aski, ohikoak izango dira halakoak».

Kirol errezetak egiten dituzue. Noiz? Nola? Eta norentzat?

Topatzen badugu egoneko bizimodua duen erabiltzaileren bat, eta ez badu bere burua gai ikusten bere kabuz kirol jarduerak sustatzeko, kirol errezeta egiten diogu orduan. Inprimatzen diogu ordenagailuan errezeta baten moduan kirola egiteko gomendioa, eta telononoz harremanetan jartzen da Getxo Kirolak-eko teknikari batekin elkarrizketa baterako, jarduera fisikoa sustatzeko plan pertsonalizatu bat egiteko.

Eta nola erabakitzen da zein den ariketa fisikorik egokiena pertsona bakoitzarentzat?

Hori teknikariei dagokie. Guk kirol errezeta inprimatu, eta hor zer onura espero dugun ipintzen dugu: adibidez, izan daiteke pisua galtzea, diabetesa edo hipertentsioa kontrolatzea, jarduera fisikorako gaitasuna ontzea, egoera psikologikoa hobetzea... Denetarikoak dira; pertsona bakoitzari onura jakin bat ekar diezaioke jarduera fisikoa egiteak.

Eta zer-nolako jarduerak aholkatzen dituzte normalean?

Kontuan hartzen da zein den pertsonaren egoera, zer zaletasun dituen, eta, halaber, bazkidea den Getxo Kirolak-en azpiegituretan. Ez bada bazkidea, kanpoko jarduerak proposatzen zaizkio: kanpoko gimnasioak, herrian zehar egiteko ibilaldiak, eta taldekako ibilaldiak ere bai. Getxo Kirolak-en bazkidetuta badaude, eskaintzen zaizkie horiek guztiak eta Getxo Kirolak-en instalazioetako guztiak.

2014ko uztailean hasi zineten. Zer moduz doa esperientzia?

Proba modura sortu zen, eta urtea betetzean ebaluazio sakon bat egingo dugu, gerorako zein joerari jarraitu ikusteko, eta protokoloa zelan hobetu. Hasieran, jendea nahiko harriturik gelditu zenherrian; orain arte, beste gauza batzuekin erlazionatu izan dituzte osasun arloko profesionalak: pilulak ematearekin, analisiekin, elikadura arloko aholkuak ematearekin, eta abar. Hau gauza nahiko bitxia izan zen, eta jendea harriturik gelditu zen. Baina badirudi jendearentzat nahiko indartsua dela horrelako gomendio bat osasun arloko profesional baten ahotik jasotzea, azpimarratzekoa. Horrek indarra dauka, eta nahiko nabarmena da hori.

Eta orain arteko datuen arabera, jendeak aintzakotzat hartzen al du zuek emandako aholkua?

Uztailetik hona, osasun teknikarien elkarrizketara 121 pertsona bidali ditugu; 106 joan dira Getxo Kirolak-en elkarrizketa egitera; 79k parte hartu dute jarraipen elkarrizketetan, eta jarraipena egiten ari direnen artean, 49k adierazi dute segitzen diotela planari oraingoz; hamabostek ez dute jarraitu, eta beste ia horrenbeste oraindik ez dira hasi, baina hasteko asmoa dute. Adin tarte ohikoena 50-60 urteren artekoa da. Printzipioz, jaso dugun iritzia ona da; bai erabiltzaileena, bai profesionalena.

Diagnostikoren bat duten pertsonentzat da proposamena, edo prebentzio neurri bat?

Normalean, gaixotasunik gabeko pertsonentzat erabiltzen ari gara, edo, gutxienez, gaixotasun kardiobaskularrik gabeko pertsonentzat. Eritasun kardiobaskular bat duten pazienteetan askoz ere zailagoa da antolatzen; behar duzu segurtasun handiagoa, prestakuntza handiagoa profesionalen artean... Egitasmo hau askoz ere xumeagoa eta txikiagoa da, eta proba moduan hasi gara, printzipioz, erabiltzaile konplexuak sartu gabe. Baina hori izango litzateke beste momentu baterako egitekoa. Biltzarrean [OOEren topaketa], esaterako, aurkeztu dira tankera horretako egitasmoak.

Kirol errezetaren aurrean uzkurren diren pertsonei zein ebidentzia mota aurkezten dizkiezue jarduera fisikoaren alde?

Literaturan badira ebidentziak; esaten diezu frogatuta dagoela kirola egitea ona dela, eta, normalean, kontuan hartzen dute. Eta, behin hasita, berehala igartzen dute euren osasun orokorra hobera doala; buruestimua, kirol kargari eusteko gaitasuna, bizi-kalitatea... Hain justu, ebidentziak daude erakusteko hainbat gaixotasunek hobera egiten dutela jarduera fisikoarekin: artrosia, minbizia, bihotzeko gaixotasunak, asma, bronkitis kronikoa...

Zein da gutxienekoa?

Gomendioa da egunean 7.000 urrats egitea gutxienez, edo astean hiru bider 30 minutuko jarduera fisikoa. Hori egiten ez duzun heinean, sedentarioa zara; txarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.