ETAren armagabetzea. Apirilaren 8ari begira

Egun historiko baten pausoak eta pausak

Goizean goizetik egingo dira bihar Baionan ETAren armagabetzerako agerraldiak eta beste ekinbideak. Norabide bereko urratsak dira, azken uneko xehetasunak fintzea falta bada ere.

Egun historiko baten pausoak eta pausak.
Enekoitz Esnaola eta Ekhi Erremundegi
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

1. Agerraldi instituzionala.



Goizean goiz, baina partaidetza zehazteke da

Bihar goizean goiz ETAren armagabetzeaz agerraldi instituzional bat izango da Baionan; publikoa, azken aldaketarik ezean. Tokiaren berri gaur emango dute antolatzaileek; haren izaera aintzat hartuta, litekeena da eraikin publiko batean izatea. Nazioarteko egiaztatzaileak, euskal instituzio nagusietako ordezkariak eta Luhusoko ekintzaileak dira parte hartzekoak. Asmoa da nazioartekoek eta instituzioek adierazpena irakurtzea, bakoitzak berea. Erakunde publikoen artetik, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria da parte hartzea baieztatu duen bakarra. Atzo gauean Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak publikoki argitu gabe zuten erabakia. Luhusokoek bertan egoteko eskaera egina diete.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean esan zuen EAEko gobernuko inor ez dela egongo Baionan 10:30etik aurrera izango diren ekitaldi publikoetan —bakearen artisauek asteartean bertan aurkeztu zuten egitaraua—. «Armagabetzeari dagokionez, Jaurlaritzaren egitekoa egun horretan 10:30ean bukatuko da», zioen, gobernu bileraren ondoren. «Ez dugu bestelako ekitaldirik egingo den berririk», gehitu zuen. Nafarroako Gobernuak ere azaldu du ez dela ekitaldi publikoetan izango. Espero da Hego Euskal Herriko bi gobernuak izatea biharko agerraldi instituzionalean, baina zalantzan dago nola: Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek ordezkatuta edo bozeramaileak edo beste gobernukideren bat bidalita.

Kontuan hartuta bihar Euskal Elkargoak 09:00etan hasiko duela bere batzarra, pentsa liteke agerraldi instituzionala hori baino lehenago izango dela.

2. Desarmatze operazioak.



Baionatik kanpo, eta falta den %85a biltzeko

ETAren armagabetzea «osoa, egiaztagarria eta egiaztatua» izango da. Hala jakinarazi zuten bakearen artisauek biharko eguneko egitarauaren xehetasunbatzuk emateko martxoaren 30ean bidalitako prentsa oharrean. Horren arabera, bihar bertan egingo dira «armagabetze operazioak, Baionatik kanpo», eta horietan parte hartuko dutenen segurtasun neurriak «bermatuak» egongo dira.

Eguneko egitarauari erreparatuz gero, pentsatzekoa da lehen orduetan izango direla operazio horiek eta goizeko agerraldi instituzionalaren aurretik egotea abian. Frantziako Estatuko autoritate ofizial batek jasoko du armategien kokapenaren berri, eta, ondotik, Poliziaren esku geratuko lirateke armak eta lehergaiak.

ETAren armategiaren %85 dago biltzeko, beti ere pasa den abenduaren 16an Luhuson (Lapurdi) eginiko armagabetze operazioaren ostean horretaz arduratu zirenen idatzitik ondoriozta daitekeenez. ETAren «desarmatzearen abiatzea» erabaki zutela zioten, eta «lehen arma erreserba baten suntsitzea» zutela helburua; «ETAk zigilupean jarri armamentuaren %15, guti-gorabehera».

Biharko operazioan parte hartuko duten lagunek ez dituzte armak suntsituko, ezta ukituko ere, eta, ustez, ordurako armak ez dira etxeetan egongo, Luhuson bezala. «Frantziako Gobernuak ez du baldintzarik jartzen. Erraten duen bakarra da, gaur egun ez dagokiela norbanakoei armak tokialdatzea», esan zion BERRIAri Frederique Espagnac PSko senatariak, martxoaren 23an. Haren arabera, gizarte zibileko inork prokuradoreari armak non diren errango balio, herritar gisa duen «betebeharra» beteko luke.

3. Euskal Elkargoa.



09:00etan batzarra, Baionako Unibertsitatean

Euskal Elkargoak batzarra egingo du bihar, 09:00etatik aurrera, Baionako Unibertsitateko 400 anfiteatroan. Atzo zabaldutako oharrean zioenez, 50 erabaki dituzte hartzeko, aurrekontua barne, eta, gai zerrendan ageri ez bada ere, baliteke ETAren armagabetzea ere izatea hizpide. Izan ere, batzarra hasi baino pixka bat lehenago Euskal Elkargokolehendakari Jean Rene Etxegarai desarmatzeari buruzko agerraldi instituzionalean izango da. Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen armagabetzearen aldeko legez besteko proposamena, etaNafarroako Parlamentuak, martxoaren 27an adierazpen bat. Oso antzekoakdira Hego Euskal Herriko bi parlamentuen idatzien edukiak.

Eusko Legebiltzarrean PPk ez du babestu idatzia, eta Nafarroako Parlamentuan, UPNk eta PPk. Ipar Euskal Herrian ETAren desarmatzearen auziak eskuin estatalaren babesa ere badu, Fronte Nazionalarena salbu. Baina sostengu hori ez da ikusi azkeneko hilabeteetan bakarrik. 2011ko Aieteko konferentziaren ondoren bakerako espazioak sortzen hasi ziren, eta mugarritzat daukate Baionako Adierazpena; 2014ko urrian sinatu zuten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek. 2015eko ekainean Parisko konferentzia izan zen, eta iazko abenduan, Luhusoko operazioaren ondotik, prozesua azkartu egin zen. Aurtengo urtarriletik da martxan Euskal Elkargoa, eta hango lehendakari Etxegaraik adarretatik heldu dio armagabetzearen gaiari. Biharkoa egun «historikotzat» jo dute bakearen artisauek; Etxegaraik ere lehen lerroan egotea erabaki du.

4. Dokumentala.



Luhusokoa lehen aldiz zineman, Atalanten

Zineman bihar emango dute lehen aldiz Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentala (La Paix Maintenant, une exigence populaire). Sarean martxoaren 17an jarri zuten, eta bost mila ikustaldi pasa izan ditu orain arte. Thomas Lacoste da zuzendaria. Luhusoko operazioa du oinarri, eta bake prozesuari buruz ere mintzo dira Raymond Kendall, Pierre Joxe, Jean Rene Etxegarai, Luhusoko ekintzaileak, Anita Lopepe...10:30ean hasiko da —23 minutuko iraupena du—, Atalante zineman. Ondoren, eztabaida saio bat izango da. 14:30ean berriro emango dute, Paul Bert plazan.

5. Eztabaida.



Presoak, justizia eta elkarbizitza, Barthesen

Eguerdiko hamabietatik aurrera, Roland Barthes zelaigunean —Xaho kaia gisa ere ezagutzen da—, eztabaida saio bat egingo dute Joseba Azkarragak (Sare plataformaren eleduna eta Jaurlaritzako Justizia sailburu ohia), Aitzpea Leizaolak (antropologoa eta Foro Sozial Iraunkorreko kidea) eta Philippe Texierrek (epaile ohia eta NBEko aditua), Bake Bideak antolatuta. Solasaldirako iragarri dituzten gaiak dira euskal presoak eta iheslariak, justizia eta elkarbizitza. Karpa handi bat jarri dute —argazkia atzokoa da, zelaigunean karpa jarria zela jadanik—.

6. Elkarretaratzea.



Bert plazan bilkura plurala, «errespetuan»

Bihar 15:00etan egingo da bakearen artisauek aurkeztutako egitarauko ekitaldi publiko nagusia: elkarretaratzea, Paul Bert plazan, Baiona Ttipian —San Andres plaza modura ere ezagutzen da—. Ahal den aniztasun sozio-politiko handiena lortzen saiatu dira antolatzaileek, eta bilkura «duina» izatea ere nahi dute. Ukatu egin dute ospakizun edo festa bat izango dela, eta hitz eman dute «gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan» garatuko dela. Argazkian, atzo oholtza jartzen.

7. Adierazpenak.



Euskal Museoa, eragileen ikuspuntuen gunea

Komunikabideek biharko eguna jarraitzeko Eusko Ikaskuntzaren egoitzan izango dute lanerako areto orokor, baina alderdi politikoek eta bestelako eragileek Euskal Museoan egingo dituzte euren agerraldiak, elkarrizketak eta bestelakoak, Baionako parte zaharrean. Egitarauaren antolatzaileek lantalde bat izango dute hori guztia kudeatu ahal izateko. Atzo zabaldu zuten hedabideak kreditatzeko aukera. Mundu osotik espero dira hedabideak. Atzo, behintzat, kazetari ugari zen Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.