Bakea eta elkarbizitza. Lantaldeak

Egun bateko lorea

EAEko PPk atzera bota du bizikidetzarako ekinbidea, Espainiako PPk kargu hartu ostean.EH Bilduk eta EAJk eskua luzatu dute baketzean ados jartzeko

Borja Senper, Nerea Llanos, Arantza Quiroga eta Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JOSE RAMON GOMEZ / EFE.
edurne begiristain
Gasteiz
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Genovatik zuzentzeko eskatu eta berehala egin du atzera Arantza Quirogaren alderdiak. Askatasunerako eta bizikidetzarako lantalde bat sortzeko proposamena erretiratu egin du EAEko PPk, hura aurkeztu eta 24 ordura. Apenas iraun duen egun bat legebiltzarrean. Madrilgo PPtik egindako presioei amore eman, eta bertan behera utzi behar izan du ekinbidea Quirogak. Jendaurrean emandako azalpenetan, ordea, EH Bildu egin du erabakiaren erantzule bakar: «Gehien axola didana da EH Bilduk bere garaipen gisa planteatzea».

Goizean goiz iritsi zaio abisua Madrildik EAEko PPri, Alfonso Alonso Espainiako Osasun ministro eta Arabako PPren presidentearen ahotik. Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako proposamenean ETAren «gaitzespen argia» ez eskatzeagatik hartu dio kargu Alonsok. Osasun ministroakCope irratian ohartarazi du EH Bildu «ETAren defendatzailea» dela eta «terrorismoa gaitzestea» exijitu behar zaiola. Hala, Quirogaren alderdiari mezu bat bidali dio: «Nahasmendua eragin dezakegu gure jarrera ez bada betikoa. PPren zuzendaritzaren jarrera da ETAren indarkeriaren gaitzespena exijitzea».

Alonsok ez ezik, AVT biktimen elkarteak ere estu hartu du Quiroga, eta kritika zorrotzak egin dizkio. Alderdiaren proposamena arbuiatu eta atzera egin dezala eskatu dio, eta jarrera zuzendu ezean kargutik kentzea galdegin dio Espainiako PPren zuzendaritzari.

Kritika horiek denak entzun aurretik mintzatu da Quiroga Onda Cero irratian, eta lantaldearen izaera «desitxuratu» dela salatu du, baina ez du EH Bildu erruduntzat jo. Areago, indarkeriaren gaitzespena eta deslegitimazioa gauza bera direla esan du, eta alderdi guztiei dei egin die «ETAren historia zer izan den berrikusteko lan zintzoa» egin dezaten.

Mezu hori goitik behera aldatu du, ordea, handik ordu gutxira. Espainiako PPk ezeztatu eta berehala deitu du Quirogak premiazko agerraldia Eusko Legebiltzarrean. Borja Senper, Nerea Llanos eta Anton Danboreneak lagunduta eman du prentsaurrekoa. Proposamena atzera botatzeko erabakia jakinarazi aurretik, EAEko PPk indarkeriaren aurka duen «ibilbidea» goraipatu, eta baketzean «abiapuntu berri» bat ezartzea beharrezkoa dela azaldu du Quirogak. Haatik, mozioaren izaera «maneiatu» eta «alderdikeriaz» erabili dela ikusita, atzera botatzeko erabakia hartu duela jakinarazi du: «Ez da eztabaidatzeko garaia». Egoeraren erantzule EH Bildu egin du, behin eta berriz. Salatu du koalizioak «bere garaipen gisa» hartu duela proposamena, eta PPrentzat hori «oso mingarria» dela eta ezin duela onartu. «Proposamen honen izaera noblea da. EH Bilduk egindako erabilera alderdikoia, garaipen gisa hartzea, injustua da». Koalizioko legebiltzarkide Julen Arzuagak herenegun egindako agerraldian, baina, ez zuen esan PPren proposamena EH Bilduren garaipena zela, eta kazetariek Quirogari hori gogoratu diotenean, kosta egin zaio erantzun sinesgarria ematea: «Mezu hori horrela helarazi da...Baina ez da garaia eztabaida honetarako».

Aurkeztutako mozioaren edukia ez du zalantzan jarri EAEko PPren presidenteak. Areago, behar izanez gero berriro aurkeztuko lukeela azpimarratu du, «hori delako bidea». Baina hura «manipulatu» izanak batu baino «banandu» egiten duela eta «gatazkaren teoria» elikatu baino ez duela egiten uste du. Gertatutakoak erakusten du, haren esanetan, gizartea ez dagoela «prestatuta» pauso horiek emateko eta garai egokia iritsi arte lanean jarraitu behar dela. «Mozio honen espiritua iritsiko da. Modu egokian, bere unea izango du».

Testuan erabilitako hitzekin sortutako polemikan ere ez du sakondu nahi izan Quirogak, «berdin-berdina delako terrorismoa deslegitimatzea, terrorismoa gaitzestea eta indarkeria arbuiatzea». Hala, PPren zuzendaritzaren presioa jaso duenik ukatu du. Esan du alderdiak «entzun eta ulertu» egin duela EAEko PPren proposamena eta eskertzekoa dela harekiko erakutsi duen «sentsibilitatea».Jakinarazi du mozioaren edukia ez zuela Genovarekin kontsultatu, baina normaltasunaren barruan kokatu du hori, alderdiak horrela jokatzen duelako «beti» eta «sekula ez» diolako baimenik eskatu behar izan mozio bat aurkezteko.

Proposamena erretiratu ostean, baina, Rafael Hernando PPk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen eledunak babesa eskaini dio Quirogari, eta hark egindako «zuzenketak eta ñabardurak» txalotu ditu.

EH Bildu, eskua zabalik

EAEko PPren erabakiak erreakzio soka luzea ekarri du. EH Bildukoeledun Hasier Arraizek agerraldia egin du Donostian, eta balioa eman die Quirogak egindako urratsei. Jarrera «zintzoa» ikusi du Arraizek EAEko PPk egindako ekinbidean: «Horren zintzoa, non atzera eginarazi baitiete». Arraizi «oso larria» iruditu zaio Espainiako Gobernuak eta Espainiako PPk EAEkoa «ezeztatu» izana, eta zer pentsatua eman dio «mugimendu txiki» batekin halako «lurrikara» eragiteak: «Horrek erakusten digu Espainiak ez duela bakerik nahi; guk bai. Eta ikusten dugu egindako urratsak uzten duela su geldo bat, berriro bakearen sua pizteko».Haren ustez, orain arte PPk «lubaki hitzak» erabili ditu, eta «zubi hitzak» erabiltzeari ekin dio orain, eta hori «positiboa» da. Hori esanda, EH Bilduren eskua oraindik ere «zabalik» dagoela nabarmendu du Arraizek, «alderdi guztien artean, EAEko PP barne, bakea eraikitzeko».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, berriz, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua egin du erantzule: «Rajoyk eten egin du, berriz ere, bakea eta bizikidetza eraikitzeko aurrerabiderako benetako aukera bat». Iturratek animatu egin du EAEko PP proposamenak egiten jarrai dezan, eta indar politiko guztiei dei egin die alde batera utz ditzaten alderdi interesak eta akordioak lortzen saia daitezen.

Eusko Jaurlaritzak ildo beretik jo du. Josu Erkoreka eledunaren ustez, «atzerapausoa» da EAEko PPk mozioa atzera bota izana. «Elkarrizketari atea ixtea» da Quirogaren erabakia, Erkorekaren esanetan: «Gaur atzo baino okerrago gaude, zabaltzekotan ziren ate batzuk orain itxi egin direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.